Nafarroako arteen merkatuaren lehen edizioa Iruñean

2017/10/22

"948 merkatua" deitu Nafarroako arteen merkatuaren lehen edizioa Iruñean eginen da 2017ko azaroaren 15 eta 16an. Kulturaren sektoreko feria profesional honek 400 artista eta profesional baino gehiago bildu eta diziplina anitzeko 70 proposamen artistiko baino gehiago programatuko ditu. Bertan parte hartu nahi duten Akitania Berriko eta ipar Euskal Herriko kultura eragileek izenak oraindanik eman ditzakete. Euskal kultur erakundea partaide da.

Nafarroako arteen merkatuaren lehen edizioa Iruñean

Nafarroako Kultura Zuzendaritza Nagusiak antolaturik, 948 Merkatuak diziplina artistiko guziak barne hartzen ditu : zinema eta telebista, arte eszenikoak, arte plastikoak, musikak, disko, liburu eta beste euskarrien argitalpena, eta kultura- eta sormen- industria berriak, adibidez, diseinu digitala, ehun- eta moda-diseinua, arkitektura, ingeniaritza edota lanbide berriak.

Feria-eredu berri honi esker, diziplina guziek lan-espazio berean elkarrizketan aritzeko parada izanen dute lehenbiziko aldiz.

948 Merkatua-Nafarroako arteen merkatua mugaz haraindiko izaera duen feria da, eta, Euskadira begiratzeaz gain, Bordele eta Okzitaniako Tolosara, Errioxa eta Aragoira, eta Madril eta Bartzelonara ere begira dago. Epe ertainera erreferentziazko elkargune bilakatu nahi du proposamen kultural eta artistikoen erakustaldiak egiteko, ezagutza partekatzeko eta proiektuak erakusteko, eta arteak sustatzeko Euroeskualde guztian: Nafarroa/Akitania eta Euskadin, baita Aragoi eta Errioxan ere. 

Interesatuak diren kultura eragileek izenak oraindanik eman ditzakete. Urriaren 20a aitzin egin ezkero, izen ematea urririk izanen da PROMO948 promozio kodea baliatuz. Urriaren 21etik goiti aldiz, NAV948 kodea erabiliz, bi egunetan parte hartzeko aukera izanen da 50 euroren truke.

Xehetasunak

Harpidetu doan gure buletinera

Euskal kultur erakundearen berripapera (Hilabetean behin)