Hemen zaude: Hasiera Euskal kultur erakundea Gogoetarako dokumentuak Euskal kultura Iparraldean 2007. urtean

Euskal kultura Iparraldean 2007. urtean

Pantxoa ETCHEGOIN-ren analisia

Iparraldean urtean zehar iragan ekintza guztiak ezin daitezke aipa bizpahiru orrialdeetan, bainan gure eguneroko bizian hautuak eta hautuak egin behar direlakoz, lau gertakari begibistan ezarriko ditut : « Batekmila - Euskal munduak », Euskal kultur erakundeak ekoiztu erakusketa multimedia berria, ahozko bilketa programa baten abiapundua Baxenabarren, eta nahas-mahas aurten taularatuak izan diren ikusgarri zenbait, nola antzerkian, hala dantza eta musika alorretan, eta azkenik, Kanbon iragan diren Hizkuntzen eta Kulturen Topaketak.

"Batekmila - Euskal munduak" erakusketa multimedia

Nork ez du aditu edo ikusi komunikabideetan « Batekmila-Euskal Munduak » izeneko erakusketa bat bazabilela Baionatik Donostiara, gero bertze lurralde batzuetara, Euskal Herriko beste lurraldeetara, bainan ere Euskal herritik kanpo joaiteko xedearekin ?

Ekainaren 23an zabaldu dugu Baionako "Carré Bonnat" erakustokian Euskal Kultur erakundeak sortu duen erakusketa ibiltari hau. Lehen-lehenik erran behar da ber denboran mugaz gaindiko, mugarik gabeko eta partaide anitzetako sorkuntza bat izan dela. Alabainan, Gipuzkoako Diputazioa, eta oroz gainetik Koldo Michelena kultura zentroa gure lanaren partaide izan da. Halaber, bertze hainbat partaideek besoak zabaldu dituzte gure laguntzeko. Horien artean, aipa nezazke Digitalak lantegia, Bilboko Euskararen Etxea, Euskal Telebista, Eresbil, Arteleku, etabar. Zinez horrelako ekimenak ugaldu behar ditugu, euskaldunen artean berean elgar hobeki ezagutzeko, Euskal mundu horietan urrats ttipi batzu elgarrekin egiteko, eta mugaren muga psikologikoak ohiltzeko. Hori elkarlanak baizik ez dezake erakar !

Orain forma aldetik, nahi ukan dugu erakusketa berritzaile bat ekoiztu, lau hizkuntzatan, gaurko teknologiak erabiliz eta interaktibotasunari ateak idekiz. Edukinek berriz bidaia poetiko bat eskaintzen diote bisitariari Euskal munduen bihotzean, kulturaren, ekonomiaren, geografiaren eta sozialaren bidez. Bainan oroz gainetik, bi gauza nahi nituzke azpimarratu : alde batetik, jendeen lekukotasun ugari agertzen da erakusketa horretan, garrantzitsua iruditzen baitzaigu lehenestea, euskaldunek eta bertzeek - nola bizi duten beren euskaltasuna edo kultura eguneroko bizian, bai hemen, bai munduan gaindi, eta bertzetik, filmen bitartez, askatasun osoa eman diegu gazteei, beren ikuspegia ager zezaten euskal mundu horietan gaindi.

Oro har, erakusketa honek arrakasta ederra ukan du orain arte, eta ekintza berezien egiteko parada ezinago hobea izan da, Baionan eta Donostian, hainbat mintzaldi, kontzertu, bisita gidatu eta elkarrizketa sorrarazi baititu.

Ibiltaria denez, bidaia luze bat egin behar luke ondoko hilabeteetan, hala nola Bilbon, Gasteizen, Hendaian, Bordelen, Getxon, Irunean, Lillen, Kortsikan, eta Europan gaindi.

Azkenik, erakusketari datxikola, Euskal kultur erakundeak internet atari berezi bat sortu du (www.batekmila.com), hain zuzen erakusketaren osagarri diren argibide edo edukin berezi batzuei begiratzeko.

Ahozko ondarea : bilketa berri bat abiatua da Baxenabarren

Aurten hasirik eta datozen urteetan, Euskal kultur erakundeak indar berezi bat egin nahi du Euskal Herrian toki garrantzitsua daukan sail batean : ahozko ondarea eta ondare

inmateriala (bizi lekukotasunak, bertsoak, leiendak, atsotitzak, ipuinak, kantuak...).

Gizarte landatarra bereziki, denbora guti barne, pasatu da ahozko ohidura batetik irudian eta soinuan oinarritu komunikazio batetara. Baitezpadakoa da beraz ahozko altxor horien biltzea lehenbailehen ez baldinbadugu nahi betirako galduak izan daitezen. 1980ko urte horietaz geroztik, hainbat kultura elkarteek lan egin dute sail horretan, bainan gaur egun, orokortasun batean ikusi behar da gai hori : eiki, bildu bai, bainan ere ongi baloratu, bereziki haur eta gazteentzat hezkuntzaren bitartez, eta dudarik gabe, sorkuntza artistikoen hazkundez.

Helburu horrekin, Euskal kultur erakundeak abiatu du lan bat Baxenabarren, Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Euskokultur Fundazioak Nafarroa Garaian egiten duen lan berari segida bat emanez eta haiek bidean ezarri duten ekimena eredu hartuz.

Konkretuki, Amikuze aldeko lekukotasun batzu bildu ditu, jendeak grabatuz eta filmatuz gai zenbaiten inguruan (zurgintza, eskulanak, aroztegia, nekazaritza, .), gero lan horiek indexatu, DVD moduko euskarri batean ezartzeko gisan, eta nolaz ez interneten.

Lan honek segida bat ukanen du ondoko urteetan ere, iparralde osoari nahi baitgenuke zabaldu, partaidetzan gure elkarteekin.

Sorkuntzak jori iparraldean

Orokorki, erran dezagun sorkuntza andana bat izan dela iparraldean 2007.urtean, denak ez baditut aipatzen ahal ere, batzu publiko zabalari zuzenduak, eta beste zeinbat, haur eta gazteeri.

Lehenik, urte hastapenean, Hiru Punttu deitu euskal antzerki taldeak "Baionan bizi" izeneko komedia eskaini zigun, Antton Luku garaztarrak idatzi obran oinarriturik. Testuak aipatzen du, frangoton omore anitzekin, gazteek etxebizitza baten ukaiteko dituzten arazo larriak.

Antzerki honek arrakasta ederra ukan du, bereziki Korrika kari, anitz tokitan erakutsia izan baita.

Nahi nituzke ere beste bi ikusgarri haundi aipatu, non dantza, kantua eta musika gurutzatzen baitira.

Lehenik, lehenetsi nahi nuke Xiberoan, Eskiulako herriak apailatu duen sorkuntza : "Dinbili Danbala" dauka izenburua eta historiaren haria Vivaldi-ren "Lau urtaro"etarik ondua izana da, sasoi bakoitzari erranahi bat emanez : negua, lehenagokoen aroa, larrazkena adin ona, uda gaztetasuna eta amodiozko jokoak, eta bedatsa, haurtzaroa.

Ikusgarriaren kalitateaz gain, plazer egiten du ikustea 540 biztanle diren herri ttipi batean, gai direla urte batez 50 aktorez goiti, ttipi eta haundi, elgarretaratzea egitasmo amankomun batean parte hartzeko. Eiki, zuberotarrek horrelakoen ohidura badute pastoralekin bereziki, bainan ere bestelako ikusgarrietan, belaunaldien arteko harremanak bizi bizirik atxiki nahi dituzte, euskararen eta euskal kulturaren ohakoan.

Halaber, beste kultura gertakizun bat ere iragan da Biarnoan, Pabeko Zenith ikusgarri gela handia bete duena, Lagunt eta Maita elkarteak antolaturik. Honek Pabeko milako bat euskaldun familia biltzen ditu eta oroz gainetik Xiberotarrak. Aurten, beren berrogei urteak ospatzen dituztela, Izar Bide antzezlana eskaini dute, erbesteratzeari buruzko gaia aipatuz, Pier-Pol Berzaitz-en "Zeruko izarren bidea" kantua hari gisa zutela.

Ehunta hogei kide, amaturrak eta profesionalak, aritu dira "Izar Bide" prestatzen urte batez eta egia erran, uzta ederra eman dute, erakutsiz kantu, bideo eta dantzekin, tradizioa eta gaurkotasuna uztar daitezkeela gure euskal munduetan gaindi.

Beste emanaldi bat ere nahi nuke aipatu : Burrunka taldeak alhan ezarri duen Ufaka zanpaka ikusgarria. Hau perkusioen, gaitaren eta dantzaren arteko kurutzatze bat da, 40 bat musikari eta dantzarik apaindua, zuzendari nagusi bezala dutelarik Beñat Amorena eta dantzarentzat, José Casaubon. Euskal mitologia gaitzat hartuz, Euskal Herriko eta munduko musiken nahasketa aberats bat ediren dute, sormenari ateak idekiz.

Azkenik, gure kulturaren etorkizuna diren haur ttipiak ere ez dira ahantziak izan, bertzeak bertze, Elirale dantza Konpainiak eskaini duen Lodikroko ikusgarriarekin, Amaia Hennebutte-Millard idazleak ondu poesia eta ipuin liburu batean oinarriturik.

Horra hor eguneroko kultura bizitasuna erakusten duten gertakari zenbait. Horrelako ekimenak baitezpadakoak ditugu gaur eta bihar, gure euskal kulturaren zerizana bera sorkuntza baita.

Hizkuntzen eta kulturen topaketa

Urte guziz biltzen dira lurralde batean, Frantziako herri hizkuntzetaz arduratzen diren erakunde eta elkarteetako ordezkariak. Aurten Erramun Bachoc soziolinguistak bultzaturik, Iparraldeak luzatu die gomita, Euskal kultura sostengatzen duen Herrien Arteko Sindikata, Euskal Kultur Erakundea, Euskal Konfederazioa eta Euskararen Erakunde Publikoa partaide zirelarik. Kanbon iragan da bilkura azaroaren 7tik 10era eta gai nagusia zen: "Hizkuntza politika eskualdeka, Estatuaren aldetik eta Europa mailan". 60 ordezkari elkarretaratu dira, Frantziako eta Itsas-haindiko 10 eskualdeetarik. Euskal Herrira etorri dira Alsazia, Bretainia, Korsika, Okzitania, Katalunia, Guiana, bai eta ere Martinika, Maiot eta Reunion ugartekoak.

Eskualde bakoitzak gutartean erakutsi dauku aurten edo azken urte hauetan zer gertatu den hizkuntza politikaren alorrean. Hizkuntza politika aipatzen da botere publikoak bere gain hartzen duelarik herri-hizkuntzen zaintzea eta aitzinaraztea. Eskualde askok aipatu dituzte politika gora-beherak eta egia erran, bada orokorki gora baino gehiago behera ! hor agertu da azkenean, besteri konparatuz Ipar Euskal Herrian badela memento honetan dinamika bat euskararen alde, ofizialtasuna falta baldinbada ere. Gure lana izan da Euskal Herriko hizkuntza politikaren aurkeztea, ekintza konkretuak aipatuz. Besteak beste, arratsalde bat antolatu dugu Donostian, "BatekMila" erakusketa ikusteko Koldo Michelena kulturunean, eta Miren Azkarate Kultura Sailburuaren entzuteko, Jaurlaritzaren hizkuntza politika aurkeztu duelarik.

Bigarren egunean, Europa eta hedabide berriak ziren mintzagai.

Eskualdeetako hizkuntzek badute oraingo hedabide tresna berrien beharra. Irratietako eta telebistetako espertak entzun ditugu. Adibidez numerizazioak zer aldaketa harrigarriak ekarriko dituen, herri-hizkuntzek ere baliatu behar dituztenak aitzinatu nahi badute. Mugaz gaineko hedabideek ere badituzte zailtasunak : lehen hertz-uhinetan errexki pasatzen zen Euskal Telebista, orain ez da pasatzen (TNT) lurreko tresna numerikoarekin.

Bestalde, Europari buruzko mintzaldi aberats bat entzun dugu. Europako erakundeek, alde batetik hizkuntzen eta kulturen aniztasuna goraki aipatu dute eta gure gain da baliabide berrien aurkitzea herri-hizkuntza ahulagoen alde, elgarrekin jokatuz proiektuen finkatzeko eta diru laguntzen ardiesteko.

Azken egunean, biltzar nagusia izan da, topaketen helburua baita eskualdeen arteko lankidetzaren antolatzea.Bi helburu finkatu ditugu. Alde batetik CNFPT (Centre National de la Fonction Fonction Publique Territoriale erakunde ofizialak bere gain har ditzan herriko etxeetan lan egiten dutenen formakuntza elebiduna, eta INSEE estatistika erakundearekin jende-kondaketak egiten dituen ikerketan, familiako hizkuntza jarraipenari buruzko galdeketen integratzea, 1995ean Euskal kultur erakundeak ardietsi zuen bezala, bainan geroztik desagertu dena.

Bururatzean, gomita ukan dugu helduden urteko topaketak Guianan egiteko, ber denboran ikusteko zer aurrerapen izan den urte batez herri hizkuntzentzat eta ezagutzak egiteko hamar hizkuntza eta kultura ezberdin dituen eskualde batekin.