Hemen zaude: Hasiera Euskal kultura Bertsularitza Bertsularia Emaztea bertsularitzan

Emaztea bertsularitzan

Emaztea plazetan eta lehiaketetan agertzea fenomeno berria da. Denboran ari izan ziren bakar batzuen izenak baizik ez zaizkigu iritsi. Gaur ordea 2009an, lehen aldiz, Euskal Herriko bertsulari txapelduna emazte bat izan da.

Miren Artetxe
Miren Artetxe. Xi-La-Ba 2010 (EKE - Jakes Larre)
Beti  izan dira emazte bertsulariak, bainan iceberg baten gisan, guti agerian eta anitz ezkutuan, gizarte kodigoen eta debekuen ondorioz.

Jadanik erran dugun bezala, Koldo Mitxelenak hauxe dio "Euskal literaturaren historia" bere liburuan: "Bertsularien ohidura zaharra dela, eta bederen Garibay-k aipatzen dizkigun XV. mendeko emazte bertsularien garaikoa dela". XV. mendeko dokumentuetan aipatzen diren emazte bertsulariak  kantu epikoen edo eresien egileak ziren. Horregatik zigortuak izan ziren. 1452ko Bizkaiko Foruan espresuki debekatzen ziren emazteen kantu eta kopla publikoak.

Eremu publikotik desagertu baldin bazen, segitu du emazteak bertsotan etxeko giroan gehienik. Hala ere plazan ibilitako batzu ezagunak dira.

Iparraldeko emazte bertsulariak XIX. mendetik 1960 hamarkada artean

Bertsularitzaren historia luzeari behako bat lehenik, batez ere Iparraldekoari, beti Neurtizlari, Bertsulari, Iparraldez Beñat Soulé-ren liburua lagun. XVI. mendetik XX. mendera, 1960 hamarkada arte, bertsutan ari izan diren emazteak esku baten erhietan errexki kondatzen dira. Lau, hain zuzen: Mari Luixa Erdozio (1846-1925), Mariana Hargain Etxepare (1860-1925), Mariana Etchegaray Baraziart "Aña debrua" deitua (1873-1939), eta Bernadeta Borda Charriton (1959-...) "Itxaro Borda" izenarekin ezagutua.

Mari Luixa Erdozio (1846-1925)

Iparraldean ezagutu eta aurki daitekeen bat-bateko emazte bertsulari zaharrena. Mari Luixa Erdozio, 1846an Azkainen sortua,  lanbidez laboraria izan zen Azkaine "Patinenia" etxaldean eta azkenik Donibane Lohizuneko Fargeot auzoan. Sei haurren ama zen eta Donibane Lohizunen hil zen 1925an.

Anton Abadiaren Lore Jokoetan parte hartu zuen Saran hiru aldiz: 1869an (irabazle D'Ibarrartekin batean), 1875ean (irabazle Etchetorekin batean) eta 1884an hirugarren.

Bertsu emanaldi bikaina egin bide zuen 1875an M. Etchetorekin gaia zutela: "gerlara zoan gizon gazte (Etcheto) baten adioak bere andregaiari (M. L. Erdozio)". Entzuleetan zegoen De Chambrun andereak sari berezi bat eskaini zion bukaeran azkaindar emazteari.

Mariana Hargain Etxepare (1860-1925)

Ezpeletan sortua zen bat-bateko bertsularia eta bertsu jartzailea. Kanbon bizitu zen "Hegontoinia" baserrian espartingintzan eta laborantzan ari izanez. 1891n ezkondua, seme baten ama zen. Hil zen Donapaleun 1925ean. Kanbon agertu zen lehen aldiz plazan kantukide zituela D'Ibarrart, Laztiri eta Soule. Baina gehienetan kantukide zuen gazteago izanagatik Aña debrua deitu emazte bertsularia. Arrakasta handia biltzen zuten bi andereek eta anitz galdetuak ziren.

Anton Abadiaren Lore Jokoetan irabazi zuen D'Ibarrartekin batera 1888an Kanbon. Parte hartu zuen bestalde M. Guilbeauren "Euskal Bestak" sariketetan: 1894an Hazparnen (4.), 1895ean Ezpeletan (irabazle) eta 1896an Kanbon (3.), baita ere Euskaltzaleen Biltzarraren sariketetan 1907an Kanbon (3.). Sariketa horiez bestalde Mariana Hargainek asko bat-bateko bertsu kantatu ditu ezteietan, bataioetan eta komunionetan.

Mariana Etchegaray Baraziart "Aña debrua" (1873-1939)

Mariana Etchegaray ''Aña debrua''
Mariana Etchegaray (1873-1939)
Mariana Etchegaray "Aña debrua" izenez ezagutua Lekornen sortua zen 1873an. Ezkondu zen Hazparneko Joanes Inzabirekin. Hazparneko Hazketa eta gero Peña auzoan bizi izan ziren. Sei seme-alaben amak zapatagintza eta ostalaritza zituen lanbide. Hazparnen hil zen 1939an.

Bat-bateko emazte bertsularia zen. M. Guilbeauren "Euskal Bestak" sariketetan parte hartu zuen 1894an Hazparnen (irabazle) eta 1896an Kanbon (hirugarren). Bertsu jarri bat ezagutzen zaio (Oraiko dama gaztiak).

Azpimarratzekoa bat-batean kantatu duela gehienik familietako ospakizunetan (eztei, bataio, komunione). Kantukide ukan ditu Petti hazpandarra baina gehien bat Mariana Hargain kanboarra.

Itxaro Borda
Itxaro Borda (EKE - Maia Etchandy)

Itxaro Borda (1959-...)

Mariana Etchegaray "Aña debrua"  hil-eta hogei urte berantago, Bernadeta Borda Charriton sortu zen Baionan, denek Itxaro Borda izenarekin ezagutzen dugun idazle, olerkari eta kantu egile ospetsua. Historiako goimailako ikastekak eginik postako langilea da eta Maulen bizi da.

Hasi zen plazetan bat-bateko bertsuak kantatzen hala nola 1978an Hazparnen, Joanes Arrossagarai eta Jean-Louis Hariñordoki (lehen aldiz) lagun zituela. Baina laster bertsu idatzietara pasatu zen. Bertsu jartzaile eta liburu idazle oparoa dugu Itxaro Borda.

Aldaketa garaia

1980. hamarkadarekin transmisioa griña nagusia zela, lehen bertsu eskolen sortzea eta bertsugintzaren egituraketa ikusi dugu. Honekin batean emaztearen presentzia garatu da. Bertsulari izaiteaz gain, badira gai-egileak edo gai-jartzaileak, gai-emaileak, epaileak. Hiru probintzietan, bertsozale elkartearen lehendakaria emazte bat da: Nafarroan Alaitz Rekondo, Gipuzkoan Saroi Jauregi eta Iparraldean Joana Itzaina.

Bertsu eskoletan kasik gehiengoan baldin badira, ez da oraindik hala plazetan. Eskoletatik oholtza gainera pasatzea askori neke zaie gainditzea.

Pausu hori egin duten lehen emazteetan hor ditugu besteak beste Arantzazu Loidi, Eztitxu Arozena, Maialen Lujanbio. Preseski azken honek hizki handiz markatu du emaztearen lekua bertsularitzan. Lehenik lehen emaztea izanez Euskal Herriko txapelketa nagusiko finalean 1997an: 8. bururatu bazuen ere, gaitzeko antzinamendua izan zen. Zer esanik ez, 2009an Euskal Herriko bertsolari txapelketa irabazi duen lehen emaztea izanez!

Baina Maialen Lujanbiok dion bezala: "Kosta egiten da emakumeen lorpenak aitortzea, eta txapela irabaztea, sinbolikoki, pauso bat da".

Maialen Lujanbio, Andoni Egaña
Maialen Lujanbio txapelduna, Andoni Egaña. Euskal Herriko Txapelketa nagusia, 2009 (EKE - Maite Deliart)


Emaztea eta bertsularitza
Bost urte ditugu emakume bertsolarien historia berreskuratzeko | 2016-03-08, Gaitzerdi

Tags:

XIX. mende hasierako emakumeen bertsoak aurkitu dituzte artxiboan | 2014-12-02, Tolosaldeko Ataria

Asteasuko artxiboan 1816. urte inguruko Maria Ignazia Mugikakoak eta bere ahizpek, aitak lagunduta, Maria Magdalena Lertxundikoaren aurka jarritako salaketaren dokumentazioa aurkitu berri dute. Aferak duen berezitasuna da irainen berri bertsotan eman zutela. «Garai hartan bertsoa zen komunikatzeko modurik arruntena, gaur egungo whatsapparen alderatu daiteke. Emakumeek, noski, bertso horien sorreratan hartzen zuten parte. Iraintzeko edo berriak kontatzeko bertsoa erabiltzen zen», azaldu du Ereiteneko Amagoia Piak, hain zuzen astean behin artxiboa txukuntzera joaten den artxibozainak. Piak Iago Irixoaren laguntza izan du lana egiteko.

Tags:

Inprobisazioa eta umorea taillerra: Zabaldu da Virginia Imazen formazio tailerrean izena emateko epea| 2014-04-29, Bertsoa.com

Bertsozale Elkarteko Genero Taldeak sorkuntzari begirako formazio tailerra antolatu du, 4. urtez, Oihulari Klown taldeko Virginia Imazekin. "Inprobisazioa eta umorea eskenategian" deritzo tailerrak, eta asteburu pasako formatua du. Uztailaren 4tik 6ra egingo da Bergarako Aibar baserrian (Oihulari Klownen aterpetxean). Izen ematea zabalik dago maiatzaren 30era arte.

Tags:

Zergatik Wally? Emakumeen presentzia bertsolaritzan | 2014-02-13, Argia Multimedia

18 urterekin gertatzen den fenomeno bitxia argitzea izan liteke erronka nagusia bertsolaritzan genero berdintasuna lortzeko: alegia, nerabezaroan neska gehienek zergatik uzten duten, edo zehatzago esanda, zergatik diren mutilak jarraitzen duten gehienak. Gidoia: Estitxu Eizagirre eta Miren Artetxe Marrazkiak: Axpi Animazioa: Josean Abecia Lanz.

Tags:

'Bidea urratu duten bertsoak' sarean eskuragarri | 2014-02-11, bertsoa.com

Argia astekariak emakumezko bertsolarien lehenengo bilduma argitaratu du 'Bidea urratu dituen bertsoak' goiburupean. Orain bertso horiek sarean jarri ditu eskuragarri.

Tags:

'Bidea urratu duten bertsoak' emakumezko bertsolarien lehen bilduma | 2014-02-06, bertsoa.com

Emakumezko bertsolariek XIX. mende bukaeratik hona ondutako bertsoak argitaratu ditu Argia Astekariak liburuxka batean, Bidea urratu duten bertsoak. Ezagutzen den lehena, 1885ko da, eta ordutik gaur egunera bitarteko bertso bide urratzaileak jaso ditu Estitxu Eizagirrek.

Tags:

Bertso eskola feminista Zarautzen (ez bertsolarientzat ere bai) | 2014-01-25, Gaitzerdi - Argia

Otsailean bertso eskola feminista emango dute Zarautzen Uxue Alberdik eta Ainhoa Agirreazaldegik. Aurretik, urtarrilaren 27an (18:00etan), ikastaroaren aurreko sarrera-hitzaldia egingo dute udaletxeko ikastaro gelan. Bertso eskola feministara joateko ez da bertsolari izan beharrik, jakin mina eramatea aski da.

Tags:

'Bidea urratu duten bertsoak' ARGIArekin, otsailaren 9ko alean, opari | 2014-01-26

1885 ingurukoa da ezagutzen den lehen bertsoa, eta ordutik gaur arte emakumeek urratutako bidea bildu dugu, bertsoen bidez. Ezagutzak itzuliko ahal die dagokien lekua.

Tags:

''Bertsolaritzatik edonora'' / Maialen Lujanbio | Berria.info

Bilboko Bizkaia Aretoan BizBakek antolatutako Euskaraz bizi, sentitu, adierazi: Kultur-eduki erakargarriak sortzeko bideak udako ikastaroan emandako hitzaldia: Bertsolaritzatik edonora izenburupean. Tradizio eta garaikidetasuna «era naturalean» uztartzea lortu izana da, haren iritziz, «bertsolaritzaren lorpenik handienetariko bat». Lujanbioren ustez, «bizirauteko premiak eraman du bertso mundua zabala izatera eta esperimentatzen arriskatzera». 2012-06-27.

Tags:

Joxepa Anttoni Aranberri: Historia liburuetan kabitu ez arren, ahoz aho idazten den historian ageri da Xenpelarren iloba bertsolaria | Gaur8

Iñigo Legorburuk Errenteriako Mariasun Landa sarien lehen edizioa irabazi zuen "Joxepa Anttoni Aranberri, Xenpelarren itzalpean argi-izpi bat" izeneko artikuluarekin. Xenpelar-en iloba bertsolaria zen, inork ezagutzen ez zuena.

Tags:

Gehiago…