Euskal kultura Iparraldean 2011. urtean

Belaunaldien hitz uztartuak...

Gure ondare aberatsa oinarritzat hartuz, gizabanakoak, elkarteak edo artistak euskal kultura arraberritzen du, bere gisara moldatzen, gizarteari egokitzen, eta berriro hau guzia ondare bilakatzen da ondoko belaunaldientzat. Ez baitira hemen 2011an euskal kultura mailan gertatu diren guziak aipatzen ahal oro har, urte joria izan da -, ekintza batzuk lehenetsiko ditut, hain zuzen ondarea eta sorkuntza uztartzen dutenak ezinago hobeki.
« Hogeita » deitu programa berritik hasirik, ikusiko dugu zer nolako ausartzia ukan duten iparraldeko lau dantzarik eta bederatzi emazte antzerkilarik batzuk adinaren lorean besteak adinduak bururatzeko itsas ondarearen inguruan ekoiztu « Itsasturiak » izeneko multimedia erakusketarekin.

«Hogeita» programa berria : lehen sorkuntzak loratu dira

Euskal kultur erakundeak bideratu du 2011an hiruzpalau urtetako kultura programa berria : Hogeita izenekoa. Beste hainbat ekintzen artetik, EKE-k nahi du sorkuntza artistikoa sostengatu, oroz gainetik gazteak aktore izanez. Euskal kultura dinamika berri batean sarrarazi nahi du, kultura adierazpen ezberdinetan. Horretarako, egitasmo deialdi andana bat alhan ezarriko du, ahantzi gabe haur eta gaztetxoei ekarri nahi diena, eskola denboran, euskal kulturaren ezagutzeko euskarriak proposatuz, beste partaide batzuen laguntzarekin. «Hogeita» egitaraua ez da alor artistiko bakar batera mugatzen. Naturalki irekitzen da sortzaile gazteek maite dituzten adierazpideetara, besteak beste teknologia berrien bitartez. Horrela, arreta berezia emanen zaie arte bisualei (arte plastikoak, argazkilaritza, grafismoa...).
Halere, euskal kulturaren oinarria den euskararen tokia ezinbestekoa izanen da, bai sortze prozesuan, bai sorkuntzaren inguruko bitartekaritzan ere. Aurten hasi da programa hau, eta jadanik hainbat ekintza obratuak izan dira. Nahi nituzke hemen hiru aipagarrienak zerrendatu, non ere arte bisualak eta euskal gazte literatura lehenetsiak diren.
Lehenik, otsaila hastapenean berean, «Irudimena» izeneko sormen lehiaketa bat antolatu dugu, interneten bidez, Azkue Fundazioaren partaidetzarekin. Lehiaketa horren helburua euskal kulturaren inguruko sormen literarioa eta grafikoa bultzatzea izan da gazteen artean. Web-orri baten bitartez, 12 argazki proposatuak izan zaizkie bisitariei, eta parte hartu nahi duenak argazki bat hautatu behar du. Argazkian oinarrituz bi aukera ditu : edo euskarazko testu baten idaztea, edo irudi berri baten sortzea. Laurogei bat parte hartzaile izan dira zazpi probintzietarik eta oro har, arras emaitza ederrak eta nabarmenezkoak agertu dira. Lehiaketa hau berriro egina izanen da 2012an.

« Hogeita » programaren bigarren ekintza haundia arte bisualen inguruan bultzatua izan da, oroz gainetik bideoa, argazkia eta grafismoaren alorretan. Ekimen honetan, Euskal Kultur erakundeak bi egitasmo hautatu behar zituen, eta hauek sostengatu, bai ekonomikoki, bai sorkuntza eta hedapenean.
Epai-mahai zabal bat osatu du, arte bisualen munduko jende adituekin, hala nola Miarritzeko Arte Goi Eskolako zuzendaria, Donostiako Tabakalerako arduradun bat, Hendaiako Abadiako CPIE elkartea, Euskal Herri Zuzenean festibaleko gi gazte, edo oraino Senpereko Berinak elkartea.
Hogeita hameka proposamen eskuratu ditugu, ipar eta hegoaldetik, baina ere Hego Ameriketatik, eta orenak eta orenak eztabaidan iragan eta, bi irabazle agertu dira : Baionako Bertrand Dezoteux filma egile gaztea, eta Donostiako Nader Koochaki Etchevarria.

 

 

Hautaketa zaila izan da baina epaimahaikide ezberdinak izan arren, adostasun batetara heldu gara. Alde batetik, Bertrand Dezoteux hautatu dugu, bestekilakoaren gaia tratatzen baitu eta forma aldetik hiru dimentsioetako filma moderno bat proposatzen baitu. Nader Koochaki antropologoak aldiz atzoko objektuetarik abiatu eta, haien eraldaketa lantzen du, bai eta ere memento berean, jendeen irudipena, argazkitan edo bideotan agertuko diren objektu zaharren eta berrien aitzinean. Bi egitasmo ezberdin beraz, ikusgai izanen direnak Baionan abenduan, edo gero hegoaldeko erakusgela batzuetan, hala nola Bilbon.

 

 

Azkenik, azpimarratu nahi nuke « Hogeita » programaren barnean garatu ekimen bat, euskal literaturaren bultzatzeko sortua izan dena, beste partaide batzuekin batera.

Euskal Idazleen Elkarteak, Euskal Itsasbazterreko IAEZIk (Ingurumen Aldeko Ekimen Zentro Iraunkorrak) eta Euskal Kultur Erakundeak beren baliabideak eta gaitasunak bateratu dituzte Literatura egonaldi bat antolatzeko. Karia hortara euskal idazle gazte bat gomitatu dugu Abbadia eremura, Hendaian.
Lehen ediziorako, aurkeztu diren bost euskal idazleen artean, antolatzaileek Fernando Morillo azpeitiarraren proposamena hobetsi dute. Hogeita bost liburutik gora idatzi ditu, gehien bat haur eta gazte literaturaren esparruan. Anitzetan, gazteen mundua literaturaren eta zientziaren paisaietara erakartzera saiatu da bere obretan. Fernando Morillo-k Abbadia eremuko Nekatoenea baserri eraberrituan iragan du bere egonaldia, 2011ko urriaren 17tik azaroaren 20ra. Euskarazko eleberri bat idatzi du tarte horretan, Abbadiako eremua esparrutzat hartuz, halaber Txingudiko badia edo euskal erlaitza, kondairek Antoine dAbbadie ikertzailearen bizia ere gurutza dezaketeelarik. Laster, sorkuntza hau argitaratua izanen da, eta hurbileko lan bat eginen du idazleak, inguruko ikastetxeekin.

Gehitu behar dut ere programa hau dela eta, gure elkarte kideek baliatu nahi dutela « Hogeita» labela, gazteei zuzendu egitasmoen obratzeko. Adibide bezala, Donibane Garaziko Itzal Aktiboa elkarteak GazteArtea lehiaketa antolatu du arte plastikoen alorrean, eta Zaloa Ipiña Bidaurrazaga Bilbotar gazteak irabaziko du, Argi distira 7 izeneko argazki lanari esker.
Halaber, Aldudarrak  bideo egiturak « KlipKlap » deitu bideo lehiaketa antolatu du, eta hemen, hemezortzi bideo proposamenetarik, Amikuztarrak taldeak irabazi du lehen saria, « Euskal televisionea » deitu labur metraiarentzat.
Ekintza hauek orok euskal kulturari forma ezberdinak emaiten dizkio, eta besteak beste gazteak erakartzeko egokiak dira. Artista horiek euskal kultura berrikusten dute, errealitatetik irudimenean sarrarazteko. Eta preseski, kulturak irudimenaren eta gogoetaren iturri izan behar du.
Horretarako, « Hogeita » programak segida bat ukanen du oraino 2012 eta 2013an, ikusgarrigintza sailean besteak beste, eta dena den, programa honen argibide guziak eskura daitezke, www.hogeita.com webgunera joanez.

Iragana gaurkotuz

Aurten ere, iparraldean, sorkuntza mota batzuk ikusi ditugu. Iraganean oinarriturik, lekukotasun paregabeak agertu zaizkigu geroari buruz gogoetatzeko. Hiru aipatuko ditut.

Monzon pastorala

Pierre Bordaçarre, Iruri Etxahuneko nagusi kantugile eta txirüla jotzaileak, Etxahun  Iruri deituak, balentria ederra egin zuen 1953an, bere lehen pastoralaren gaia Euskal Herrian berean aurkitu baitzuen, Barkotxeko Pierra Topet-Etxahun koblakari handiaren bizitza kontatuz.

Urte berean beste bi pastoral plazaratu ziren: Napoléon  1er eta Sainte-Hélène, azken bi izenburu hauek ezinago hobeki erakusten baitute ordurarte nolako gaiak erabiltzen zituzten pastoraletan. Etxahun-Iruri eskertzekoa da beraz, Frantziako errege edota inperadoreak baita saindu ospetsuak bazterrera utzirik, haiek goraipatzen segitzeko partez, euskal poeta madarikatu baten ezagutarazteko eta ohoratzeko xedea hartu baitzuen. Bihurgune garrantzitsua!

Geroztik, urtez urte, Zuberoan ikusten ditugun pastoralak, gehienak Euskal Herriko historian oinarritzen dira, eta pertsonaia hauek, besteak beste, argitan ezarriak izan dira: Abbadia Urrustoi, Agustin Xaho, Zumalakarregi, Iparragirre, Santa Cruz, Harispe Marexala, Xalbador, Aguirre Presidenta.
Arrokiagan sortutako Aguirre  Presidenta pastoralan, Teleforo de Monzon jaunaren papela, hain zuzen, Jühañe Bordaxar, bertako seme kantariak egin zuen. Orduan konturatu zen, Monzon, norbait handi izana zela, nola politikan, hala kulturgintzan, eta merezi zuela pastoral baten bidez hobeki ezagutua izatea. Horretarako, haren heriotzearen 30. urteurrena ongi zetorren.
Larrañe herriak bere gain hartu du pastoralaren prestaketa, eta bere zazpi egin ahalak egin ditu kausitua izan zedin, Jean-Pierre Récalt errejentaren laguntzarekin. Mendiko ahots ozenak eta dantzari trebeak ikusi eta gozatu ditugu, eta Monzonek berak idatzi kantuak, publiko osoak xaramelatu dituenak, ezinago hunkigarriak ziren. Monzon  Pastorala hiru aldiz eskaini digute: abuztuaren 7an eta 13an Larrañen eta irailaren 17an Bergaran.
Azpimarratu nahi dugu pastoral idazle berri bat sortu zaigula: Jühañe Bordaxar. Eta hasian-hasi, beste obra bat egin baitu, datorren urtean berean preziatzen ahalko dugu Arrokiagan.

Oroitzen naiz...

Taulada gainean hiru gizon agertzen zaizkigu eta erdi ilunpean direlakoz, ez digute beren adin handia garbiki erakusten. Gainera, zut-zuta daude, gazte lerdenak irudi, beren atorra zuri apainekin.
Nor ditugun hiru gizon horiek ? Philippe Oyhamburu, 90 urte ; Jean Nesprias, 84 urte ; Koldo Zabala, 75 urte. Hiru gizon, beren bizi luzean, dantza eta musika munduan sekulako lana egin dutenak, eta oraindik ere, nota bat entzun orduko, laster altxatzen direnak. Mizel Théret koreografoak hiru artistak bildu ditu, hasieratik abisu hau emanez: «Helburua ez da sorkuntza honen bitartez nolabaiteko omenaldi bat eskaintzea, ez eta nostalgiaz beteriko begirada bat ekartzea bakoitzak ezagutu duen ibilbideaz, baina haien gizatasunaren sakontasuna agerraraztea».
Dantzari maisu bakoitza oroitu da bere biziko gertakari garrantzitsu batez, eta horrelaxe, mugimendu handirik gabe, keinu gutirekin, urrats ttipienak ere, indartsu bilakatu dira, ikusgarri intimista bezain hunkigarria eskainiz.
Bukaeran, Mizel Théret bera dantzan hasi da, zaharren eta gazteen arteko lotura nolabait erakusteko. Transmiosioa behar-beharrezkoa baita geroa segurtatzeko. Horrela izan bedi alor guztietan, euskal kulturaren onetan !

Les Translatines antzerki festibalaren barnean, Emabide sorkuntza plazaratua izan da. Euskal Herriko bederatzi emazte mintzo dira, bata bestearen ondotik. Adin ezberdinak dituzte: gazteenak 19 urte, zaharrenak 75.
Ikusgarri horren prestaketan, Didier Ruiz zuzendariak lagundu ditu, laguntzaile zeukala Txomin Héguy.
Emazte bakoitzak, xumeki eta xeheki, bere biziko mementu berezi bat kontatu digu, tarteka, kantu bat edo beste emanez.
Aipatu dituzten gai zenbait: Hazparneko zapatategi bateko lehenengo greba, Munduko Bigarren Gerla denboran iheslarien eskutatzea, ikastolako erakasle izatea, Marokoko emazte bat nola integratu den Euskal Herrian, etabar.
Aipatu dizkiguten gaiak bata bestea bezain interesgarriak ziren, eta batzuk, jakin izan dute, solas seriosen artean umore fina erabiliz, jendeari irri eginarazten. Bederatzi emabide, bederatzi ikusmolde, bizitzaren beraren alde!

« Itsasturiak » multimedia erakusketa : arrantzaleak ohoretan

Hau izan da 2011an, Euskal kultur erakundearen beste lan ildo handia : publiko zabalari euskal itsas ondarearen ezagutarazteko gidabaliabide baten eskaintzea, "Itsasturiak" deitu dugun erakusketaren bitartez.
Erakusleiho honek itsas munduaren inguruko lekukotasun berri bat eskaintzen du, Donibane Lohizune - Ziburuko marinelen bizia multimediaren bidez kondatuz.
Hiru hizkuntzatan (euskaraz, frantsesez eta gazteleraz) eginik, itsas mundua barne-barnetik sendiarazteko xedea dauka erakusketak, entzun eta ikusgai diren lekukotasunen bitartez : hirurogeita hamabi filma-zati, sei orduko grabaketa, denek aipatzen dituztelarik portuaren eta arrantzaren inguruko historiak. Hauen artean, arrantzaleak berak, baina ere haien emazteak, arrain-saltzaileak, edo berdin itsasontzietan zoazen erizainak.
Lekukotasun horiek norberaren erritmoan gozatzekoak dira. Izan ere lekukoek utzi argazki edo berdin tokian-tokiko arrantzari buruzko bideo-dokumentalak aplikazio elkarreragile batzuen bidez kontsultagarri dira.
Gure euskal ondarea osatzen duen itsasturien mundua - mundu dorpea bezain miresgarria - ezagutzeko parada ezin hobea.
Erakusketa hau Donibane Lohizunen estreinatua izan da irailean eta zinez harrera ona ukan ; halaber anitz haur eta erakasle etorri da itsas historia horren barnatzeko. Abendutik goiti, Baionako Artxibategi zentro egonen da hiru hilabetez, eta gero udaberrian, Donostian.

Eguzkia ederra da goizeko arginabarrean, ederragoa oraino gauekoa itsasoaren luhartzean, beti esperantza baitugu berriro agertuko dela, biharamunean. Itxaropen bera daukagu gure bihotzetan, beti nahi dugulakoz ikusi euskal kultura eguzkitan. Laino guzien artetik, izpi ederrik ikusi dugu urte honetan !