Hemen zaude: Hasiera Euskal kultura Bertsularitza Ipar Euskal Herriko bertsularitza

Ipar Euskal Herriko bertsularitza

Lapurdi, Baxe Nabarre eta Xiberoa lurraldeetan, bertsularitzaren historia joria izan da, nahiz gorabeherak ezagutu. Gaur Bertsularien Lagunak elkartearen helburua da transmisioa, garapena eta geroa segurtatzea.

L'improvisateur de Gabriel Roby
''L'improvisateur''. Gabriel Roby (Baionako Euskal Museoa)
Neurtizlari, Bertsulari, Iparraldez Beñat Soulé-ren liburua oinarritzat hartu dugu atal honen osatzeko. Urte luzeetako ikerketen emaitza paregabea. Lan honetaz Mixel Itzainak dio: "Liburu aberatsa, Iparralde huntako bat-bateko edo bertsu jarriez ari zaukuna... Harrigarri da zenbat izan diren, hiru probintzietan, bertsu lanean bermatu direnak. Bat bertzearen ondotik hor dira ezagunak, bainan gehiago oraino ez ezagunak! Horiek denek baitute hoberenen lurra ondu, preparatu! Ez baita nehor hutsetik abiatzen".

Liburuan, 143 bertsulari konda daitezke orotara. Lau ez ezik denak gizonak. Zaharrena Bernat Detchepare 1490 inguruan sortua, gazteena Aitor Sarasua 1967an.

Bertsulariak lurraldez lurralde

Xalbador, Mixel Labeguerie, Mattin
Xalbador, Mixel Labeguerie, Mattin
Bertsularia. Baxenabarren maiz koblaria (edo koplaria) deitua eta Xiberoan berriz koblakaria.

Lapurdi lurraldean B. Soulé-k 70 bertsulari zerrendatu ditu, Baxenabarren 62 eta Xiberoan aldiz 11.

Iparraldean mendez mende, lurraldez lurralde izan direnen ezagutzaren gainbegirada eginen dugu, gehiago jakin nahian edo jakinminez daudenei Beñat Souléren liburua gomendatuz.

Lanbidea edo jatorri soziala

Mixel Aire Xalbador II
Mixel Aire Xalbador II, artzaina bere aita bezala
Lanbide sektore hauetan sailka daitezke:

  • Laborantza, artzaintza edo lur lanetan arituak (52)
  • Apez edo fraile (21)
  • Funkzionario edo gisa bereko lanetan arituak (17)
  • Eraikuntza edo etxegintza (14)
  • Oihalgintza, jantzigintza edo zapatagintza (14)
  • Komertzio, saltegigintza (9)
  • Zerbitzu lan ezberdinetan arituak (8)
  • Lanbide liberalak (mediku edo beste) (4)
  • Lanbiderik ezagutu ez zaiotenak (4)

Bat-batean edota idatziz

Beti Beñat Soulék Neurtizlari, Bertsulari, Iparraldez bere liburuan dionaz, 15 bertsulari soilik bat-batekoan ari ziren; 66 bat-batekoak eta bertsu jartzaileak ziren eta 62 bakarrik idatzizkoan ari.

Lehiaketak

Interesanta da zein estakurutan eta okasionetan lehiatzen ziren jakitea.

Bat-batekoan:

  • Anton Abadia-k antolatu Lore jokoak (idatziz eta bat-batekoan,lehena 1853an)
  • Guilbeau medikuak antolatu Euskal bestak
  • Euskaltzaleen Biltzarrak antolatu sariketak (1901etik goiti)
  • Teodoro Hernandorenak antolatu sariketak (1946-1966)
  • Euskal herriko txapelketa nagusiak (lehena 1935an, geldiune batekin 1960 arte)
  • Nafarroako txapelketak
  • Lapurdiko xapelketa 1987an (Kesus Arzallus xapeldun)
  • Xi - La - Ba Iparraldeko xapelketa (2008an hasia, bi urtetarik antolatua)
  • ... eta periodikoki han ta hemen antolatu sariketa berezi batzu.

Bertsu jarriak:

  • Anton Abadia-ren Lore Jokoak
  • Guilbeau-ren Euskal Bestak
  • Euskaltzaleen Biltzarra
  • Herria astekaria
  • Gure Herria aldizkaria
  • Basque Eclair egunkaria
  • Iparragirre elkartea (3 urtez, 1988-1990 artean, Kesus Arzallus, Mixel Lekuona, Mixel Itzaina bultzatzaile)
  • Xiberoan Bil Xoko eta Abotia elkarteek 2000 inguruan, 4 urtez, bertsu jarriak lehiaketa antolatu zuten Müsikaren egunaren karietara.

Bertsularien Lagunak

Bertsularien Lagunak1980. hamarkadatik, bertsularitza Iparraldean sustatzen duen Bertsularien Lagunak elkarteak aro berri bat ideki du.

Iparraldeko bertsularitzaren oraina eta bereziki geroa bultzatu nahi duen erreferentziazko elkartea.

Honen sortzea, ibilbidea eta helburua lortzeko daramazkin alorrak zein diren sakontzea proposatzen dizuegu:

XXI. mende hastapen honetan, geratzen diren eginbeharrak eta desafioak edo erronkak oraindik handiak dira, Maiana Irigoyen eta Amets Arzallus bertsulariek kantatzen duten bezala (Iparraldea XXI).

Belaunaldi berria

1980 hamarkadatik goiti, ikastetxe ezberdinetan eta bereziki ikastoletan bertsularitza erakasten delako bai eta bertsu eskolen eraginez, bertsulari belaunaldi berri bat agertu da. Horien artean, Amets Arzallus hendaiarra,  Euskal Herriko Bertsulari Txapelketa Nagusian Txapeldun izan dena 2013an. Lehen aldia da Txapelketa hunen historian irabazlea Iparraldekoa dela.

Amets Arzallus Txapeldun
Amets Arzallus Txapeldun. 2013ko Txapelketa Nagusia (Bertsozale.com)

Berekin batean aipa ditzagun besteak beste Sustrai Colina, Odei Barroso, Eneritz Zabaleta, Xumai eta Maindi Murua, Maddi Sarasua, Iparraldeko ordezkarien artean. Gehienen izenak Euskal kultur erakundeko errepertorioan, bertsularien datubasean zerrendatuak aurkituko dituzue.

Iparraldeko bertsularitza munduko eragileak

Xan Alkhat bertsularia - Bat-batekoan! (cc-by-sa Nahia Garat)

Bertsulari, gai-egile, gai-emaile, saio antolatze, lehiaketak eta txapelketak, bertsu eskolak eta baliabide zentroak, Euskal kultur erakundearen datubasean zerrendatuak.

Interneten
Bertsolaritza ikertzeko sari deialdiak zabalik

Bertsolaritza ikertzeko bi sari eskainiko dira aurten ere, Mintzola Ahozko Lantegia eta UPV/EHUko Mikel Laboa Katedraren eskutik. 2.000 euroko bi sari esleituko dira eta deialdia zabalik dago. Lanen ikergai nagusia bertsolaritza izan behar du eta edozein jakintza-alorretik aztertu ahal izango da. Urriaren 15era bitarte egin ahal izango dira eskariak."

Tags:

«Gaur, gazteak entzunda, irudi luke bertsolaritza lana dela» | Berria.eus

Tags:

Hego Lapurdi Lurralde Eremuko ikastetxeen bertsu topaketak Donibane Lohizuneko RAVEL entzunaretoan | 2017-06-22, Bertsozale Elkartea

Hego Lapurdi Lurralde Eremuko Euskara zerbitzuak, Bertsularien Lagunak elkartearekin partaidetzan, seigarren urtez segidan, 2016/2017ko ikasturtean bertsularitzaren inguruko «bertsulari bat klasean» proiektua proposatu die lurraldeko ikasleei. Sei saioz osatutako proiektu hau lehen mailako eta kolegioko ikasleei zuzendu zaie. Saioak bukatzeko, parte hartzaile guzien arteko topaketak antolatu dira Donibane Lohizuneko Ravel entzunaretoan 2017ko ekainaren 15, 19, 20 eta 22an.

Tags:

Gehiago…