Biribilgune

2014/04/12

Hegazkina zazpi eta erdietan abiatzekoa zen; erregistratzeko puskarik ez bainuen, ez nuen oren bat aitzinetik han izaterik, eta astiz ibiltzen ahal nintzen bidean. Gustatzen zitzaidan argitu aitzin etxetik ateratzea. Iduritzen zitzaidan orduan, pittaka-pittaka agertzen ziren eguzki izpiek oraino itsu-mandoka zebiltzan izaki-izadiak laztantzen ikustean, gizakiak  nehoiz  menperatuko ez  zuen  errito magiko baten lekuko pribilegiatua bihurtzen nintzela. Usaian egun osoa ez zitzaidan aski une misteriotsu, isil eta bozkariagarri horretan parte hartzeko behin-behinean onetsi ninduen naturaren eskertzeko. Goiz hartan ere, itzalen desagertzea miretsi ahal izan nuen, eta memento luze batez, aspaldi ahantziak genituen eguzki agertzearenganako esker onezko otoitz paganoak errezitatzeko gogoak bihotza iraultzen zidala, xoraturik bezala atera nintzen herritik eta errepide hutsean sartu.

Bazterrak  koloreztatu  ziren  ber  lilura  ezabatu  zelarik,  irratia  piztu  nuen berrien    entzuteko.   Betiko    mitxa    azalduz,    berriketariak   jakinarazten   zuen Frantzia osoan kanpaina handi bat hasia zuela gobernu ezkertiarrak delako rom herriaren aurka, jende haiek beren kanpamentu eta herrixketatik haizatuz eta Errumaniara "etxeraraziz" –aitzineko gobernu eskuindarrak ez bezala haatik, indarkeriarik batere erabili gabe, omen–. Egia erran, ezagun zuen kazetariak asaldatua zirudiela, eta banekien gure herriko presuna eskolatu eta bereziki ezker aire politizatuek ere urrikalgarritzat zituztela jende gaixo haiek, edozein maneraz Frantziara berriz itzuliko zirenak beren sorterriko miseriari ihes egiteko. Baina nire baitan nindagoen euskaldunok psikologia biziki konplikatua genuela: alde batetik, gure gizartean ontsa ikusia zen bihotz-zabal agertzea holako gaiak aipatzean, Paris edo Marseillako gizaki baztertu haienganako; bertzaldetik, alta, jendarteak eraiki normetan sartzen ez ziren "pertsona diferenteak" deitzen zirenak –gaineratekoak denak "berdinak" balira bezala– ez genituen begi onez onartzen guk guhauren eskualdetan.

Katixa Dolhare-Çaldumbide

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da.