Hemen zaude: Hasiera Euskal kultur erakundea Gogoetarako dokumentuak Euskal kultura 2013. urtean

Euskal kultura 2013. urtean

Sorkuntzen iturritik edaten...

Uda joan zitzaigun eta udazkenean sartzen gindoazela, horra nun berri mingarria etorri zitzaigun irailaren lehen egunean : gure Jean Haritschelhar jauna zendu zelako abisu tristea. Bai, pena handirekin jakin genuen berria.

Beste ehunka jende bezala, nik ere bihotzez goretsi nahi dut euskararen eta euskal kulturaren alde egin duen lan joria. Hainbat eta hainbat ekintzen artean, Euskal Kultur Erakundearen sortzaileetarik izan da 1990ean, eta sortu ondoan, hurbiletik segitu eta sostengatu ditu gure lan ildoak. Izan dadin Euskaltzaindian edo beste erakunde batzuetan, euskara baloratu du eta publiko zabalari ezagutarazi, nola Euskal Herrian, hala kanpoan.

Frangotan Euskal Herriak pairatzen dituen erauntsia guzien gainetik, beti gizon baikorra agertu da, eta segur naiz, dagoen tokitik argi leinuruak bidaltzen dizkigula urratsez urrats aitzinera joaiteko. Eta bozik daiteke ikusiz 2013ko urtea ere aberatsa izan dela euskal kulturaren aldetik.

Ez ditut iparraldean iragan gertakari guziak aipatzen ahal bainan bost gai argitan ezarriko ditut : ikusgarrigintzaren alorrean, Hogei’ta programa kari saristatuak izan diren bi sorkuntzak, Hamlet antzerki berria, arte garaikidearen inguruan antolatu sari eta topaketak, euskal zinearen inguruko gogoetak, eta azkenik Alduden urteetan apailatzen duten kantu eta musika ekitaldiaren berezitasuna.

"Hogei’ta" programa : bi sorkuntza alhan ezarriak izan dira

Euskal kultur erakundeak daraman "Hogei'ta" sortzaile gazteen sustatzeko kultur sailaren barnean 2012an eta 2013an sarituak izan diren bi sorkuntza estreinatuak izan dira azaro honetan. "Hautsa" antzerkia Baionako antzokian eta gaurko musikak eta irudia uztartzen dituen "Lloba" ikuskizuna.

Horretarako, partaide desberdinak bildu ditugu bi deialdi hauen inguruan, alde batetik Akitaniako egitura profesional batzuk (Scène Nationale Bayonne Sud-Aquitain, Atabal, Rocher du Palmer, Florida, Office Artistique Région Aquitaine), eta bestetik hegoaldekoak, hauen artean, Donostia Kultura (Victoria Eugenia antzokia), Donostia 2016 fundazioa, Bilboko Emankor kolektiboa, Gasteizeko Porpol teatroa edo Arizkuneko Santxotena museoa. Osoki, Akitaniari zabalduak diren mugazgaindiko ekintzak dira.

''Hautsa'' antzerkia Gasteizeko Parasite kolektiboak garatu du. Taula gainean bezala bizian ere anai-arrebak diren Unai eta Garazi-ren ibilbidea erakusten digu obrak. Publikoak bere historia ezagutuko du, eta horren bitartez euskal jendartearen bilakaera. "Hautsa" euskaraz eskainia izan da, itzulpena eszenografiaren baitan sartua delarik. Mugimenduan dagoen eleberri grafiko batean bezala, bitarteko bisual bat bilakatzen da eta ekintzarekin bat egiten du, ikusleari haria galdu gabe irakurtzeko aukera emanez.

Lloba” ikusgarria aldiz Bidarteko Moï Moï kolektiboak, Baxter & Rojos eta Txomin Ugartemendiak asmatu dute.

Ikuskizun bat baino gehiago da: euskal kulturaren sorkuntza eta berrinterpretazio laborategia da. Tauladaren gainean show garaikidea garatzen dute, gaur egungo musikak, dantzak, marrazkiak, aitzinako materiak, bideo eta beste teknologiak uztartzen dituena, euskal mitologia ikuspegi berri batekin ezagut dezagun. Hiru ardatz hauek (musika, dantza eta bideoa) bat egiten dute historia bat kontatzeko: Lloba deitu pertsonaiak biziko duen errito iniziatikoa, heldutasunera iragaiteko garaian.

Hamlet antzerkia, izanaren ala ez izanaren munduan...

Beste mugazgaindiko kultura gertakizun garrantzitsua izan da azaroan Dejabu, Artedrama eta Le Petit Théâtre de Pain antzerki taldeek ekoiztu duten obrarekin. Luhusoko lehen estreinaldian berean publikoak preziatu ditu  jokalarien talendua, taula zuzendaritzaren finezia eta gogoeta egiteko gai idekia. Hamlet antzerkien antzerkia da, garai bakoitzak bere irakurketa behartzen duena. Argiki eta arintasunez, William Shakespearek munduaren eromena marrazten du. Obraren ekintza politikan oinarritzen da : gezurra, jukutria, kalkulua, konplota, diru gosea, hitza hitz ala hitza jan.

Errautsak ikuskizunaren ondotik,  Shakespearen obra gureganatzen dute, egungo gizartearen kezka, arazo eta ezaugarriekin. Xabier Mendigurenek adaptazioa izenpetzen du. Azpimarratzekoa da ere indar berezia bat egina izan dela ikusgarri hau ahal bezainbat tokitan ikusia izaiteko gisan, nola iparraldean, hala hegoaldean.

Le Petit Théâtre de Pain eta Euskal Kultur Erakundea bateratu dira obra sortu aitzin oroz gainetik iparraldeko programatzaile ezberdinen biltzeko, bai lanaren aurkezteko, bai komunikazio amankomun baten eta ikusgarrian sartzeko prezio berdintsuen finkatzeko. Jadanik – eta ez da amaitua -, berrogei bat tokitan programatuak dira. Bidaia luze bat gutiziatzen diegu gure Shakespearen bozeramaileei...

Itzal Aktiboa : gazte arte garaikidearen bultzatzaile Donibane Garazin

Arte garaikidearen akulatzea eta bereziki publikoengana erakartzea ez da beti gauza errexa. Donibane Garaziko elkarte honek ausartzia anitzekin lan egiten du alor horretan, eta apurka-apurka, bide berriak urratzen ditu, bereziki eskoletako haurrentzat tailer bereziak antolatuz, margolaritza edo arte bisualak hobeki ezagutu eta landu ditzaten, maiz artisten parte hartzearekin.

Bi urteetarik, Euskal Kultur Erakundearen partaidetzarekin, sorkuntzaren sari bat antolatzen dute, arte garaikidearen munduan, berritzailea eta ausartziazko egitasmo bat eginen duten gazteentzat.

Aurten, Verónica Domingo Alonso, 24 urteko Getxotarrak irabazi du lehen saria. EHUko Arte Ederretako fakultateko lizentziaduna da, eta paperean tinta beltzez egindako diptikoa aurkeztu du. "Entre los pliegues de la luz" ("Argiaren tolesen artean"), Monoprint teknikaren bidez egina eta Pablo González de Langarika euskal olerkariaren idazlanetan oinarritua.

Bigarren saria Thomas Loyatho, 29 urteko hazpandarraren eskuetara joan da, "Arrasortzea" aurkeztu zuen margoari esker eta hirugarrena, 31 urteko Bidartartarrari eskainia izan zaio, "En attendant mieux" ("hobea igurikatuz") izeneko instalazioarentzat. Artistak kartoi-lumaz egindako arkitektura paisaiaren instalazioak mundu utopiko baten isla izan nahi duela adierazi nahi du.

Epaimahaiko kideetan, baziren artistak, arte historialariak, arte eskolako arduradunak eta erakundeak. Aurten, altxor ederrik agertu da (27 egitasmo orotara hego nahiz iparraldetik) lanen kalitatea bai eta ere tratatu gaien aniztasuna nabari izan direlarik.

Euskal zinearen baloratzeko ekimenak

Iparraldeko ikusleen eskaera gero eta handiagoa izanik ere, oztopoak badira euskal zinea gure lurraldeko pantaila ezberdinetan hedatzeko, besteak beste horrendako hedapen egiturarik ez delako. Ondorioz, emanaldi bakan eta sakabanatuak egiten dira, eta filmen ustiatzea eskasa gelditzen da film¬ egile, ekoizle, ustiatzaile eta ikusleentzat.

Hendaia Film Festival jaialdiaren lehen edizioaren karietara, EKE-k eta Begiradak elkarteak alor horretako eragileak bilkura batean parte hartzera gomitatu dituzte. Bertan, problematika hori aipatu dute eta aterabide konkretuak atzematen saiatu dira. Mugazgaineko harremanak ere aipatuak izan dira noski. Topaketa horretan, Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Orokorrak, Akitaniako ECLA-k (idatziaren eta irudiaren eskualdeko Agentzia), hego Euskal Herriko banatzaileen eta iparraldeko zine ustiatzaileek parte hartu dute.

Gogoeta horrek segida bat ukanen du 2014an, bai hedapenarentzat ahalbide batzuk edireiteko, bai euskal zinearen ekoizpena bultzatzeko norabideak finkatzeko.

Hendaiako ekitaldia laburmetraiei zuzendua delarik, Hazparneko Beti erne elkarteak euskal zinearen bi egun antolatu ditu, besteak beste iparraldean ere arrakasta handia lortu duen “Emak bakia baita” filma aurkeztuz.

Man Rayren film batek, Emak Bakia izenekoak (‘Utzi bakean’ erraiteko beste modu bat), bilaketa baten historia eragiten du. Miarritzetik hurbil, 1926ean filmatu etxeak izen berezi hori zuen, eta Oskar Alegriak erabaki du oinez abiatzea etxe haren bila. Man Rayk etxe handi horren hiru plano besterik ez zituen ezagutarazi : sarrerako atearen irudia, leiho bateko bi zutabe eta kostalde hurbilaren zati bat. Irudi zahar horien bidezko bilaketa ez da erraz gertatuko. Izena ez da artxiboetan agertzen eta egun inork ez du etxea gogoan. Horregatik, laguntzeko eskatuko zaie bestelako berriemaileei, zoriari eta haizeari... Man Rayren zine abangoardistari arnas eman zion etxearen bilaketak. Oso filma atsegina da, munduan gaindi irudimenezko bidaia baten egiteko parada ezinago hobea...

Oskorri kantatuz : Kantarien bateratzeko ekimen paregabea

Aldudarrak elkarteak antolaturik, Oskorri kantatuz ikuskizun berezia, bi aldiz eskaini ziguten 2013ko urriko azken asteburuan Aldudeko elizan, kantariek helburutzat zeukatela bizkaitar talde ospetsuaren omentzea, batez ere Natxo de Felipe artista handia eskertuz.Bi ekitaldietan, eliza mukurru bete da eta jendea zoraturik atera da.

Kantaldi bat baino gehiago, egiazko gertakaria da horrelako ekimena, eta gure ustez merezi du, laburki bada laburki, honen historiaren ezagutzea.Duela hogei bat urte abiatu gogoeta batetik hasi zen dena: «Nola egin euskal kantari gazteek baldintza onetan kantatzeko parada ukan zezaten?»

Hautatu bidea izan zen ordu arte eginik ez zen kultura proiektu oso baten obratzea, ardatz nagusi gisa monografia bat hartuz. Ideia horrek ahalbide ezberdinak eta osagarriak eskaintzen zituen:

  • Hasteko, kantugile baten ohoratzea, haren obra literario-musikala argitan ezarriz;
  • kantari andana batek, bakarka, binaka edo multzoka, haren kantuak ikastea eta ahal bezain ongi kantatzea, elkarren hobeki ezagutzeko parada ere emanez;
  • transmisio lan baten eramatea, eskoletako haurrak proiektuan sartuz;
  • errepikak egitea, kantariak eta musikari profesionalak elkartuz;
  • baldintza onetan kantatzea, kantaldiarentzat bakarrik etorria zen publiko baten aitzinean.

Zikloa 1995ean hasi zen “Manex Pagola Kantatuz” izenburupean. Bi urteren buruan, 1997ean, etorri zen «Etxamendi-Larralde kantatuz» emanaldia. Euskal kanta berriaren aita deitzen diogun Mixel Labeguerie mediku zenaren aldia izan zen 1999an. Bertsolaritza kantuzko hitza izanez, kantariek badute segur non zer goza bertsoen alorrean. Eta Xalbador handiaren iturritik jalgiak direlarik, oraindik gehiago. “Xalbador Kantatuz”, 2001ean iragan zen eta “Odolaren mintzoa” liburuko bertsuak beti berdin indartsuak kausitu genituen.

Xabier Lete, hain xuxen, “Urepeleko Artzaina” kantuaren idazleak, baita beste hainbeste poema sarkorren sortzaileak, bildu zuen txalo ederrik Aldudeko elizan 2003an. Lehenbiziko bost ikuskizunak bi urtetarik behin eginik, haien bultzatzaile nagusia izan den Mikel Erramouspek kantariei jakinarazi zien beren aldetik gehiago inplikatu behar zutela, proiektua hastetik buru beren gain hartuz. Batzuek baietz ihardetsi zioten baina uste baino denbora gehiago pasatu zuten ondoko kantaldi-omenaldia martxan ezarri aitzin.

Dena dela, “Pierpol Berzaitz Kantatuz”, zuberotar kantaria 2006an ospatu zuten. Lau urte beranduago, 2010ean, “Imanol Kantatuz”.

Azkenik beraz “Oskorri Kantatuz”. Hogeita hamar haur eta berrogeita hamar kantari heldu baita haiekin lau musikari zuzenean... Ezinago hobeki berriz biziarazi dizkigute hautatuak zituzten bizkaitar taldearen hogeita hiru kantuak eta lau “pot-pourri”-ak, bukatzeko denek elkarrekin “Euskal Herrian euskaraz” xaramelatzen zutela.

Bihotzaren erditik, oihu bat jalgitzen zaigu: Gora Oskorri! Eta gora proiektu horretan parte hartu duten artista guztiak!

Horrelako sail monografikoak zinez beharrezkoak zaizkigu, iragan hurbileko eta gaurko altxorrak, kasik beren osotasunean argitara ekarriz, harrotasuna eta euskal kantagintzaren geroan sineste handiagoa sortzen baidigute.

Datorren protagonista, nor? Kantariek berek ikusiko. 
Ez dugu altxorrik falta Euskal Herrian. Bat izanen da !

  • Pantxoa ETCHEGOIN-ren ekarpena Jakin - 198.zenbakian (2013ko azaroa-abendua) agertu artikulua http://www.jakingunea.com/