Hemen zaude: Hasiera Euskal kultura Euskal kulturaren lekuko Joseba Manterola

Joseba Manterola

"Festibaletako giroa baino, nahiago dut geletako izerdia"

  • Xan Aire - EKE
  • 2017-06-09
  • Hizkuntza: Euskara

Joseba Manterola (1968, Hendaia, Lapurdi) kantaria eta musikaria da, azken aldietan If Renaud Was a Punk eta Don’t Save the Queen taldeetan. Undergroundzale asumitua, euskal rockaren eszenaz ere luzaz hitz eginarazi dugu, horren barrenetan baitabil 1980. hamarkadatik honat.

Zer giro musikalean hazia izan zara?
Kultura munduan bizi izan naiz betidanik: aita txistularia zen, dantza-taldeetaz arduratzen zen, eta musika ikasi dugu Hendaiako eskolan, kontserbatorioarekin lotua zena. Hor ditugu txistu klaseak hartu, funtsean...

Bortxaz?
Bai! (irriak) Hauturik ez genuen! Baina gutienez eraman nau musikarekiko lotura estua izatera... Nahiz-eta segitu dudan euskal kultura mundutik aparteko musikak entzuten...

Txistua bezalako tresna, nolakoa zitzaizun?
Kontestu bateko instrumentua zen... Txistuari esker, besta egin dut gaztetan... Baina rock’n rollak nau ttikitatik interesatu. Anaia zaharrenak Errobiren disko bat bazuen, eta maite nuen soinu hori! Baita Rolling Stones, Beatles, AC-DC... Eta nihaur 21 urtetan hasi naiz talde batetan, 1980 hamarkada bukaeran.

Giro berezirik ba ote zen, talde batean hasteko?
Edozer baino lehen, gogo berezi bat. Baina egia da garai horretan, bazuela hamar bat urte musika entzuten eta ikusten genuela lokalki. Irunen berean: Kortatu, Baldin Bada, Vomito... bezalako taldeak genituen, esku-eskura. Mosku plazan erre ditut gauak! Lehenago ere, Itoiz banuen belarrian, anaia handienei esker.

Talde lokalek deus berezirik ba ote zuten zure begietan, anglo-saxoi erraldoiei konparatuz?
Gisa guztiz, nik aski nuen tipo bat taula gainean ikustea, bere gitarrarekin, hartaz liluratzeko! Baina talde lokalak biziki garrantzitsuak zaizkit kontzertu-giro bat emateko: ehunka ikusi ditugu, eta murgiltze hori erabakigarria izan daiteke musika jo nahi duten gazteentzat. Eta gero, Kortatu bezalako fenomenoak sortzen dira: horien arrakasta ikusgarria izan da, jendea berehala lotu da. Kontzertu egituratuetan ikusi izan dudan taldea da: guhaurrek, beste baldintzetan jo behar izaten genuen, sonorik gabe kasik, edo seguritate mugatu batekin. Baina giroa horrelakoa zen: egiten zen, eta pozik.

Mixel Ducauk ez zuen baitezpada begi onez bizi izan Kortatu eta punkaren etorrera: Itoizen kalitatea espero zuen euskal rockaren etorkizunarendako...
Bai, baina ez gara belaunaldi berdinekoak! Logikoa zait Mixel Ducauren erreakzioa, musikari heldua zelako jada... Hala ere, ikuspegi aski hetsia zait (errespetu guztiarekin): Fermin Muguruzak behin baino gehiagotan kontatu izan du nola Londresera joaten ziren, eta handik diskoak ekartzen. Tipo horiek Europan gaindi ibiltzen ziren, bakarrik musika entzuteko! Rock mailan soilik, aski ikusgarria izan da zenbat estilo sortu eta garatu den. Ondorioz, eta irekidura pixka batekin, ez zait posible estilo bakarrean geratzea... Eta Euskal Herriak ukan du irekidura hori.

Behar bada, gehiago kalitate teknikoa zuen azpimarratu nahi...
Egia da talde batzuek aldarrikatu izan dutela musika bi akordio ikasirik hasi zirela publikoki jotzen... Hori ere, garrantzitsua da: musika ez da teknika bakarrik! Ikusi izan ditut musikariak teknikoki bikainak, baina egiten zutena kaka zitzaidan. Gero, ez erran niri Iñigo Muguruza batek ez duela kalitatea eskaintzen: bere ibilbidea ikusirik, eta jakinez gitarra irakaslea dela, ez da nornahi.

Bada giro sozialarena ere...
Egia da garrantzitsua dela... Irungo giro urbanoa biziki inportantea izan da, eta punkak oihartzun handia zuen hor. Baina Hendaian, giro urbanorik ez da sekula izan, eta hala ere punka iristen zitzaigun muineraino! Uharte Garazin ere izan da punka, funtsean...

Zure lehen taldeak zer estilo zuen?
Beti zaila izan da gure musika definitzea: besteei uzten dut hori! Punka eta hardcorearen arteko zerbait zen...

Zergatik musika publikoki jotzen hasi?
Gozatzeko! Hori gabe, ez zuen balio... Espero dut denentzat gauza bera izatea! Beltzez zuen izena taldeak, bederatzi urtez iraun zuen.

Ez da gaizki!
Batere: momentu oso onak pasatu ditugu! Hasieran Iparraldean gehienbat ibiliz, gero Gipuzkoan... Nafarroan pila bat. Beste probintzietan gutiago, baina Euskal Herritik haratago jotzeko aukerak zabaldu zitzaizkigun: Paue, Bordale, bertako euskal ikasleek antolatu kontzertuetan; zirkuitu batean ginen, beste taldeekin gurutzatuz, eta guhaurrek ere antolatu ditugu bira ttikiak, Suitzan, Italian, Katalunian... etxe okupatuetan beti. Ez ginen diruarentzat ari!

Ez zenuten hortaz bizi nahi?
Aukera izan balitz, zergatik ez? Baina ez ditugu etxeko lanak ongi egin... Eta musika mundua ez zen orain bezainbat egituratua. Beraz, musikari esker, besta egin dugu, ez baikenuen dirurik aski aldi berean alokairua pagatzeko eta ateratzeko!

Baina ez duzue sekula aukerarik sentitu urrunago joaten ahal zela afera?
Punkiak ginen... Momentukoa bizitzen genuen, nahiz-eta urtean 30 bat kontzertu izan... Baina guretzat, 30 besta ziren urtean! Gozatu dugu, inongo dolurik gabe: ez digu inork kenduko.

Izpiritu horretan, nola ikusten zenuten musikatik bizi zirenak?
Ez baitezpada gaizki! Gu ordainduak ginen garagardoz, haiek diruz... Gertatzen zelarik guk diru pixkat bat irabaztea, garagardoak erosten genituen! Baina ez zen jeloskortasunik, sobera gozatzen genuen.

Zergatik gelditu zen lehen talde hori?
Denborak egin du bere lana... Nahi ala ez, higatu gara zirkuitu berdinean: 30. aldikoz deitzen zaituzte gela berdinera, sonorik gabe aritzeko, garagardoen truk... Bon, hor duzu ikusten hein bat gainditzen ez baduzu, gauzak itzulika ari direla, eta ez duzula gehiago kontzertu gogorik: hori gabe, ez du balio segitzea. Gainera, beste proiektu batzuk agertuak zitzaizkigun bakoitzari, eta hori ere goxo zen! Beltzez taldeko bost kideetatik, lauk segitzen dugu musikan...

Nolako eboluzioa ikusi duzu, zure musikari ibilbidean?
Egon naiz lau urtez kontzerturik egin gabe: aski zitzaidan astean behin lagunekin biltzea, gure artean musika jotzeko. Berriz hastean, fite ohartu naiz informatikak hartua zuen garrantziaz: bai musika sortzeko, bai grabatzeko. Gure grabagailu zaharrak, mila aldiz erabili kaseteekin, desagertuak ziren! Eboluzio teknikoa, alimalea izan da 1990 hamarkada bukaeratik, gaur arte. Bestalde da taldeen egoera: ez dut uste erraza izan behar duenik gehiengoarentzat... Badira ehunka talde Euskal Herrian, eta zenbat bizi da hortaz? Rockean, hamar bat?

Popean, gehiago...
Behar bada, baina ez ditut ezagutzen... Ez da gehien maite dudan estiloa, eta ez dut hainbeste astirik musika entzuteko: lanaz aparte momentu libre bat baldin badut, musika jotzeko izaten da. Interesgarriagoa zait, eta plazer gehiago hartzen dut. Ez naiz besteei plazer egiteko ari, edo tendentzian izanen den estilo bat bilatzen: hainbat musikari ikusten dut aspertzen, nahiz-eta beren taldeak arrakasta izan... Horrez gain, uste dut musika talde gutik sortzen duela zerbait berri gaur egun, ni barne! Baina inportantea zait panel zabala izatea.

Gaur egungo zure bi taldeak aski desberdinak dira elkarrengandik...
Bai: If Renaud Was a Punk taldean, Renaud-ren bertsio punkiak dira, eta Don’t Save the Queen taldean, gure sorkuntzak hardcore kutsu gehiagorekin. Lehenean, sei gara, bigarrenean, hiru: jadanik, ez da musika egiteko molde bera. Bi taldeak osagarri zaizkit, pertsonalki, zinez lan desberdinak baitira, eta plazer desberdinak ere bai. Kantu bat sortzen duzunean, eta emaitzaz gustura bazaude, zerbait berezia da puntan. Renaud-renetan, lan nagusia egina da, baina bada kantuari zerbait ateraraztea punk estiloan: ez dut nik egina kasu honetan, baina eszena gainean, ahotsa bereziki pausatzen da.

Giro desberdinak, bi taldeen artean?
Bi proiektuak lotuak zaizkit, eta lagunek dute hori ere bideratzen: bi taldeetan bateria-jole berdina da, eta If Renaud Was a Punken, lehengo taldeko hiru kide ditut. Mundu berdinean ibilitako jendea eta taldeak dira. Gero, ez du aspaldi Don’t Save the Queen berriz muntatu dugula, hirukote moduan: ez dut gibelapenik aski hori aipatzeko.

Testuak ere zuk idatzi ohi dituzu: aldarrikapenak zer toki du?
Beltzezen, aldarrikapenez josiak ziren testuak. Gaur egun, pixka bat errazegia zait hori, ez sakona, eta saiatzen naiz bizitzaren konplexutasunaz mintzatzen. Iritziak eta sentimenduak dira, ez dut inor konbentzitu nahi, baina taldekideek testuak begiratzen dituzte: interesa erakustea, bada zerbait, nahiz-eta ez dudan sobera maite esplikatzea hitzen zentzua. Hor ere, bakoitzak baditu gakoak bere esku: ideien trukaketa zait interesgarriena. Gero, egun egiten dudan musika ez da batere bortitza.

Baina gaur egun irratietan entzuten denarekiko, zurea bortitzagoa da...
Irratiak ez ditut entzuten! Ez musikarentzat, behintzat. Nihaurrek nahi dut hautatu entzunen dudan musika.

Berri Txarrakek ere, zerbait azukratuagoa proposatu du, azken obran...
Zaude, zaude: beren ekoizleak metal talde bortitzenak segitu ditu! Gero, bai: disko hirukoitzaren parte bat poperoagoa dute, baina hori ateraz geroztik ikusi ditut zuzenean, eta ez dira batere moteldu! Melodia gehiago sartzen dute, baina Slipknot bezalako talde batek ere egiten du... Espero haiek gustukoa dutela hori, eta ez direla bakarrik jendeari plazer egiteko ari. Gisa guztiz, nik ez badut gustukoa, ez dut entzuten, eta kito!

Sutagar taldearen azken diskoa entzun duzu?
Ez! Entzutea utzi dut... Baina hasieratik asumitu dute disko hori desberdina izanen zela.

Baina zerbait egiten du, hala ere...
Bai, baina ezin dut iritzirik eman, ez baitut entzun! Behar bada aspertu dira beti musika berdina egiten, eta beste arlo bat zabaldu nahi izan dute... Ez du erran nahi ez direla ildo zaharrera berriz itzuliko. Garaian, La Polla taldeak "Los Jubilados" diskoa atera zuen: ezer ikustekorik usaiako beren musikarekin, baina gaur egun, beren disko mitikoetan da. Egin zuten nahi zutena, eta beharrik! Gero, publikoa hor da errateko ez duela hori entzun nahi: hori, fite ikusten da...

Zer pentsatzen duzu berriz itzultzen diren taldeez?
Batzuetan, entusiasmoa pizten zait, baina gero, emaitza ikustean... Bon... Gainera, ez dakit biziki arrazoi sanoengatik egiten duten, edo diruagatik, adibidez. Salbuespen bat badut: Faith No More. Ez nuen inoiz ikusi ahal izan, eta bira bat egin zuten: Bilbon izan nintzen, eta zinez hutsune bat bete nuen nire musikazale curriculumean! Eta Police ere ikusi nuen toki berean, 2008an, hirukote gisa bira bat egin zutenean, artifiziorik gabe: hor ere, dolurik ez!

Pi.L.T. izanen da EHZ festibalean...
Horien diskoak ez nituen sobera maite, baina zuzenekoak, aldiz, biziki: konfiantza egiten diet. Horiek ere erran dute kontzertu bakar batzuentzat itzultzen direla: sanoagoa zait hori.

Gero, talde batzuek badakite gelditzen, eta bertzeek...
Itxoin: anitz gelditzeaz behartuak izaten dira ere... 1980. hamarkadako talde ospetsu guztiak geldituak dira gaur egun, baina beren musikari guztiek segitzen dute proiektu desberdinetan... ez badira hil! (irriak) Aktibo segitzen dute, begira Fermin Muguruza: Kortaturekin egiten zuenak, eta azken urteotako musikak, ez du deus ikustekorik. Jende gehiago du gaur, publiko zabalagoa, eta horietan badira betidanik segitu dutenak. Baina tipoak egin du beti nahi zuena.

Entzuten duzu?
Nahiago dut zuzenean ikusi... Alta, duela bi urte, EHZ festibalean ikusi nuen, eta bere kontzertua ez zitzaidan batere gustatu. Baina bi hilabete berantago, Atabalen kristoren emanaldia eskaini zuen! Gelak ere egiten du...

Erran nahi baita?
Festibaletako giroa baino, nahiago dut geletako izerdia... Usaina, denak tinke, kolaturik, garagardoa jantzietan isuria... (irriak) Festibaletako giroak ez nau konbentzitzen... Afitxak biziki eklektikoak dira, batzuk joaten dira talde zehatzen ikustera, eta gaineratekoez ez zaie inporta, baina hor dira, publikoan... Eta horrek sortzen duen giroan ez naiz bereziki gustora. Publikoa ez da homogeneoa. Nahiago dut gela batean izan, badelako zerbait komuna publiko guztiaren artean: publikoa berotzen da berdin, momentu berean, eta hori biziki ona zait! Musikari gisa ere...

Gela errazagoa da berotzeko?
Dudarik gabe! Festibala batean, baditudalarik hogei pelatu aitzinean, eta beste hogei ondoan, elkarren artean kalakan beste talde baten zain... Lotzen ahal naiz publikoa berotzeko!

Gelak dituzu, nagusiki, zure musikari zirkuituan?
Dependitzen du. Ez dut kontzertu anitz egiten, dena den! If Renaud Was a Punk taldearekin, hamar/hamabost urtean... Duela bi aste, Atabalen ginen, laster Hell Festera goaz; uztailean, Landetan izanen gara, ezagutzen ez dudan taberna batean... Gehiago begiratzen dugu ea baldintza onak diren: behar bada duela 30 urte baino exigenteagoak gara... Gertatu izan baitzaigu, kontzertuaren ondotik, publikoak erratea ez zela deus entzuten, batez ere ahotsa! Baina izpiritu berdinarekin hartzen dugu emanaldi bakoitza: momentu goxoa pasatzea. Gero, talde horrekin, publikoa berezia izan daiteke: badira Renaud zaleak, eta punkzaleak... Don’t Save The Queen taldearekin, ez da hain erraza ezagun bilakatzea. Baina gure artean ongi konpontzen gara, eta pentsatzen dut baikortasun hori publikoari komunikatzen zaiola, eta berak itzultzen duela poztasunez. Edo aspertzen denean ere, fite ageri da!

Atabalek zer ekartzen dio Ipar Euskal Herriari?
Musika munduan naizenetik, eskas genuen tresna: kontzertuak baldintza onetan, musikari zein publikoarentzat. Hastapenean, tokiko taldeak genituen ikusten, baina orain, horiez gain, mundu mailako formazioak ere heldu zaizkigu... Aipatu gabe inguruan den guztia, musika lantzeko, ikasteko...

Inguruan den giro herrikoiago bat ez ote du jaten?
Sortu zenean, debate hori izan zen... Baina hamaika urte du Atabal badela, eta nik erran nezake hori baino aise lehenago hasi zela kontzertu kopurua apaltzen Ipar Euskal Herrian. Xiberutik Lapurdira, astebururo kontzertuak baziren, edozein geletan, edozein baldintzetan... Erran nahi dut kontzertu xumeak, araberako baldintzetan egiten zirela... Eta hala segitzen dutela gaur egun, nahiz-eta kopurua zinez apaldu. Donibaneko Gaztetxeak, adibidez, beti segitzen du kontzertuak eskaintzen, Atabal baino baldintza xumeagoetan, eta jendea badabil!

Gehiago besta komiteek dituzte kontzertuak bazterrera utzi?
Dudarik gabe! Lehen, bazen halako lehia bat herriko besten artean, zeinek ekarraraziko zuen talderik potoloena: Arrangoitze, Irisarri, Bidarrai, Eiheralarre... Baina horrek bazuen kostu bat, eta momentu batean, zailtasunetan gertatu dira. Alta, giro popularrago hori, herriko bestetan berriz topatu daiteke, lehia bazterrean utziz... Nahiz-eta musikari gisa, ez baitezpada gustukoa izan hor jotzea... Publiko zinez anitza baita, batzuk tabernari lotuak, plazaren beste puntan, edo afaria ez bukatua... Gerta daiteke nehorren aitzinean ez jotzea! Horregatik ere ditut gelak nahiago.

Josu Larrinaga ikerleak zion, Berria egunkarian eman elkarrizketa batean, metal musika azpikulturala geratu dela, ororen buru...
Sinets dezala nahi duena! Musika guztiak bizi izan dira hura baino lehen, eta hura gabe biziko etorkizunean. Rocka, punka hila zela entzun izan da beti, baina beti izan dira gorabeherak, zikloak, berpizteak. Errespetu falta zait, milioika jendek entzuten baitu horrelako musika, munduan zehar. Ez ditut ulertzen horrelako sailkapenak, musika-lehiaketak ukatzen ditudan bezal-bezala, funtsean.

Gusturago zaude underground giro batean...
Bai, bortxaz underground gara: gure diskoak guhaurrek grabatu ditugu, do it yourself filosofiaren partaide gara. Kontzertuentzat hartu ditugun zirkuituak ere, hala ziren: batzuetan, under-underground! Baina laket naiz (erosotasun gehiagotan laket naizen bezala): ez badut gustuko, ez dut epaitzen. Ez naiz joaten. Utzi bakean!

Gehiago jakin

Joseba Manterola

Argazkia: Alain Cazenave