Hemen zaude: Hasiera Euskal kultur erakundea Gogoetarako dokumentuak Euskal kultura Iparraldean 2012. urtean

Euskal kultura Iparraldean 2012. urtean

Iparraldea, artearen lurraldea

Iparraldea, ttipia izan arren, ez ote da betidanik euskal kulturaren arragoetarik bat izan ? Eta krisia aho mihi guzietan aipu delarik, ez ote dugu euskal kulturak eskaintzen dituen memento ederretaz baliatu behar, lehenik plazer hartzeko, gehiago elkar ezagutzeko, gauzen partikatzeko, partaidetza hitzari indar berri baten emaiteko? Aurten ere urte aberatsa izan da alor frangotan, eta euskal kultura bizi-bizian agertu da, bai Euskal Herriko plazetan, bai kanpoan. Dena ezin kondatuz eta ohatuz, argitan ezarriko ditut euskal literatura, bertsularitza, dantza eta gazteei zuzendu “Hogei’ta” ekintza labela.

Bertsu eta bertsu : Xi-La-Ba txapelketa

Xi-La-Ba, hiru zilaba; ipar Euskal Herriko hiru probintzien adierazgarri: Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarre. Hiruetan baititugu orain bertsolariak, garai batean izan ez ziren bezala. Zuberoa, koblakari handien altzoa izanik (XIX. mendeko Pierra Topet-Etxahun barkoxtarra bereziki dugu gogoan), luzaz bertsolaririk gabe egon baitzitzaigun… Agertzen hasi zaizkigu beraz Zuberoan ere bertsolariak, bertan sortuak edo han bizi direnak. Preseski, Xi-La-Ba txapelketaren lehen kanporaketa Zuberoan iragan zen, Altzürükün. Gero, Kanbotik, Hendaiatik eta Donibane Garazitik pasaturik, finala, lehen aldikoz Baionan genuen aurten. Baionako Lauga kiroldegian. Toki egokia, 2000 jenderen ongi kokatzeko. Sei bertsolari oholtza gainean: Amets Arzallus, Odei Barroso, Sustrai Colina, Xumai Murua, Maddi Sarasua eta Eneritz Zabaleta. Seiak gazteak. Seiak xut eta lerden, neska zelarik gazteena, doi-doia 16 urte, lehen aldikoz aurkeztu eta finalera hupatu zena. Bertso-gai emailea Joana Itzaina zen, Bertsolarien Lagunak elkarteburua. Gaiak egokiak ziren eta bertsolariek jakin zuten, beren dohainen arabera, ateraldi onik eskaintzen, publikoari atsegingarri izan zitzaizkionak. Kartzelako lanarentzat hiru bertsu egin behar zituzten gai honekin: «Etorkizuna kartetan irakurtzen duen ikerlearen gana joan zira. Oraintxe atera zira haren etxetik». Gu ez baikinen kartetan irakurtzen duen baten ikusten izan, ez genuen asmatu Sustrai Kolina ala Odei Barroso pasatuko zen azken txandara, zinez biak elkarren pare baitziren. Puntu erdi bat gehiago ukanik, Odei Barroso joan zen puntaraino baina Amets Arzallus hendaiarrak lortu zuen, hirugarren aldiz, txapela. Ongi merezitua. Gure eskerrik beroenak har bitza, eta funtsean, harekin ziren beste bost bertsulariek ere, antolatzaileak eta kanporaketetan parte hartu zuten bertsulariak ahantzi gabe.

Gazteluma : gazteek euskaraz idazteko

Urte oroz Pazko astelehenez Saran antolatzen duten Euskal Herriko Idazleen Biltzarra liburu eta disko azokan, beste asko berrikuntzaren erdian, aurten Gazteluma saileko liburu bat plazaratua izan da. Gazteluma zer da ? Iparraldeko Elkar argitaletxeko eta Euskal Kultur Erakundeko ordezkariak oharturik gazteek ez zutela euskarazko libururik idazten, erabaki zuten arazo kezkagarri horren konpontzeko, aterabide baten aurkitzea. Baina zein? Sari bat ote ? EKEren proposamena izan zen: burtsa (beka) baten sortzea. EKE, Elkar megadenda eta Elkarlanean Fundazioa adostu ziren eta 2000. urtean Gazteluma deialdia zabaldu zuten. Burtsari esker, lehiaketa irabazten duen 40 urtez petiko idazleak hiru laguntza mota erdiesten ditu: 3.000 euroko diru laguntzaren promesa, urte bateko epea liburuaren idazteko, epaimahaiko hiru idazleen aholkuez baliatzeko eskubidearekin, eta azkenik, liburuaren argitalpena. Gazteluma beka azkenik eskuratu duena Peio Jorajuria azkaindarra dugu, Otalazt izenorde pean Jaun Martin eleberriaren idazlea. Haren aitzinekoak izan zirelarik: Eneko Bidegain, Ramuntxo Etxeberri, Nora Arbelbide eta Béatrice Urruspil. Eta berri ona : 2014ean agertuko den liburuaren idazle gaztea ere jadanik hautatua izana dela!

Dantzaren sugarra

Iparraldean, hainbat ekitaldi iragan dira aurten ohiko euskal dantzaren edota dantza garaikidearen inguruan. Ezin daitezke denak aipa artikulu honetan, baina hiru ekimen ezberdin lehenetsi ditut.

Etorkizuna deitu kontzeptua
Euskal dantzaren praktika artistikoarentzat, kontzeptu berri bat asmatua izan da iparraldean, Etorkizuna izenekoa. 1950ko hamarkadan, sortu zituzten talde “folklorikoek” eta berantago euskal dantzen federakuntzek, garaiko problematikentzat erantzun berri eta egokia ekarri zuten. Egituraketa horri esker, berrogeita hamar bat urtez milaka haur eta gazte formatu ahal izan ziren eta beti dantzan atxiki. Baina joan den mende bukaeraz geroztik, dantzari heldu gazte anitzek euskal dantza uzten dute, interprete gisa gaitasun gehien duten mementoan. Bistan dena, interes galtze hori, gogoz kontrakoa da zenbaitentzat, ikasketentzat edo lanarentzat herritik urrundu behar direlako. Gazteek betebehar horiek gaur atzo baino gehiago dituzte. Baina ez da arrazoi bakarra. Faktore desberdinengatik ahultzen da goi mailako euskal dantzaren praktika: ber “mugimendu koreografikoak” hamaika aldiz errepikatzen dituzte, dantzariek ez dute norberaren ikaskuntza barnatzen ahal, ez dezakete maiz koregrafia berririk landu, ahalbide ekonomikoen arazoa hor da. Dantzari bakoitzak bere taldean parte hartzen segitu arren, esperientzia partekatuak joanago eta garrantzitsuagoak dira ere. Horretaz oharturik, dantzari eta musikari zenbaitek Etorkizuna deitu kontzeptua sortu dute. Entitate berri horrek helburutzat dauka euskal dantza eta musika desmartxa artistikoan sarraraztea, ingurumen desberdinetatik etorri dantzari, musikari, koreografo, zuzendari eta musikagileei irekiz.. Hots, “laborategi” horrek Euskal Herriko ondare inmateriala berpiztuko du, euskal dantza taldeen maila altxatzen lagundu dezakelako. Dantzaren mindegi horrek bultzatzen ditu ere sorkuntzak, eta ondorioz, Ravel Jauna deitu ikusgarria ekoiztua izan da 2012ko urrian, eta hiru koreografok parte hartuko dute lan horretan : Bittor Corret, Christian Larralde, eta Maider Oiartzabal. Emaitza itxaropentsua eta bihotz altxagarria izan da, dantzarien ausartzia eta kalitatea ezagun baitziren, halaber, koreografia berrien emaiteko ahal handia.

Ixtorio Mixtorio : Errege haur ederrik...
Haurrak dantzan eta publikoa lorietan : hori izan da Ixtorio Mixtorio ikusgarriaren uzta. Eta arraro da ikustea horrelako kalitatezko haur dantza emanaldi bat ! Eraiki, Xinkako eta Maritzuli, hiru dantza elkarteetako ehun dantzari, haur eta gaztetxo, elgarretaratu dira handien mundutik laminen erresumetara sartzeko. Udaberrian eskaini ikusgarri honek harrointzat dauzka haurtzaroa eta euskal mitologia ; aberatsa da dantza aldetik, ederra kolorez eta arintasunez. Haurrek asmatua, haurrek dantzatua, ikuskizuna euskal kulturaren arragoan sartzen da, jokoak, ihauteriak eta laminen sekretuak hartzen dituelarik ekai gisa. Claude Iruretagoiena koreografo ezagunak kudeatu du sorkuntza hau, dakigularik berak urte eta urteetan, transmisio lan ikaragarria eramaiten duela belaunaldi gazteei dantzaren tirria emaiteko, eta ber denboran, sorkuntzako lanetan diharduela etengabe.

Dantza Hirian : sorkuntza plaza erdian
Irailaren 13tik 22ra, Dantza Hirian festibala iragan da Euskal Herriko zortzi hirietan, bai hegoaldean, bai iparraldean. Dantza garaikidea karrikako ikusgarri batzuen bidez deskubritzeko parada paregabea izan da . Festibala honen antolatzailea den Hendaiako Atelier elkarteak urte guzian kultura ekintzak bultzatzen ditu, sortzaileen belaunaldi berrien sostengatzeko, publiko berrien bereganatzeko, mugazgaindiko elkarlanaren bitartez. Zazpigarren edizio honentzat, Euskal Herriko 12 konpainia profesional baina ere Kubako, Bartzelonako, Sevillako edo Madrilgo konpainiak gomitatu dituzte. Bestalde, Euskal kultur erakundeak sustengatu eta elkarteak antolatu Aterpean egonaldiko aurtengo bi irabazleek izan dira Mimizaneko Androphyne eta Donostiako Anakrusa konpainiak. Beren obra berriak eman dituzte lehenik Donostian eta ondoren Baionan.

Hogei’ta ekintza labela : aurrera doa…

Euskal kultur erakundeak, duela urte bat alhan ezarri du gazteei zuzendu Hogei’ta ekintza labela, helburutzat duela sorkuntza artistikoen garatzea, euskal kulturaren biziberritzea, eta gazteak laguntzeko ahalbideen eskaintzea, nola sorkuntza, hala hedapenaren alorretan. Ekintza ezberdinak bideratu ditugu aurten, adibidez ikusgarrigintzan edo euskal literaturaren inguruan, Donostiako Ekhine Egiguren idazlearen egonaldiarekin Hendaiako Abbadia eremuan, bainan denak ezin aipatuz, ekimen berezi bat begibistan ezarri nahi dizuet : Berrikuntza artistikoaren 24 orduak deitu ekitaldia. Urriaren 19an eta 20an, lehen aldikoz, Hogei’ta labelaren barnean, Euskal kultur erakundeak partaidetza bat egin du Bidarteko ESTIA injeneritza eskolarekin, berrikuntzaren 24 orduen barnean (ekitaldi hau urteetan antolatzen dute goi mailako teknologien inguruan), alor artistikoa sarrarazteko, lehiaketa arte bisualen eta euskal literaturaren eremuetan kokatuz. Zazpi artistek beren izena eman zuten, hauen artean grafistak, argazkilariak, margolariak eta idazleak, azken hauetako batek Txekiatik bidali duelarik bere lana. Eginbeharra xinple bezain gogorra zen : 24 orduz ttanko obra edo idazlan baten sortzea, gai honen inguruan : Artea/Teknologia/lurraldea, eta euskarri bezala, ordenagailurako sagu bat. Epaimahaia osatu dutenak ziren : Maiana Agorrody, Baionako Space Junk arte zentrokoa, Irati Burgues, Bilboko Sarea arkitekturako arkitektoa, Christiane Giraud, eskultorea, Daniel Landart idazlea, eta Pantxoa Etchegoin, Euskal kultur erakundeko zuzendaria. Epaimahaiak kriterio hauek finkatu ditu sariak emaiterakoan : lanaren kalitatea, berrikuntza, hizkuntza artistikoa, eta gaiarekilako koherentzia. Hautaketa zaila izan arren, orokorrean ikusiz obren kalitatea, Euskal kultur erakundeak eskaini dituen hiru sariak banatuak izan dira ekitaldi ofizialean. Hain zuzen, lehen saria, idazlan batek eraman du, MariJoxe Azurza Donostiarrak idatzi duen Artearen lurraldea ipuinarentzat. Laster, bi partaideek datorren urteko ekitaldiaren garapena landuko dute, lehen ekitaldi batentzat, kausitze ederra izan baita aurtengoa. Sorkuntza egunean egunekoa, atzokoa gaurkoan, hau da euskal kulturaren giltza geroan.

  • Pantxoa ETCHEGOIN-ren ekarpena Jakin - 193.zenbakian (2012ko azaroa-abendua) agertu artikulua http://www.jakingunea.com/