Hemen zaude: Hasiera Euskal kultur erakundea Gogoetarako dokumentuak Euskal kultura Iparraldean 2010. urtean

Euskal kultura Iparraldean 2010. urtean

Pantxoa ETCHEGOIN-ren ekarpena

Iparraldea XXI

Izenburu hau eman diot ene idazlanari, lehenik izen bereko dokumentala ekoiztu baitugu urte honen hastapenean, eta bestalde hemen zerrendatu ditudan iparraldeko ekintzak gaurko sorkuntzaren eta biharko euskal kulturaren harroinak baitira.

Zergatik Euskal kultur erakundeak « Iparraldea XXI » dokumentala egin du ? hegoaldean egiten ditugun ekitaldi ezberdinetan, ohartzen gara ez dugula ongi elgar ezagutzen, eta ezaguturik ere, betiko irudiak ditugula buruan. Maiz, euskarriak eskas ditugula komunikazio aldetik, bereziki gazteei zuzenduak direnak. Lan honen helburua da beraz hegoaldeko gazteen hunkitzea, bainan ez bakarrik.
Bizpahiru pentsaketa egin ondoan, erabaki dugu betiko klixeak uxatuz, iparraldeko errealitate bat aurkeztu behar genuela, gazteei lehentasuna emanez. Forma aldetik modernoa da, eta funtsean baikorra. Ez da dokumental didaktiko bat, iparraldeko ezaugarriak aztertzen dituena. Erran nezake sorkuntza artistikoa dela. Iparraldeko hainbat artistek parte hartu dute lan horretan, hala nola kantariek, bertsulariek, dantzariek, musikariek, surf eskola batetako zuzendariak, nolaz ez Xala pilotariak, honek baitu egin filma guziaren hari nagusia.

Hedapen aldetik, gazteek erabiltzen dituzten interneteko sare sozialak erabili ditugu oroz gainetik. Horri datxikola, hedatuko dugu hegoaldeko eta iparraldeko kultura guneetan, hala nola mediateketan, gaztetxeetan, festibaletan, gazte aldizkarietan, etabar. Hurbileko telebistetan ere agertu da. Bestalde, filmaren inguruan, mintzaldi batzu antolatuko ditugu, gazteekin bereziki. Azpimarratu nahi dut mugaz gaindiko ekoizpen bat izan dela, eta Gipuzkoako Diputazioaren partaidetza oso garrantzitsua izan dela.

"Herri ixilean"

Funtsean, hegoaldearekilako harremanak joriak izan dira 2010garren urtean ere. Sail horretan, nahi nuke bereziki aipatu, hamargarren urtekari, Getxo hiriarekin antolatu dugun « Iparra galdu gabe » deitu kulturastea.
Aurten, sorkuntza artistiko bat asmatu dugu hiri horretan, Jon Cazenave donostiar argazkilari gaztearekin.
Ondorioz, Getxophoto elkartearen zuzendaritzapean, Euskal kultur erakundeak eta Getxoko Udalak ''Herri ixilean'' deitu erakusketa berria apailatu dugu.
Getxoko kulturaldian estreinatua izan ondoan urrian, Iparraldean eta Euskal Herritik kanpo aurkeztua izanen da helduden urte guzian.
Hogeita hamar bat argazkiz osatua den erakusketaren asmoa Cazenave abizenaren jatorrian oinarritzen da. Gaskoia izanik, Ipar Euskal Herrian hedatua da. Jon Cazenave argazkilaria Iparraldean barna ibili da eta bidai honen irudiak, xuri-beltzez, eskaintzen dizkigu.
Biarnoan, Salies-de-Béarn herriko "Cazenave" auzoan abiaturik, Zuberora joan da Junes Cazenave apeza eta euskal idazle jakintsunaren gana. Probintzia honen errealitatea eta ohidurak nolazpait bereganaturik, Nafarroa Beherea eta Lapurdi zeharkatu ditu, abizen bereko pertsona batzuk ezagutuz.
Bakardadean ingurumenarekin hizketan, argazkilariak Iparraldearen bizimuina nahi izan du hunkitu. Nolabait "Cazenave" arrotz bat euskaldunen lurrean txertatzea eta Euskal Herriaren parte senditzea lortu du bere barnebide ixiletan gaindi.

Sorkuntzaz sorkuntza

Beste hainbat sorkuntza ere izan da iparraldean 2010garren urtean, eta horrek indarberritzen gaitu. Alabaina, euskal kulturari, beste kulturei bezala funtsean, irauteko eta garatzeko, sorkuntzak behar-beharrezkoak zaizkio. Berrikuntzek, nahitaez, bizitasuna eta indarra ematen baitiote. 2010. urteak ere, obra mota ezberdinak eskaini dizkigu. Haietatik bost aipatuko dizkizuet.

«Hau dela, hori dela». Ipuin antzeztuak, Eleka taldearen eskutik. Martxoan estreinatua izan zen Donostiako Koldo Mitxelena zentroan eta geroztik bospasei aldiz eman dute iparraldean. Eleka taldean bi jokolari daude: Kattalin Sallaberry eta Jokin Irungaray, azken honek musika ere jotzen duelarik.
Kattalin Sallaberry, antzerkilari gisa, luzaz ari izana da « Xirristi-Mirristi » konpainian baita beste talde batzuetan. Gaztetxoen formakuntzak ere egin ditu, eta hain zuzen, horrela ezagutu zuen Jokin Irungaray. Elkarrekin lan egiten dute 2006az geroztik ipuinak kontatuz.
Ikusgarri berri hau ere, hemengo eta hango ipuinen mundutik abiatzen da antzerkiari lehentasuna emanez. Horretarako Txomin Héguy maisuaren laguntza ukan dute. Erran daiteke beraz obra hau antzerki bat dela, partikulazki jende helduek preziatuko dutena. Badu bizitasun eta pindar. Goxotasun eta grazia.

« Sakratua ». Dantza ikusgarria, Hiriburuko Leinua taldeak emanik. Martxoan estreinatua, Lapurdi Milafrangako elizan. Koregrafoak: Roger Goyheneche eta Bittor Coret. Musika zuzendaria: Patrick Larralde. Testua: Jean-Louis Davant. Berrogei bat mutil neska dantzari, eta hamar musikari zuzenean.
Dantza ikusgarri honen berezitasuna: eliza barruan iragaiten dela, eta beraz, berehala, dantza pikoek halako sakratu aire bat hartzen dutela, Baxenabarreko bospasei herritan, urtean bi aldiz, Bestaberriz eta Otabaz, Sakramendu Sainduaren ohoretan egiten duten bezala.
Dantza saioa bera aldare zolan ematen dute, publikoa eliza saihetsetako galerietan jartzen delarik.
Ikusgarria, ehorzketa batez hasten da eta Jesu Kristoren gurutzefikatzeaz bukatzen, bitartean bizitzako beste gertakariak, hala nola bataioa, ezkontza, etabar, dantza mota ezberdinez itxuratzen dituztelarik.
Sakratua sorkuntzak merezi du ikusia izatea. 2011an ere oraindik eman beharra dute.

"Xahakoa" pastorala. Urte bakoitz bezala, uda minean, Xuberotarrek pastoral berri bat aurkezten digute. Aurten, Barkoxe herriaren aldi zen. Eta erran dezakegu «herrikoz-herriko» egin dutela. Pastoralaren gaia edo protagonista: Attuli (Alexis Etchecopar), Patrick Queheille obraren idazlea eta Jean-Fabien Lechardoy errejenta, hiruak barkoxtarrak, süjeta eta beste arizale guztiak bezala, edo bertan sortuak edo bertan bizi.
Hasteko eta behin, ohore eta goresmen, Barkoxtarrei, ederki mobilisatu baitira kultura ekitaldi nagusi horren apailatzeko. Asko ikasi dugu joan den mendean bizi izan zen Attilu gizon apalak kultura sailean egin zuenaz, kantu-musika berriak moldatuz berezeki. Harenak dira Bedatsean, Goizean goizik, Sor leküa kitatu, eta oroz gainetik, Xahakua, Niko Etxart rockero famatuak Euskal Herri osoan ezagutarazi duena. Jean-Noël Pinque, süjetak, bere ahots zoragarriarekin publiko nasaia zoratu du eta nola ez aipa Jean-Marie Haritchabalet, Lucien Larraus, eta funtsean, beste guztiak ere. Aupa Barkoxtarrak!

"Errautsak". Hiru konpainia elkartu dira sorkuntza honen prestatzeko: Le Petit Théâtre de Pain, Artedrama eta Dejabu. Estreinaldia 2010eko azaroaren 1ean iragan da, Luhusoko Harri xuri areto berrian.
Drama batez hasten den obra. Odei hil da. Hil berria jakin bezain laster, haren sei lagunek elkar topatzen dute. Bi neska eta lau mutil. Aspaldian elkar ikustekoa zuten. Hasieran, saminak joak. Baina Odeiri egiten dioten azken agurra, negartia izateko partez, besta ertzoa bilakarazten dute, oiesa bezain bitzia.
Sei lagun horiek nor diren? Eta nor zitekeen Odei ? XX. mendeko hirurogeita hamargarren hamarkadan gara. Mundua aldatzear zela sinetsita zeudenengandik sortu ginen. Hautu gaitza, ordea, mundua aldatzea. Musikaz, borrokarako leloz, errepresioz, bestaz eta orotariko drogaz inguratu gintuen gaztaroak.
Antzerkiak, orokorki, erokeria baten itxura dauka. Kanpoz, dena zalaparta. Baina barru-barrutik begiratuz, badauka erranahi sakonik. Nahitaez gure bizitzaren miraila bilakatzen da.
Inprobisaketatik abiatuz, jokalariek berek asmatu dute istorioa, testuaren idazteko aldiz hor zeuzkatela Igor Elortza eta Unai Iturriaga.
Obra gordina, antzezle dohaintsuak, obra bat ez duzuna berehala ahanzten.

"Osaba Vania Oncle Vania". Biarritzeko Théâtre des Chimères konpainiak emanik.
Munduan gaindi ezagutua den obra honen taularatzeko, Chimères konpainiak errusiar idazlearen antzerkia bere erara moldatu du, eta ikuskizuna bi hizkuntzatan emana da: frantsesez eta euskaraz. Euskaraz antzeztuak diren zatiak frantsesez agertzen dira pantailan, halaber frantsesez direnak euskaraz. Esperientzia interesgarria. Eta jokalariak, zortziak onak.

Bertsoz bertso

Duela hogeita hamar urte sortua den Bertsularien Lagunak elkarteak, bigarren aldiz, antolatu du Bertsulari xapelketa. Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarreko hogeiek beren izena emana zuten lehiaketarako.
Kanporaketak, Muskildin hasirik, Aiherran eta Saran pasatuz, finala erdiak Luhuson eta Gabadin iragan dira, finalarentzat Donibane Lohizune hautatua zutelarik. Antolaketa ederki eramana izan da eta saio bakoitzak bildu du jendea, finalak Jai-Alai frontoia kokorreraino betetzen zuela. Azpimarragarria dena: bertsulariak gazteak izanez, gazteria ederra erakarri dutela; bertsolaritzari eta beraz euskal kulturari freskotasuna emanez. Saio guztiak segitu dituzten arabera, gaiak, orokorki, interesgarriak ziren, eta bertsulariek beren dohainen arabera erantzun die.
Aurtengo xapela, duela bi urte bezala, buru beraren gainean pausatu da. Buru bat ezinago argia, zinez jantzia. Amets Arzallus baitugu jadanik, bere 27 urtekin, bertsulari handi-handia. Eta oraindik emanen eta emanen dizkigunak, ikusiko. Eta guk, pozez, beti preziatuko.
Badauzka ere, bere aldean, bertsulari gazte bikainak. Hala nola Odei Barroso, bigarren atera dena, Eneritz Zabaleta, Luhoson arras ona izan zena, eta nola ez aipa Sustrai Kolina, bertsulari fina. Eta beste guztiek ere jakin bezate, haientzat daukagun mirespena.
Bertsularien Lagunak elkarteak, hogeita hamar urte ? Beste hainbat eta hainbat urtez segi dezala orain arte egin duen lan baliosa. Eta onar bitza gure eskerrik zintzoenak.

Amaitzeko, derragun Euskal kultur erakundeak ere hogei urte ospatzen dituela aurten. Hogei urte, guti eta anitz da. Erauntsien artetik, euskal kulturaren alde lan egiten irautea, ez baita gaizki !
Bainan atzoko esperientzia guztiak aholkubide izanez, Euskal kultur erakundeak geroa aurreikusten jakin behar du. Xede horrekin, 2011n « hogeita » deitu epe luzerako ekintza labela abiatuko du ; honen helburua gazteek sortu ekimen berritzaileen sostengatzea izanen da, bai eta euskal kultura modu berezi batez berenganatzeko parada emanen dien tresnak asmatzea. Berrikuntza gazteen ekintzen bidez gauzatuko da, hauen sorkuntzek gainbalioa emanen baitiote egungo eta biharko euskal kulturari.