Hogeita

2010/05/29

[+] Testuaren irakurketa bat entzun!

Azken aldikoz nintzen Siziliako gazaitaren ikustera joan. Hogeita bat urterekin hasi nintzen haren esku lan egiten: izigarri goiz, sobera goiz. Hainbeste lan, hainbeste zerbitzu, hainbeste erokeria... Orain, hogeita bederatzi urte ditut jadanik eta leporaino asea naiz txorakeria guzi horiez.

Italian mafia mundu hortarik ateratzea erabaki dut, behin betikoz, urrikirik gabeko mundu krudel hartarik ihes egitea. Ez da manera anitz helburu hortara heltzeko, jakina baita ezinezkoa dela, hilkutxa batean izan ezik.

Hortako dut enekin heriotzatik salbatu nauen maleta hau, etengabe tik-tak-tik-tak erlojuaren gisara kantuz ari den altxorra. Ene ihes plana fresko-fresko eta argi dut arras, berrehun bat aldiz errepikaturik, Don Sallozoren eta familiaren egoitzara etorri aitzin. Familiako beste kideak laneko daitezke tenore hontan, Lwigi barmana, gazaita eta haren emaztea salbu. Atetik sartuko naiz, Lwigi agurtu eta berehala Sallozoren gelara joanen naiz. Han nago. Atean jo, eta gazaitaren baietzaren ondotik sartu naiz. Ni naizela ikusirik kadiratik altxa eta niregana dator umore alaian. Maleta erakusten diot, eta zokoko armairupean uztea manatzen dit, ustez eta atzoko lan tzarraren etekinak direla. Ene ordularia lehergailuaren arabera programatu dut: hamarrak eta hogeita bostetan lehertu behar luke. Laurden da. Jartzera gomitatzen nau, hitz egin behar didala erranez. Presan naizela erantzuten diot, baina, bost minuturena dela zin egiten dit. Jartzen naiz. Harentzat egin ditudan lanak ahoz zerrendatzen hasten da.

Bere esker onak eman dizkit… ene bihozberatasuna azpimarratuz... familiaren geroa aipatzen hasten da… luzatzen da... Ordularia begiratzen dut: hamarrak eta hogeita hiru.

Izerdiz trenpan nago, eta joan behar dudala erraten tematzen naiz, kadiratik altxatuz, baina jartzeko agintzen dit, gauza garrantzitsu bat proposatu behar didala, minutu batena ere ez dela. Hauturik ez dut. Hogeita lau...

Ene ekintzen zehaztasuna goraipatzen du... Hogeita hamar segundo... nigan konfiantza osoa du... berrogei segundo… badaki dena eginen nukeela familiaren onerako… berrogeita hamar segundo... semerik ez du… berrogeita hamabost... baina kasik hala naiz harentzat. Berrogeita hemeretzi... bere segidaren hartzea proposatzen dit... hogeita...

Bixente LUKU

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da.