"Lehen mundu gerra eta Euskal Herria" gaiaren inguruko mintzaldia Donibane Lohizunen

2014/10/27

Donibane Lohizuneko Herriko Etxeko kultura zerbitzuak eta Euskal kultur erakundeak gomitaturik, azaroaren 7an, Eneko Bidegain idazlea, kazetaria eta Mondragoneko Unibertsitateko kazetaritza erakasleak Lehen mundu gerra eta Euskal Herria (Elkar, 2014) bere liburu berriaren inguruko mintzaldia eskainiko du Donibane Lohizuneko Herriko Etxean. Hitzordua 18:00etan finkatua da, Herriko Kontseiluaren gelan.

"Lehen mundu gerra eta Euskal Herria" gaiaren inguruko mintzaldia Donibane Lohizunen
Eneko Bidegain (Argazkia: KMK)

Euskal Herriaren zati handi batek ez zuen parte hartu 1914ko Gerla Handian, Espainiaren jarrera neutroaren ondorioz, nahiz eta Europa gerran egoteari esker zenbait eskualde aberastu ziren. Aldiz, Ipar Euskal Herriko 49 urtez behereko gizon guztiek joan behar izan zuten gerrara. Denak ez ziren joan ordea, milaka intsumitu eta desertoreak izan zirelako. Joan zirenen artetik, milaka lagun hil ziren, gudu lazgarrietan, lau urte baino gehiago baldintza ezinago gogorretan egon ondoan.

Gertakari erdiragarri hura izan zen Frantzia nazio gisa eraikitzeko prozesuaren azken urratsa, eta sekulako eragina izan zuen Ipar Euskal Herriko euskaldunek beren burua frantses sentitzean, frantsesik ia batere ez bazekiten ere. Hilen oroitzapenak eta gerlari ohien goraipatze sariek balio izan zuten, ondoko urteetan, frantses sentimendu hori are gehiago errotzeko.

Mintzaldia euskaraz izanen da, bapateko itzulpenarekin frantsesera. 

Xehetasunak

Harpidetu doan gure buletinera

Euskal kultur erakundearen berripapera (Hilabetean behin)