Hemen zaude: Hasiera Albisteak "Chez les Basques #2" gaualdia

"Chez les Basques #2" gaualdia

2017/03/20

2017ko martxoaren 24an, "Chez les Basques #2" izeneko gaualdia iraganen da Baionako l'Atalante zinegelan. 2015ean ipar Euskal Herriko herri desberdinetan antolatu Euskal Herriari buruzko dokumental zikloaren haritik, Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaile batzuek berriki aurkitu hiru film berri aukeztuak izanen dira bertan. Euskal kultur erakundea partaide da. 

Hona gaualdian aurkeztuak izanen diren filmak :

  • EUSKADI - René Le Henaff-en film bat - 1936, Frantzia, 22’. Ekoizpena : Pathé Cinéma

1935ean, Louis Lumierek bere azken asmakizun handia aurkeztu zuen: "Cinema en rélief" edo erliebedun filmak sortzeko teknika. Zinematografoaren aita ordea, bere garaia baino aurreratuago zegoen, eta asmakuntza berriak ez zuen arrakastarik ukan. 3 D zinema esperimentu bitxi gisa geratu zen, sasoi hobeen esperoan. Lumiereren sistemarekin ekoitzitako film urrietako bat, gure lurretan filmatu zen. Erliebearen potentzialitatea esplotatzeko, Ipar Euskal Herriko paisaia eta kultura egokiak zirelakoan sortu zen EUSKADI dokumentala, René Le Henaff zinegile gazteak zuzendua, 1936an. 80 urtez kaxoi batean ahantzia egon ondotik, lehen aldiz ikusgai izanen da Euskal Herrian.

Euskal Herriko Unibertsitatean ikerlaria eta filmaren egilearen den Josu Martinezek aurkezturik.

  • BASKER - Dan Grenholm, Lennart Olson, 1963, Suedia, JBAF, 24’
  • BONDE I BASKERLAND, Dan Grenholm, Lennart Olson, 1963, Suedia, JBAF, 17’

1963ko urtarrilean eta otsailean, Dan Grenholmek eta Lennart Olsonek Euskal Herria bisitatu zuten eta bi film labur dokumental etnografiko filmatu zituzten euskal kulturaz eta folkloreaz telebista publiko suediarrarentzat. 1960ko hamarkadako euskal kulturaren, folklorearen eta landatar bizimodu tradizionalen elementuak erakusten dizkigute modu zintzo eta zuzenean musika eta dantza tradizionalean interes-puntu bat erakutsiz : Iturengo eta Zubietako inauteria, kalejira eta aurresku-txapelketa Abadiñoko probalekuan, Zumarragako trikitrixa, bertsolariak Berrizko tabernan, arrantzaleak kantuan Ondarroako tabernan, Leon Bilbaoren alboka.... Elementu horietako batzuk aski ezagunak dira gaur egun; beste batzuk, aldiz, desagertu egin dira, gure kulturak azken hamarkadetan bizitako aldaketa arin eta sakonak agerian utziz.

Argibel Euba Ugarte Euskal Herriko Unibertsitateko ikerlariari esker errekuperatu ahal izan dira bi dokumentuak. Berak ditu aurkeztuko.

Xehetasunak

  • L'Atalante : 05 59 55 76 63
  • Euskal kultur erankudea : 05 59 93 25 25