Hemen zaude: Hasiera Euskal kultura Euskal kulturaren lekuko Ekhiñe Egiguren

Ekhiñe Egiguren

''Sormenaren euskarri guztietan, begirada oso garrantzitsua da''

  • EKE - Xan Aire
  • 2012-12-04
  • Hizkuntza: Euskara

Ekhiñe Egiguren (1978, Donostia), arkitektua da ofizioz, eta poeta afizioz. Idazle gazte gehienak bezala, guti argitaratua izan da, orain arte. Hendaiako Nekattoenean egonaldi bat bete berri du, Abadiako eremuaren erdian, Euskal Kultur Erakundeak, Idazleen Elkarteak eta CPIE-k antolaturik. Natura eta ondarea izan ditu inspirazio-iturriak, baita bidexketan topatu hainbat abenturak. Olerkiak ontzen ari zaizkion bitartean, bere ikusmoldea partekatu digu. Begirada zabaldurik eta zorrozturik atera dela iduri luke...

Xan Aire: Goazen zu ezagutzera: arkitektura lanetan dabilen poeta ote zara, ala poeta lanetan dabilen arkitektua?
Ekhiñe Egiguren: Ez dakit! Idazteko joera eta zaletasuna betidanik euki dut, oso modu naturalean, irakurketatik idazterako urrats hori... Eta arkitektura, gehiago da karrera bat, unibertsitatean hautatu nuena, gero lanbide bilakatu dena. Ez naiz  damutzen, oso gustora nago lan horretan, baina giza-espresio horretan, beste zerbait behar dut: idatzi, eta poesiak laguntzen nau horretan. Agian, idatzi behar duen arkitektua naiz!

X. A.: Modu naturala aipatu duzu: olerkari sortzen da, ala bilakatzen da?
E. E.: Uste dut olerkari bilakatzen dela. Noski, norberak behar dituen dohain edo gaitasunak hor nonbait daudela, baina uste dut zeregin handia dutela irakurketek, iturri horiek, eta sormenaren euskarri guztietan, begirada oso garrantzitsua da.

X. A.: Idaztearen beharra: norentzat idazten duzu?
E. E.: Beti badaukat irakurle abstraktu bat-edo, buruan, baina ez dut idazten gustatzeko, baizik eta irakurlea izan dadin zerbait: niri sortzen zaidan zerbait. Zentzu horretan, oso aske idazten dut, eta horrela ez balitz, uste dut ez nukeela idatziko. Gainera, oso gutxi argitaratua izan naizenez, oso irakurle gutxi daukat!

X. A.: Olerkariak zer leku du bertsolariaren erresuman?
E. E.: Bertsolaritza eta poesia ez dira gauza bera, nahiz eta bertso askotan poesia dagoen. Ni ez naiz bertsolaria; izatekotan, poesia idazten saiatzen den norbait naiz. Horregatik, bien arteko lotura ez dut beti hain garbi ikusten. Gainera, poesia beste hainbat estilotan topa daiteke: nobelan, baita iragarkietan ere bai! Ez dut uste poesia bertsolaritzaren barruan dagoen zerbait denik, edo alderantziz. Hitza, tresna bat da. Eta sormena, espazioa. Ez dut sentitzen olerkaritza defenditzeko beharrik: hala izatekotan, mehatxu bat sentitu beharko nuke, eta ez da hala!

X. A.: Zerk inspiratzen zaitu gehien?
E. E.: Hori, momentuaren arabera da... Nekattoenean, adibidez, natura oso garrantzitsua izan da, berekiko harremana, ez bainuen inoiz sentitu halako presentziarik neure inguruan, oso hiritarra naizelako. Bakardadea, natura, paisaiak, eremu eder hori, bere historia... Iturri asko daude! Eta ez poesiarako bakarrik, baita bertsolaritzarako, prosarako... idazteko!

X. A.: Eta hiri batean baldin bazaude, ormek inguraturik?
E. E.: Azkenean, garrantzitsuena begirada da, norberaren begirada. Hortik sortzen dira sentimenduak, hortik da bakoitzaren pentsamendua bideratzen.

X. A.: Politikak ba ote du tokirik zure olerkian?
E. E.: Ez, momentuz ez... Baina nork daki?

X. A.: Olerkiak politika kutsurik behar ote du?
E. E.: Olerkaria jendartean bizi deno, agian izango da zerbait, nola gizaki bakoitza izaki politiko omen den... Orain arteko neure poemak ez ditut politikoak sentitu, ez.

X. A.: Zuk sariak eta bekak irabazi ohi dituzu: ibilmolde horrek zer ekarpen du gure kulturarendako?
E. E.: Egia esan, hori eszeptizismo apur batekin bizi dut. Alde batetik, epaimahaian nor dagoen garrantzitsua zait, eta hori ere izan daiteke motibagarri, baita lagungarri argitaratzerakoan. Baina hor ere, bidea labur gelditzen da askotan: sari bat irabazteak ez du beti esan nahi argitaratua izango zarenik... Hori da pena. Ez dut uste sariak txarrak direnik, baina ez zaie halako garrantzirik eman behar, norberarentzako, diot.

X. A.: Gure kulturan izan diren lorpen handienak ez ote dira kolektiboak izan? Ez dok amairu bat, edo...
E. E.: Bai, edo Lubaki banda. Egia da, baina pentsatzen dut hori izan dela egoera baten eta ingurumen baten fruitua. Nire obra, egiteko moldea beti bakartia izan da.

X. A.: Bakardade hori zure hautua da?
E. E.: Eta agian, besteena ere bai! Gainera, lehen esandakoa: neure obra oso gutxi argitaratua izana da. Beraz, mugimendu bat sortzeko ere, neure momentua ez da izango... Ez dakit!

X. A.: Goazen Nekattoenera: bigarren aldia da euskal idazle baten egonaldia antolatzen dela, eta bigarren aldia Hego Euskal Herriko idazle bat heldu dela. Kasualidadea ote da?
E. E.: Egia esan, ez dakit Iparraldekorik aurkeztu den. Egonaldian, bai konturatu naizela guk nahi ez dugun muga badagoela, ez daukagulako elkarren berri. Horretaz ere kontziente izateko balio izan dit, begiak zabaltzeko. Gaur egun, adibidez, ez dakit zein idazle gazte dagoen Iparraldean, betiko izenak dauzkat buruan... Neure ezjakintasuna da, dudarik gabe. Hori da, neure ustez, egin behar dugun lehen urratsa: bakoitzaren berri ukan. Eta itzalean, seguru hainbat idazle eta sortzaile badagoela...

X. A.: Zure blogean, euskara zein gutxitua, txikitua den konturatu zara...
E. E.: Bai! Kanpoko antzerki-talde batekin topo egin nuenean, Hendaian, nahiko harriturik geratu nintzen, haiek ezin zutela euskaraz lan egin, gauza unibertsalak tratatzen zituztelako. Gogorra izan zen, hori! Aurreiritziak zapuzten zailak izan ohi dira.

X. A.: Olerkirik inspiratu ote dizu?
E. E.: Behar bada, bai...

X. A.: Zure lehen olerki politikoa izanen da...
E. E.: Ez dut uste hainbesterainokoa izango den!

X. A.: Abadiako eremuan, idaztea bera erraza ote da? Horrelako ingurumenean, gogoa ez ote da airatzen?
E. E.: Forma amaitzea da zaila, olerki hori ontzat ematea! Baina hainbat gauza sartzen da hor, kontutan... Eta blogak asko lagundu nau lehen gauzak hartzen, bideratzen. Iturri asko baitago! Eskultura batzuk ere bazeuden, eta horiek ere ukitu naute. Gainera, irudi luke, horrela, beti bakarrik zaudela han, baina ez zaude inoiz hala! Toki hori beti dago mugimenduan, pertsona fisikorik ere ez baldin badaukazu, natura hor daukazu: itsas-labarra, adibidez, metafora handia da. Itsasoa bera ere bai, baita Abadiako Antton: zer ondarea utzi duen... Hainbeste gauza irakurtzeko, eta idazteko...

X. A.: Zer sentipen da, portalea itxi eta Abadiako eremuan sartzen denean?
E. E.: Halako mikro-klima batean sartzen zara. Beste atmosfera batean. Idazteko oso aproposa... Zerbait badago, pisu handia duena. Historia sakoneko tokia ere bada. Badirudi iraganetik etorkizunerako ibilaldi bat dela.

X. A.: Argitaratu beharra duzun olerki sorta zertan dago?
E. E.: Hilabetean gauzak bururatzea ezinezkoa zait, orduan, ari naiz, poliki-poliki aurrera joaten, gauza batzuk amaiturik. Baina poesia batzuek, tarteka, atseden pixka bat hartu behar dute, gero ontzeko. Prozesu horretan ari naiz. Gero heldu zait lanaren beste zatia: Iparraldeko eskolekin landu behar dut hori dena, udaberrian.

X. A.: Lan hori nola aurreikusten duzu?
E. E.: Esperientzia oso berria izango da niretzat. Gustatuko litzaidake gazteei idazteko griña hori transmititzea. Idazketa eta literatura akademikoa ez den ikuspegitik erakustea, baizik eta sormen lan bat azaltzea. Ez dakit gai izango ote naizen, baina saiatuko naiz!

X. A.: Gazteak sormen-gaitasun gutxi omen du, gaur egun...
E. E.: Ez dakit inoiz hitz egin den ondo gazteei buruz! Gu gazteago ginenean ere, alper batzuk ginela esaten zen... Kontua da, gaur egun, behar bada, sormena murrizten duten dinamikak badaudela. Hegoaldean, behintzat, telebista dago adibiderik argiena. Garuna atrofiatzen du, baina ez gazteena soilik, baizik eta heldu gehienona ere bai! Nik uste gazteak baduela sormena garatzeko behar bat, baina nola bideratzen den...

X. A.: Azkenean, jendarteak zer leku eskaintzen du sormenerako?
E. E.: Eskoletan, gutxi, baina hori beti horrela izan da. Ondorioz, bakoitzaren esku geratzen da. Oinarrian, sormena gauza oso pertsonala da, bakoitzak bere barruan daukan zerbait. Landu nahiko duenak, landuko du.

X. A.: Motibazioa da giltza?
E. E.: Bai, eta hor sartzen dira nahikeria baita beldurra... Lehiaketa bat izan daiteke motibagarri... Baina irabazten ez duzunean, ez du esan nahi dena oso txarra denik. Hori, ordea, ez da nahiko lantzen: irabazten ez dutenei aholkuak eman, bidean lagundu...

X. A.: Oihartzun bat ukaitea, garrantzitsua da?
E. E.: Momentu bat iristen da, non behar hori badaukazun. Idazten duzunean, argitaratua izatea, irakurria izatea, baita irakurleak zure obraz zer pentsatu, zer sentitu duen jakitea.

X. A.: Baina jendeak irakurtzen ote du?
E. E.: Asko irakurtzen duen jendea oso gutxi dago. Hori literatura guztien arazoa da. Hala ere, nik uste gazteek irakurtzen dutela. Neure ingurukoek bai, behintzat. Hor daukagu erantzukizuna irakurzaletasuna bultzatzeko, sustatzeko; hor dauden mamu guztiak ekiditzeko.

X. A.: Badu, beraz, zentzurik, gaur egun idazteak?
E. E.: Niretzat, bai! Bestela, ez nuke idatziko...

Ekhiñe Egiguren

Ekhiñe Egiguren (EKE)