Matematikari bat izanen da Nekatoenea euskal idazle egonaldian Hendaian

2014/06/10

Nekatoenea euskal idazle egonaldiaren laugarren edizioaren karietara zientzialari bat hautatua izan da, Aitzol Lasa matematikari nafarra, hain zuzen. Literatura egonaldia 2014ko urriaren 6tik azaroaren 2ra iraganen da.

Matematikari bat izanen da Nekatoenea euskal idazle egonaldian Hendaian
Aitzol Lasa, Aintzane Lasarte (IAEZI) eta Pantxoa Etchegoin (EKE) © Elke Roloff

Euskal kultur erakundea, Euskal Idazleen Elkartea, eta Euskal Itsasbazterreko Ingurumen Aldeko Ekimen Zentro Iraunkorra (IAEZI) elkarlanean hasi ziren 2011. urtean, idazle bati hilabete osoz Hendaiako Abbadia eremuko Nekatoenea baserri zaharberrituan bere idazketa lanean aritzeko aukera emanez.

Aitzol Lasa (Barañain, 1978), matematikaria da eta matematikako irakaslea Nafarroako Unibertsitate Publikoan eta bigarren hezkuntzako ikastetxeetan.
Aitzol Lasak proposamen berezia aurkeztu du, matematikak eta literatura batuko dituena.
Bere hitzetan "Letrak eta zientziak oso ongi uztar daitezke, ez dira kontrajarrita; aitzitik, elkarren eskutik joan daitezke". Beraz, zientzia gazteengan hurbiltzeko asmotan, zenbakiak eta formulak baino, hizki, esaldi eta esaerak landuko ditu.
Matematika irakasle izanik, zientzia bereziki gazteei ulertaraztea izan du helburu idatzitako hainbat artikuluekin. Baina haratago joan nahi izan zuen eta eleberritan hasi zen 2009. urtetik. Irabazi sarien artean, ELHUYARrek ematen duen saria irabazi zuen 2011. urtean, Elhuyarren zientzia-narrazioak kategoriko saria irabazi zuen, “Hodeietan” gazteei zuzendutako liburuarekin.

Euskal kultur erakundeak Hogei'ta programaren barnean kokatzen du literatura egonaldia, gazteen sorkuntzari lagunduz edota gazteentzat sor daitezkeen arte lanak sustengatuz.

Itsasbazterreko CPIE erakundearentzat biziki aproposa da Aitzolen proposamena, elkarteak betidanik arte eta zientziaren arteko zubiak eraikitzeko ahaleginak egin baititu.

Egonaldiaren egitasmoak bigarren jarduera bat proposatzen du, idazleak gazteekiko elkarlan bat eskainiz. Lana aurreratua izango duelarik, Aitzol Lasa, eskualdeko kolegio bateko gazteekin arituko da lanean. Gazte taldeak literatur zientifiko horretan sartzeko aukera izanen du, ikasturte osoan zehar idazleak egin duen idazketa prozesua hurbiletik segituz. Horren ondotik, haiek ere beren idazlana egiteko aukera ukan dezaten.

Gehiago jakin

Harpidetu doan gure buletinera

Euskal kultur erakundearen berripapera (Hilabetean behin)