Hemen zaude: Hasiera Euskal kultura Euskal kulturaren lekuko Henri Errandonea

Henri Errandonea

"Herritarrak literaturaren mundura sarraraztea, bada abentura ederra"

  • Xan Aire - EKE
  • 2016-03-05
  • Hizkuntza: Euskara

Henri Errandonea (1961, Sara, Lapurdi) Sarako Ondarea elkarteburua da, baita Idazleen Biltzarreko langile berria. Bazko asteleheneko monumentua freskaturik dator aurten, martxoaren 28an, antolaketan herriko eta inguruko elkarte zein erakundeek beren parte-hartzea bermatua izanik.

Nondik duzu ondarearen pasio hori?
Dozena bat urte nuelarik, amak arkeologiaz liburu bat oparitu zidan: sutan jarri nintzen, handitzean arkeologo izan behar nuela! Bizitzak ez nau profesionalki horretara bideratu, baina beti atxiki dut historia eta gauza zaharrei buruzko maitasun hori. Gero, erran behar da xaharrek presentzia handia bazutela gure etxean, eta horrek ere elikatu dukeela giro berezi bat. Adibidez, aitatxik, lesakarra zenak, ez zekien euskaraz baizik. Gu eskolan frantsesez ikasten, beti egoten nintzen pentsaketa nola bizi zitekeen bakarrik euskaraz. Mundua ikusteko molde arras berezia zuen, dirurik ez zuen behar bizitzeko, dena berak egiten baitzuen, baita tresnak eraiki, edo eskulanak moldatu ere, eta, bistan dena, naturari buruz anitz gauza ezagutuz.

Irakurtzen eta idazten ote zekien?
Bai, nahiz-eta garaiko aldizkari eta dokumentu gehien-gehienak frantsesez izanki. Hala ere, oroit naiz etxe batean gertaturik, kanpoan lanean zen seme-alaba baten gutuna ukan berria zutela: batek baizik ez baitzekien irakurtzen, haren entzuten egon ziren bertze guziak, sukaldeko mahai inguruan. Harritu nintzen! Mundu bat bazen gure eta haien artean, zinez. Sinesteetan ere, elizaz gain, bazituzten superstizio bereziak: ez diegu sekula Olentzero edo Mari izenik entzun, baina mundu basari buruzko izpiritu eta beldurrak bazituzten. Mendian suge handi bat bazela, eta kasu egin behar zela, adibidez: gu beldurtuak, bistan dena!

Zuen heziketarako erabiltzen zituzten sinesteak, beraz...
Ez idurian, anitz gauza transmititu digute kultura horren bidez, nahiz-eta ez dudan uste balio handirik ematen zioten berek. Guti iraun du, hasteko. Alta, Barandiaranek lan egin zuen gure aitatxirekin, Saran egon zelarik. Pentsu dut mitologiako bere biltegia anitz aberastu duela belaunaldi horretako saratarrekin ere. Sineste horiek beren bizitzari lotuak ziren, erreperioak bezala. Amatxi hil zelarik, gure amak ganbarako mirailak kendu zituen, eta paretak mihisez estali. Ez zituen elizak galdegiten horrelako gauzak...

Horiek galduz bezala, akademian garatu zen haatik euskararen mundua...
Aitaren arreba bat lehen eskola elebidunetako erakasle izan zen, eta jende garrantzitsuak ezagutu zituen: Eugène Goihenetxe, bertzeak bertze. Haren Pays Basque aldizkariari harpidetu nintzen, izebak bultzaturik: ez nuen gauza handirik ulertu, baina bai hauteman zerbait berezi bazela hor. Gero, ikasketa eta lanarengatik, Saratik urrundu nintzen, baina molde bereziz begiratzen hasi nintzaion sorterriari: galdua nuen euskara hango lagunei esker berreskuratuz, gure erroak gero-eta barnago karrakatu nintuen, orain arte segituz!

Sarako Ondarea elkartea sortzeraino...
Gogoeta luze baten ondotik izan zen, 2009an. Hasi ginen zerrendatzen zer ikertzen ahal genuen Saran... Kasik 80 gai atera genituen! Horien artean, etxeei buruzko ikerketak, usategietakoak izan dira gotorrenak, liburu eta erakusketa batzuekin. Hori ere izan dugu beti xedea: gure ikerketak dibulgatzea. Ebidentea iduri du, baina harrigarri da zenbat jendek nola beretzat atxikitzen dituen zinezko altxorrak.

Erakusketez gain, ez ote litzateke herriko eskolekin transmisio-lanketa zuzenago bat egiten ahal?
Jadanik ikertzea, biltzea, eta herritarrei hedatzea, alimaleko lana da. Eskolekin aritzeko, nik uste dut noizbait behar dela norbait pagatu lan hori behar bezala eramateko, bururaino eta iraunkorki. Baina Euskal Herrian, ez diogu kulturari baliorik aski ikusten, noizbait bide-profesionala zabaltzeko. Hainbat urtez sekulako lana eginik gure elkartean, lortu dugu Sarako Herriko Etxearen sustengua (zeinek departamenduko diru-laguntzak bideratzen jakin izan duen), eta lanpostu bat zabaltzea, aldi berean Biltzarraren kudeaketa errazteko, baita herriko kultura eta ondare lanketak. Joan den urtarriletik ofizio hori dudanetik, tokiko kultur eremuaren geroa bertze molde batez ikus dezaket. Xantza dugu Herriko Etxeak irekidura hori erakutsi baitu, eta espero dut izpiritu hori zabalduko dela Iparralde osora, HELEP berriaren bidez.

Ez da gehiago nahiko izpiritu kolektibo gure kultura eta ondarea biziarazteko?
Ez balitz kolektiborik izan gure elkartean, ez dut uste lortuko genuela lanpostu horren zabaltzea. Lan kolektiboak digu legitimitate hori eman. Eta Iparralde mailako profesionalizatzea inportantea bada ere, tokian-tokikoa berdin funtsezkoa zait. Saran egiten duguna bultza daiteke bertze herri edo eskualdeetan ere: alimaleko aberastasunak dira denetan.

Antolaketa eskasaz gain, bada lehen aipatu duzun izpiritu berezia: bakoitzak beretako atxikitzea bere aurkikuntzak...
Horretaz, nik uste bi ideia direla nagusiki: edo ez dira kontziente beren ikerketak, ondareak zer inportantzia duten kolektiboarentzat; edo, alderantziz, badakite beren altxorrak alimaleko balioa duela, eta ez dute nahi gal dadin. Duela hamar bat urte, Sarako Herriko Etxean, idazkaritzaren bulego gibelean, baziren XVII. mendetik azken urteotarako saratarren sortze-erregistroak, baita Axularrek idatziak ere. Aski zen galdegitea, eta liburuarekin joaten ahal zinen ondoko gela batetara, kontsultatzera. Egun batez, Axularren liburu bat desagertu da. Segur naiz eraman duenak nahi zuela babestu: toki segurragoan izanen zitzaiola bere etxean, publikoari eskuragarri baino. Segur ere naiz liburu hura Saran dela oraindik, eta pentsatzen dut fite aurkituko nukeela zer etxetan! Horregatik diot jende anitzek nahiago duela berek deskubritua beren txokoan atxiki...

Alta, hori da ondarea kolektiboki galtzeko biderik segurrena...
Horregatik da ondarearen tokian tokiko lanketa garrantzitsua: harreman hurbila behar da jendearekin, iraunkorra, poliki-poliki konfiantza sortzeko, eta altxor horiek eremu kolektibora altxatzeko. Ahantzi gabe hariaren bertze muturra: behin Sarako etxe batera ekarrarazi ninduten, liburu zahar batzuen ikustera. Horien artean, Axularren “Gero” obraren jatorrizko edizioa. Esplikatu niotelarik zer zuten esku artean, harritu ziren! Gure elkartearendako, graal handia zen horren aurkitzea. Barandiaranek Donostiako San Telmo museoari eskaini alea ere, Saran eman ziotela badakit, berak erranik.

Baina zer funtzio dute altxor eta graalek, gaurko gizarte numerikoan?
Bistan dena, ez da berehalakoan ageri gaur ukan dezaketen funtzioa. Nik sinesten dut erreperioak direla, balore batzuk ere badirela jokoan, eta horrekin jokatzen dela herri, hizkuntza, eta kultura batendako atxikimendua. Gauza abstraktua da, baina bi pentsaketa eginarazten dute, aldi berean gure berezitasuna eta idekidurari buruz. Aspaldiko zerbaiten segida garela, eta hori eraikitzen jarraikitzeko koherentzia ukaiteko, jakin behar dela zer dugun esku artean. Horrek balio du laborantzan, adibidez: Saran laborariek segitzen dute, eta xantza da kostalde honetan. Edo landareek zer erabilgarritasun ukan dezaketen, gaurko egunean ere... Gizartearen anitz eremu hunkitzen da, eta erran nezake turismo zintzoago bat lantzeraino ere joan gaitezkeela.

Ondarearen bilketa-prozesuak ere badu garrantzia?
Herritarrak parte-harrarazten dira. Eni gehienik gustatzen zaidana, gure herrian bizi direnak nahastea: Mikel Duvert bezalako jakintsu bat, ofiziale gazte batekin. Osagarritasun hori kausitzen baduzu, lana bera egina da.

Baina ez da beti euskaraz egiten...
Ez, baina inportantea da dibulgatzeko mementoan, euskarari toki garrantzitsua ematea. Ez gara ikastolako haurrengana joanen frantsesez transmititzera beren herriko ondarea. Hala ere, nahi dut azpimarratu azken hiru urteetan Koldo Zuazo hizkuntzalaria dabilala Saran, hemengo euskalkia xoraturik ikertzen: horrek aterako duen lanak alimaleko inportantzia izanen du euskararen geroari buruz Saran.

Parte-hartzea ere izan da Sarako Idazleen Biltzarra eraldatzeko gakoa?
Lehenik, azpimarratu nahi dut Sarak duen aspaldiko lotura literaturarekin. Horretaz kontziente izanik, Jean-Mixel Garatek Biltzarra asmatu zuelarik, lotura egin nahi zuen idazleen eta irakurleen artean. Baitezpadakoa zen, gainera idazleak lehenetsiz argitaletxeak baino. Hogeita hamar urte joan dira, eta gogoeta bat egin dugu, Sarako Ondarean lehenik, ikusteko gure elkarteak zer eskaintzen ahal ote zion Biltzarrari. Hortik bi alde aberastea baitezpadakoa iduritu zitzaigun: euskarari toki gehiago ematea, eta gazte gehiago ekarraraztea. Bi baldintza horiek besapean, Jean-Mixel Garati buruz joan, harekin aipatu, eta dudarik ez du izan baiezkoa erraterakoan. Hala ere, interesgarriagoa zitzaigun herriko elkarteekin segitzea gogoeta, eta Herriko Etxea ere horri lotzea.

Nolako eztabaidak joan dira?
Gogoeta-saio idekiak izan dira, 2015eko urtarriletik hasirik. Denak ados ginen hiru gauzetan: jende gutiago heldu zela azken urteetan, idazleen eta irakurleen arteko harremana atxiki behar zela, eta euskara zein gazte gehiago behar zela sarrarazi. Euskara aski bazela zioten batzuek, baina guk uste genuen aise gehiago izan zitekeela, bai aurkezpen eta hitzaldietan. Txosten bat aurkeztu dugu Herriko Etxean joan den irailean, eta sustengu osoa adierazi digute. Kontzientzia dute zer ekitaldi garrantzitsua duten esku artean.

Prozesuak zer eragin izanen du, fisikoki, hurran martxoaren 28ko Biltzarrean?
Lehenik, harremanetan sartu gara inguruko eskola elebidun eta ikastolekin. Joan den maiatzean erakasleak bildu, eta adostu dugu lanketa berezi bat eramanen zutela osoki euskaraz, irailetik abendura, transmisioaren gaiaren haritik: bederatzi eskolen emaitzak, zinez anitzak direnak, Biltzarrean aurkeztuko dira, baita liburuxka batean bilduko. Haurrak beren burasoekin igurikatzen ditugu martxoaren 28an, familiak murgil daitezen gure literaturaren munduan. Haurren txoko horretan iraganen dira beraz aurkezpen horiek, baita ipuin kontaketak, eta hainbat haur literaturako obren erakusketa. Horrez gain, bertze hiru gune berezi ere izanen dira. Bat da aurtengo Saria emanen diegun bi artistei dedikatua, erakusketa moldean: Itxaro Borda idazleari eta Michel Ithurria marrazkilariari. Bertze txokoa izanen da aurtengo berrikuntzak aitzinean emateko: kontsultagarri izanen dira, librean, goxoki, erostea behartua izateko sentimendua sortu gabe. Gure gogoetetan atera den gaia da hori: harreman hurbila da erosle eta saltzaileen artean, baina delikatua izaten da kalakaldia zerbait erosi gabe bururatzea. Alimaleko liburu metarekin ateratzen zara hortik, erdiak ez dituzularik irakurriko! Giro zintzo eta sanoagoa dugu bilatzen, goxoago pasatzeko. Azken txokoa aparte izanen da, mintzaldiak, aurkezpenak, harrabotsik gabe egiteko gisan, eta hedabideekin ere harreman zuzenagoa eskainiz. Hori guzia, bistan dena, usaiako azokaz gain, gune zabalagoan, oihal-etxe handi eta berotu bat emanen baitugu kanpoan.

Baina antolaketa-lan gehiago eskatzen du horrek, ez?
Turismo Bulegoak du orain arte antolatu, eta hiru hilabete ematen zituen horretan. Hor, sei hilabeteko antolaketa behar dugunez, elkarte bat muntatu dugu, zeinen lehendakaria Jean-Mixel Garat izanen den, eta ni, berriz, langilea. Horrek ez du kentzen, berriz ere, jendearen parte-hartzearen garrantzia. Adibidez tokiko erakundeeri Biltzarrean gehiago inplikatzea eta diruz languntzea galdetu diegu. Horrez gain, herritarrak literaturaren mundura sarraraztea, bada abentura ederra, batez ere bide parte-hartzailetik egiten delarik.

Eta belaunaldi berriei ere gogoa ematea...
Dudarik gabe. Denboran finkatua den ekitaldia da Biltzarra, eta bide-gurutze bat, zeinetan haurrak, artistak eta politikariak ibiltzen diren, eremu berdinak ekarrarazirik. Eta, etorkizunari begira, literaturaren bertze aldea ere kontutan hartu beharko dugula ere iduritzen zait: ahozkoarena. Batez ere Iparralde honetan, sekulako aberastasunak ditugu, ondarean dauden altxorrak, zein gaur egungo sorkuntzak, denak herrikoiak. Horiei ere toki bat emanez, eta komikiak bezalako sailak garatuz, osotasun bat lortzea nahiko genuke, aldi berean erreala dena, baina ez baitezpada hala erakutsia. Eta osotasun horrek badu inportantzia jendeak euskal kulturari buruz duen pertzepzioan.

Euskal hiztun osoen gaia ere bada hor jokoan?
Bistan dena. Gure aitatxi-amatxiek, nahiz-eta ahozko hizkuntza ikaragarri aberatsa izan, osotasuna zuten eskas ondoko belaunaldiak euskaraz iraunarazteko. Osotasun hori natural bilakarazteko aukera badugu, bertzeak bertze, Biltzarraren bidez.

Gehiago jakin

Henri Errandonea

Argazkia: Xan Aire - EKE