Hemen zaude: Hasiera Euskal kultur erakundea Gogoetarako dokumentuak Euskal kultur erakundeak 20 urte (1990 - 2010)

Euskal kultur erakundeak 20 urte (1990 - 2010)

Pantxoa ETCHEGOIN Euskal Kultur Erakundeko zuzendariak ENBATA aldizkariariarekin egin elkarrizketa EKE-ren 20. urtemuga kari (2010eko maiatza).

Pantxoa Etchegoin
Pantxoa Etchegoin
EKEren Biltzar Nagusi bakoitza garrantzi handiko hitzordua da Euskal Herriarentzat. Apirilaren 24koak erliebe berezia du, erakundearen hogeigarren urtemuga ospatzen baitu. Nola sortu zen EKE ?

Iragan larunbatean, Baionan, gure Biltzar Nagusiak 200 pertsona inguru – elkarte, tokiko elkargo, erakunde… - bildu ditu. Hainbeste jende elkartzeak zinez poztu gaitu. Horrek frogatzen du hogei urteren buruan EKE oraindik hor dela eta Euskal Herrian daukan lekua premiazkoa dela, geroa aurreikusi eta bere burua zalantzan jartzen segitu behar badu ere.

Euskal Kultur Erakundea 1990an sortu zen, Pizkundea federazioak bultzaturik. Luzaz euskal kulturaren zutabe izan den Pizkundeak suharki parte hartu zuen Euskal Herriko Kultur Zentroaren sortzean, 1984an, Baionan. Baina lehen egitura horrek elkarteak gogobete ez zituenez, erabaki zen bi egitura berezi egitea : alde batetik, Euskal Kultur Erakundea, euskal kulturari eskainia ; bestetik, Kultur Ekintza Zentroa, geroztik « Scène Nationale » bihurtu dena.
Elkarteen beharrei egokiago zitzaien erakunde baten sortzeko itxaropenarekin batera, euskal kulturaren aldeko herriarteko Sindikatua eratu zen. Ipar Euskal Herriko 158 herrietarik 136k erabaki zuten sindikatu horretan parte hartzea (gaur egun, 146 dira). Sostengu sendo horretan bermaturik eta, Estatu, Eskualdeko Kontseilu eta Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Orokorretik zetorren nahikari politikoari esker, 1990eko udaberrian Euskal Kultur Erakundearen estatutuak bozkatu ziren. Uztaritzeko herriko etxeak Lota jauregia jarri zuen elkarte berriaren eskura eta lehen bi profesionalak, Txomin Heguy, zuzendari gisa, eta Daniel Landart, zuzendariorde gisa, bertan hasi ziren lan egiten agorrilaren 1etik goiti. 1992an, Terexa Lekumberri hautatu zuten « Euskara eta Ondarea » sailaz arduratzeko. Azken honek Irisarriko lehen « Ondarearen Egunak » abian jarri zituen. Ber denboran, EKEk « ordezko » gisa jokatu zuen hizkuntza arloan. Alabaina, udalek hainbat urtez galdeginik, gure egiturak itzulpen lan ikaragarria segurtatu du (bide-seinaleak, toponomia, eta abar.), hainbestetaraino non 2000. urtean, euskararen garapenari eskaini lanpostu berri bat sortu baikenuen. Hala ere, kontzienteak ginen ez zela aski eta euskaraz soilik arduratuko zen erakunde bat beharrezkoa zela. Horregatik parte hartu dugu lehenik Euskararen Kontseiluaren sortzean eta, geroago, Euskararen Erakunde Publikoarenean.

Zein izan dira EKEren urrats nagusiak ?

Laburbiltzeko, erran nezake EKEren lehen urteak elkarteekiko harremanei nagusiki eskaini zitzaizkiela, erran nahi baitu elkarteak lurralde honetan egituratzen lagundu genituela. Garai hartan, den-dena asmatzekoa zen. Lehen urteetatik goiti, haurrentzako euskal literatura indar handiz sostengatzea erabaki zuen EKEk, Xirrixta eta Kometa aldizkariak sortuz ; euskararen eta euskal kulturaren hedatzeko euskarri anitz ekoiztu zituen, horien artean euskarari buruzko erakusketa ; eta herri musiken inguruko ekimenak ere sustatu zituen (Uztaritzeko Herri Uzta festibala). Aldi berean, Garapen Kontseiluak Euskal Herriko kultur antolaketari buruz zeramatzan lanetan parte hartu zuen. Hain zuzen ere, Txomin Heguy-k, nire aitzinekoak, EKEko lehen zuzendari gisa eraman zuen lana goretsi nahi dut hemen.

Lekukoa hartu nuenean, 1997an, segitu genuen euskal kultur elkarteekiko partaidetza lehenesten. Aldi berean, hasi ginen urte anitzeko programak abian jartzen : horiei esker, Euskal Herrian eta Euskal Herritik kanpo partaidetza iraunkorrak sortu, publiko berriak hunkitu eta munduan zehar kultura trukaketak antolatu ditugu, horietan euskal artista anitzek parte hartu baitute. Hala gertatu zen honako programa hauekin : « Kantuketan », euskal kantuari buruz, « Batekmila, euskal munduak » eta « Eleketa », ahozko ondarearen bilketa eta balorazioari buruz. EKEk engaiamendu irmoak hartu ditu euskal kultura teknologia berrietan sarrarazi eta munduan zehar agerrarazteko, nagusiki Interneten bidez. Atari-gune bat sortu du (www.eke.org) lau hizkuntzatan, gaur egun eredugarri bihurtua eta milaka jendek bisitatua. Azkenik, EKE euskal kulturaren geroa gogoetatzeko gune bat izan da beti, Euskal Herria 2020 programa berria bezalako lurralde proiektuetan parte hartu duenean bereziki.

EKEren xedea aldatu dea Euskararen Erakunde Publikoaren obratzeaz geroztik ?

Hamabost urtez, EKEk euskararen aldeko zerbitzu bat eskaini izan du arrazoi batengatik : beste egitura publikorik ez baitzen, hizkuntza politika iraunkor bat eraman eta, adibidez, irakaskuntzaz, hedabideez edo bizi publikoan zein gizartean euskararen presentziaz arduratzeko prest zenik. Nire iduriko, pentsaezina da euskara eta euskal kultura bereiztea, euskal kulturaren oinarria euskara baita. Baina ipar Euskal Herriko hizkuntza politikaz arduratzen den Euskararen Erakunde Publikoaren sortzea urrats garrantzitsu bat izan da euskararen alde eta, hemendik aitzina, Euskal Kultur Erakundeak bere indar guziak eskaintzen ahal dizkio arte eta kultura ekintzari. Egia da Euskararen Erakunde Publikoaren sortzeak aldaketa batzuk eragin dituela, bai gure egituraren baitan, bai egituratik kanpo. EEPk zerbitzu publikoetako euskararen erabilpenaren aldeko ekintzak edo elkargo zein erakunde desberdinentzako itzulpen teknikoen jarraipena bere gain hartu ditu. EKEk jakin izan du egoera berriari egokitzen, ikuskizun bizidunaren zerbitzua eta kultura bitartekaritza sendotuz, besteak beste, teknologia berrien bidez. Duela gutxi, engaiatu gara ahozko ondarearen bilketa eta balorazio programa eredugarri bat eramatera ipar Euskal Herrian.

Gaur egun, pentsatzen dut bi erakundeak beharrezkoak direla. Bakoitzak bere xedea bete behar du. Ez da lehiarik, osagarritasuna baizik, euskal kultura eta hizkuntza garaile atera daitezen. Hori da inportanteena.

EKEren finantzalarien artean, euskal kulturaren aldeko herriarteko sindikatuak eginkizun berezia dauka. Sindikatu horrek, ez dagoen Iparraldeko lurralde elkargoa ordezkatzeaz gain, EKEren ekintzen lekukoa hartzen ote du biltzen ditue herrietan ?

Hori egia zen 1990ean, eta are gehiago gaur egun : Sindikatuaren bitartez, herrien eginkizuna premiazkoa zaio EKEri, diru laguntza ekartzeaz gain, berme morala ere ekartzen baitigute. Herri horiek, aurtengo Biltzar Nagusian ugari izan direnek, konfiantza dute gure erakundean, beren lurraldeetan euskal kulturaren garapena segurta dezan. Gehitu behar dut herri elkargoek gero eta zeregin handiagoa izanen dutela kultur arloan. Horietarik anitzek kultura mailako eskumena hartzen dute. Gauza ona da gure ahalbideak partekatu eta kulturari benetako hedapena emateko asmoa badugu. Alabaina, nire gustuko, lurralde bateko herritar zein ekonomiarentzat, garapen palanka zoragarria da kultura. Baina ez dugu kultur elkarteen lekua ahantzi behar. Kultur elkarteak saihestezinak dira. Beraz, partaidetza mota berriak aurkitu behar dira, bai eta jakitate zein gaitasunetan osagarritasuna ahalbidetzen duten funtzionatzeko moduak ere. Bere xede berrien esparruan, EKEk honako egitasmo hauek proposatzen ditu : euskal kulturaren baliabide-gune gisa gehiago aritzea eta herriak zein herri elkargoak aholkatzea haien kultura politikak finkatzeko tenorean. Euskal kulturaren aldeko herriarteko sindikatua gure solaskide nagusienetarik bat izanen da.

Zer nolako harremanak ditu EKEk hegoaldeko erakundeekin (Euskadi eta Nafarroa)?

Gai garrantzitsu eta esanguratsua da EKErentzat : mugaz gaindiko kultur harreman horiek indartu dira, hegoaldearekin bereziki. Lan harreman emankorrak izan ditugu, beti, Eusko Jaurlaritzako zerbitzuekin, inkesta soziolinguistikoak elkarrekin eraman genituenez geroztik bereziki. 2002. urtea garranzi handiko urtea izan da, Eusko Jaurlaritzarekin partaidetza hitzarmen bat sinatu baitugu mugaz gaindiko harremanak garatzeko. Hitzarmen hori oraindik aktualitatezkoa da.

Gaur egun, Euskal Kultur Erakundeak gero eta harreman gehiago ditu hegoaldearekin. Hego Euskal Herrian aurkeztu eta hedatu ditugun « Kantuketan » edo « Batekmila – Euskal munduak » erakusketa ibiltariei esker, harreman horiek indartu dira. Programa horien inguruan, hainbat ekintza abian jarri dugu, ipar Euskal Herriko artistak hegoaldean ezagutarazteko, eta alderantziz. Adibide gisa, hamar urtez geroztik, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin partaidetzan, Koldo Mitxelena Zentroan aurkezten dugun « Iparraldea Bertan » zikloaren programazioa aipatuko dut, Getxo, Andoain, Gernika, Azpeitia, Durango, Bilbo eta abarrekiko harremanak ahantzi gabe. Zoritxarrez, nahiz proiektu batzuk baditugun - adibidez Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin ahozko ondareari buruz -, Nafarroarekin dauzkagun harremanak apalagoak dira. Emeki-emeki, sare berriak garatzen ditugu. Alta, lan anitz gelditzen zaigu egiteko, « muga psikologikoak » ezabatu nahi baditugu. Horretarako, proiektu amankomun gehiago landu behar ditugu.

Euskal kultura munduaren gainean egituratua zen EKEren helburuekiko Estatuaren mesfidantzatik atera girea ?

Agian bai. Horren lekuko, Biltzar Nagusian instituzio ordezkari desberdinek argi eta garbi adierazi diguten sostengua. 2007an, Akitaniako Kultura Zuzendaritzak agindurik, ebaluazio txosten bat egina izan da. Helburua, EKEren ekintzen diagnostiko bat egin eta gure xedeetarik batzuk berrikustea zen. Momentuan berean, proba gogorra izan da. Alabaina, Hautetsien Kontseiluak galdeginik eta kultur elkarteen parte hartzearekin, euskal kulturaren bilakaerari buruzko erreferentziako dokumentu bat landu genuen. « Devenir ensemble » deitu dokumentua instituzio publiko desberdinek baliozkotu zuten Euskal Herria 2020 lurralde proiektuaren programan txertatzeko gisan. Orduan izendatu zuten André Ladousse kultur ikuskaria ebaluazio hori egiteko. Gure aldetik, ez genuen ulertzen zer nolako helburu zehatza zuen Ladousse jaunaren xedeak. Instituzio baten 20 urteko funtzionamendua aztertzen duen txosten orok bezala, horrek ere EKEk eraman ekintzen alde indartsuak zein ahuleziak azpimarratzen ditu. Baina orokorki, Ladousse izeneko txostenak agerian utzi du EKEk abiadura handiagora pasa eta nolabait « handitu » beharko lukeela. Oro har, gure erakundearen zilegitasun handia azpimarratzen du eta, oroz gainetik, gonbidatzen gaitu gure xedeetarik batzuk zalantzan jartzera, bide eraikitzaileak jorratuz.

Orduz geroztik, ez dugu denborarik galdu. EKEren xedeak birdefinitzeko gogoetak eraman ditugu instituzioetako ordezkariekin eta EKEko Administrazio Kontseiluarekin batera. Hain zuzen ere, azpimarratu nahi nuke Mikel Erramouspe gure lehendakariak suharki parte hartu duela eginbide horretan. Egun, gogoeta horiek obratzeko bidean dira.

Apirilaren 24ko biltzarra, azken ekitaldia onartzeaz gain, abiatze berri baten seinalea ote da ?

Dudarik gabe. Gure Administrazio kontseiluak azken Biltzar Nagusian erabaki eta aurkeztu duena honako hau da : EKE erreferente berezi bihurtzen da, bai tokiko elkargoentzat (udal, herri elkargo,…), bai erakunde publiko desberdinentzat, euskal kulturak presentzia handiago bat izateko politika publikoetan. Aholkulari, aditu eta laguntzaile gisa arituko da kultur egitasmo kolektiboentzat. Horretarako, esperimentazio denbora eta Euskal Herriko ingurumen soziokulturalaren ezagutza sakona beharrezkoak izanen dira. Hori dela eta, urte amaiera aitzin, « Kultura politika publikoen » proiektu arduradun bat enplegatua izanen da EKEren baitan. EKEk segituko du ere kultur eragileak laguntzen (elkarte amatur zein profesionalak, artistak, eta abar.), proiektu batzuk abian jarriz. Hala, hurrengo hilabeetan, « Hogei’ta » ekintza labela abiaraziko dugu gazteek eraman sorkuntza artistiko berritzaileen azaleratzea laguntzeko gisan.

EKEk partaidetzen eta proiektu partekatuen gainean kontatzen du gure ondare amankomuna belaunaldi gazteei helarazteko eta bizirik mantentzeko. Sortu denez geroztik, gaitasun profesionalak sendotu dira egituraren baitan. Horiei esker, hogei urteren buruan, EKEk bere burua proiektatzen ahal du geroari begira, asmo handiz eta umiltasunez.