17. Donostia antzerki saria, "Francoren bilobari gutuna" lanarentzat

2017/03/20

Artedrama, Dejabu Papin Laborategia eta Le Petit Théâtre de Pain konpainiek sortutako Francoren bilobari gutuna antzezlanak  17. Donostia antzerki saria eskuratu du. Joan den urtean Donostian estreinatuak izan ziren euskarazko 17 antzerki lanen artean aukeratu du epaimahaiak. Ikusgarriak bere ibilbidea jarraitzen du, hala nola ipar Euskal Herrian.

17. Donostia antzerki saria, "Francoren bilobari gutuna" lanarentzat

Taula zuzendaria Ximun Fuchs da eta Ander Lipus, Patricia Urrutia, Manex Fuchs, Zoila Berastegi, Urko Redondo, Erika Olaizola eta Pako Revueltas dira antzezleak. Unai Iturriagak eta Igor Elorzak idatzi testu batean oinarritu obra hau iazko urriaren 31n estreinatu zuten, Luhuson.

Aurreko urtean Donostian estreinatutako euskarazko 17 antzerki lanen artean aukeratu du epaimahaiak. Epaimahaia Eriz Alberdik (AISGE), Javier Arbillagak (publikoaren ordezkaria), Maitane Goldarazenak (publikoaren ordezkaria), Amagoia Lauzirikak (Euskal Aktoreen Batasuna), Ritxi Lizartzak (itzultzailea), Beñat Sarasolak (EHAZE), Frank Suarezek (EKE) eta Jaime Valverdek (antzerki kritikaria) osatu dute.  

Artedrama, Dejabu Papin Laborategia eta Le Petit Théâtre de Pain konpainiek Donostiako Saria martxoaren 27an jasoko dute Viktoria Eugenia antzokian eta han bertan Francoren bilobari gutuna emanaldi bat eskainiko dute.

Iaz, Ados Teatro taldeak lortu zuen, 2015ean, Dejabu Panpin Laborategiak eta 2014an, Tartean Teatroak. 2011n jadanik, Artedramak, Dejabu Panpin Laboraregiak eta Le Théâtre de Painek saria irabazi zuten Errautsak antzezlanarekin.

Euskal Kultur Erakundeak Le Petit Théâtre de Pain sustengatzen du urteetan, eta iaz ere Francoren bilobari gutuna sorkuntza lagundu du. Halaber,  Iparraldean zehar aurkeztutako emanaldiak lagundu ditu, hau da Luhuson, Larresoron eta Donibane Garazin emanak izan direnak. Ondoko hitzordua Biarritzen finkatua da, heldu den martxoaren 24ean. Ondotik, antzezlana Hendaian ikusten ahalko da martxoaren 31n eta Maulen apirilaren 1ean.

Xehetasunak

Harpidetu doan gure buletinera

Euskal kultur erakundearen berripapera (Hilabetean behin)