Lehen hozka

2010/05/29

[+] Testuaren irakurketa bat entzun!

Gorputz osoa musikaren erritmoaren menpe daukat, jende multzoaren mugimendua segitzen dut kontzientziarik gabe. Kolore biziek itsutzen naute, begiak hesten ditut musika hobeki gozatzeko. Gau batentzat, Patxi, lagun minaren egongelak diskoteka itxura hartu du.

Izerdi patsetan naizela ohartzen naiz hor dauden lagun guziak bezala funtsean. Ez dut inoiz hainbeste dantzatu. Xoria bezain aske senditzen naiz. Tipustapan, mila izar ikusten ditut eta jakin gabe nola, kadira batean aurkitzen dut ene burua. Iduritzen zait azken tragoa soberakina zela!

Bat-batean, haurtzaroko irudiak heldu zaizkit burura : amaren altzoan senditzen nuen segurantza, biziko lehen esperientziak, lehen aldikoz errota ttipiak gabe bizikletan ibiltzen jakin dudalarik, Mariari eman lehen musua eskolako aterbean, lagunekin erre dudan lehen zigarreta, ezagutu lehen bestak eta aitak eman alimaleko zaflakoa mozkor arraila nintzela, sexualitatean egin lehen urratsak, lehen irri zaflak eta malkoak... Eta gaur zer? Urrun da inozotasunaren eta xolagabekeriaren denbora! Gogoetak zirimolan ari zaizkit. Zer egin ene biziaz? Ikasketak segitzeko aski diru ukanen ote dut ? Edo ene aitaren lantegi tzarrean lan egin beharko ote dut? Familia bat ukanen ote dut?

Sorbalda tinkatzen didan esku batek errealitatera berriz tanpez jinarazten nau. Patxik, ongi senditzen naizenez galdetzen dit. Zutitzen naiz kolpez.
Bai, ongi senditzen naiz. Bai! Gaur hogei urte ditut.

Luxi Lavielle eta Eva Mutio

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da.