Katixa Dolhare

Katixa Dolhare

"Bizitzak eskaini erronken aitzinean, hitzak izan daitezke ihardukitzeko armak"

  • EKE - Xan Aire
  • 2014-04-14
  • Hizkuntza: Euskara

Katixa Dolhare-Çaldumbide (1982, Ezpeleta), literaturan aditua da. Ikerle Bordeleko unibertsitatean, irakasle ere bada Baxenabarreko kolegio eta lizeotan. Hemendik goiti, idazle ere deitu beharko da, aurtengo Gazteluma beka irabazirik, Biribilgune eleberria plazaratu berri baitu. Luma oparo eta begia zorrotz, gure gizarte hau jorratu du, munduan zehar, Euskal Herrikoa huts egin gabe.

Sentitzen da, kanpotik, literaturak toki anitz baduela, betidanik, zure baitan.
Hori, aitarengandik heldu zait. Bi urtetan, euskarazko kantu batzuk gogoz banezkien; bost urtetan, berriz, alegiak. Gustu hori transmititu dit, bereziki olerkiarena. Harengandik dut euskal eta frantses literaturaren zaletasuna ukan, baita latindar eta grekoarena ere. Beti liburu artean hazia izan naiz, eta, orain ere, ez dezaket erran denbora anitz  pasatzen dudala sukaldean, edo garbiketan! Eta ikasketetan, ikasi dudan gehiena da zein guti dakidan, eta zenbat gelditzen zaidan irakurtzeko eta ikasteko. Etsigarri bezain motibagarri da!

Aita irakaslea duzu?
Errienta, eta gauza anitzetan autodidakta: bere gogoetetan, munduan ibilia da, kulturak eta hizkuntzak maite ditu, baita literatura. Horren transmisioa egin du autoan kantuak kantatuz, etxean olerkiak irakatsiz... Beti denbora pasa. Liburak ene esku utziz ere.

Ez zenuten telebistarik?
Ez dugu sekula ukan! Ez zen, alde horretatik, konkurentzia handirik, eta funtsean, ez dakit jendeak noiz duen astia telebista begiratzeko! Nik ez diot tokirik ematen, hasteko... Gaur egun, etxean badugu bat, baina senarrari plazer egiteko da!

Euskaraz murgildua izan zara, sortetxean?
Bai, sei urte arte, ez nekien besterik. Badakit aita-amak kezkaturik egon zirela, ez bainuen frantsesez tutik ulertzen, baina fite ikasi dut, bai! Irakurtzen ikasiz bezala, funtsean, mundu hori ere zabaldu zait, bertze hainbat kulturena bezala. Ez zen kasik libururik euskaraz: haiek bagenituen etxean, gogoz bagenizkien! Eskolan dut frantses literatura ezagutu, batez ere kolegioan, Victor Hugo bezalako idazle handiak deskubrituz. Hortik goiti, idazle bat ezagutu eta, haren obra guzia, oso-osoki, irakurri behar nuen! Eta literaturaren gogo ase-ezin horrek, oraindik ere jarraitzen du.

Zein dituzu idazle kutunak?
Idazleetan handiena, ene gustuko, Homero da. Baina sail eta arlo desberdinen arabera ditut idazle kutunak aurkitzen. Marcel Proust ere bada: ene liburuan, badizkiot begi-kliskak eginak, estiloan, eta protagonisten izaeran. Batzuen obra, intelektualki zait gustatuko, nahiz eta ez didaten bihotza joko. Jean Tortel, adibidez. Urteak joanez bezala, idazle ulergaitzak geroz eta gehiago interesatu zaizkit. Ez baitezpada estiloa gustukoa nuelako, baina ulertzeko erronka hori maite dudalako. Eta tesia idazkera hermetiko eta ulergaitzaz egin dut.

XX. mendeko literaturan zara berezitua.
Bai, batez ere mendearen bigarren zatikoan. Hor aurki daitekeen erresistentziaren kontzeptua gustatzen zait. Bigarren Mundu Gerlatik heldu den zerbait da, baina forma anitzetan deklinatzen dena. Kafkak zion, idazleari: "hik ere, armak badituk". Bizitzak eskaini erronken aitzinean, hitzak izan daitezke ihardukitzeko armak. Interesatzen zait idazkera hermetikoak, edo arte modernoak, nola nahi luketen jokamolde politiko batean sartu.

Irakurle gisa, ez zaizu gustatzen idazlearen mezua errazegi emana zaizularik?
Hori ere ongi da, baina gogoeta konplexuen desafioan sartzea gustatzen zait. Bizitza bera ez baita sinplea.

Nahiz eta ulertua ez izatearen arriskua izan.
Hori da. Galdera da gauza konplexua nola komunikatu! Funtsean, gure euskal gizarteaz mintzatzeko, iduritzen zait diskurtso anitz sinpleegiak direla, mugatuegiak, sobera karikaturatuak. Beharko litzaioke ñabardura gehiagorekin begiratu, sakonago.

Zer toki, funtzio ematen diozu literaturari, gaurko gizartean?
Ez dakit literaturak funtziorik baduen, gaur. Eta olerkiak, oraindik gutiago. Ene gustuko, literatura gauza intimoa bilakatua da. Gizartean, aldi berean ez du tokirik, baina eragin handia ukan dezake harengana hurbiltzen denaren baitan. Literaturak xede handiak baditu, politikoak ere bai, ustekabean bada ere. Edo bizitza hobetzeko, itxaropena kutsatzeko, bizitzaren dorpetasunaren kontra. Baina ez dut uste gauza sentimentala den. Erromantismoaren garaian, errana zen olerkia kontsolatzeko egina zela. Interesgarriagoa zait literatura ikustea nortasuna ulertzeko, edo heriotza ulergarri denez aztertzeko.

Non koka idazlea, beraz?
Arras gordea da! Idazle gehienak ez dira hala ofizioz. Sistema komertzialak aitzinean ematen dituenak salbu... Euskal gizartean, idazlea ez bada militantzian sartua, ez dakit balio handiko pertsonatzat hartua den.

Baina zergatik idazteko urratsa eman duzu, beraz?
Gogoa nuen ene baitan sedimentatua zen horren partekatzea. Gazteluma beka izan da aukera ea horrek guztiak, baita ene idazteko manerak, zerbait balio zutenez ikusteko. Behar bada, nihaur ez nintzen ausartuko argitaletxe batengana hurbiltzera. Edo ez orain, behintzat. Eta lehia ere maite dut, nahiz eta hor, zerbait aurkezten nuen bakarra izan...

Beka-sistema horretaz zer diozu?
Pentsu dut gauza ona dela. Baina jendeak ez du denborarik hartzen gauzak idazteko. Behar bada lehia-molde horrek gutizia piztuko dio. Gero, ez dakit sistematizatzea on den, baina, bederen, idazten ari zaren ber, kanpoko begirada baduzu, epaimahaiaren jarraipenarekin: lehen liburu batendako, balio du. Eneko Bidegain epaimahaikidearen iritzia, arras lagungarri izan zait, ene istoriaren koherentzia atxikitzeko.

Itxaro Bordari keinu ebidenteak egin dizkiozu, Biribilgunen.
Bai, kasik hari omenez bezala idatzia da. Parisen aski memento dorpeak iragan ditut sei urtez, eta Itxaro Bordaren liburuak trenean irakurtzea zinez lagungarri izan zait. Plazer literario handia izan da, euskarazko bertze liburuek baitezpada eman ez didatena. Ez banu ikusi, frogatu, euskaraz hain libreki idazten ahal zela, ez nintzen, behar bada, urrats hori ematera menturatuko. Bereziki Iparraldeko literaturaz ari naiz, hor: abertzaletasunaz hain aske idaztea, hots, ez soilik oroitzapenez edo betiko leloak aipatzea, bada zerbait. Eta, ene aldetik, ez dut deus irabazteko edo galtzeko: ez naiz idazteaz bizi.

Nahiz eta literatura frantsesean aditua izan, euskaraz idazteko hautua egin duzu.
Preseski, frantses literatura hain dut aztergai, non ene ofizioa den. Euskara dut bihotzean, eta errazago adieraziko dut hizkuntza horretan. Ene baitan dudana, hobeki erakutsiko dut, ama-hizkuntza baitzait lehenik heldu. Frantsesez ere idatz nezake, baina distantzia gehiago banuke, batez ere begirada profesionalagatik.

Iparralde honetan hain ebidente ez dena: batuaz idatzia da liburua.
Gisa guztiz, bekaren irizpide bat zen. Lapurdiko txoko batzuetako hiztegia sartu dut, baina batua da idatzizkoaren geroa, edozein gisaz. Ulertu behar da aditza dela gehien batuari lotua. Gai horretan, gogoeta eskasa bada, egoera orokorraz. Aldi berean, batua ez da hain argiki eta ongi egina, gauza inposatua dirudi, bertze moldez garatzen ahalko zen... Baina batua oraindik egiten ari da, orduan bakoitzak beharko luke bere ardura hartu. Eta ulertu batuak baztertzen dituen gauza gehienak, euskalkiek ere egiten dituztela.

Lehen pertsonan idatzia da liburua: zer hein autobiografikoa ote du?
Autobiografikoa ez den gauza guti da! Pariseko banlieue horietan ibili naiz, Senegalen ere, baita aipu dudan hango hiri islamista hartan ere... Liburuan diren anekdotak, ez dira asmatuak! Denak nik bizi izandakoak dira. Intriga, horien partekatzeko estakuru bat izan da. Horretan, begi-kliska Itxaro Bordari, baita liburu-hastapenean aipu dudan Emmanuel Hocquard idazleari. Horren iduriko, literatura bera da errealitateaz eta norberaz egiten den inkesta handia. Horren estiloak polarraren hainbat ezaugarri mailegatzen dizkio, baina horren liburuak ez dira batere hala irakurri behar: intriga pobrea dutenez, arrunt dezepzionagarri jalgitzen baitira! Ideia hori eneganatu nahi nuen, Biribilgune idaztean: inkesta ez datza intrigan, baizik eta gogoetetan. Inkesta esistentziala da, nortasun pertsonal eta kolektiboari buruz.

Eta protagonista hori?
Parisera heldu nintzelarik, Euskal Etxera joan nintzen, bistan dena, eta hor ohartu nintzen hainbat euskaldun bazirela herritik nahitara ihes egin zutenak. Jendearen begirada pisuagatik, militantzian itoak izanagatik, Euskal Herri idealizatu bat urrundik amestu nahi baitzuten... Ofizio aitorgaitzak zituztenak ere baziren. Preseski, Euskal Etxean bretaindar bat ezagutu genuen, neskalaguna gipuzkoarra izanki, euskara ikasi nahi zuena, ukanen zituzten haurrei transmititzeko. Klase eta ikastaldi guzietan hor zen, eta asteburu guziz, Parisetik Gipuzkoara joaten zen! Baina bizpahiru urte joan arau, oraindik ez genekien zer ofizio zuen. Ustegabean, jakin genuen Frantziako Polizia Nazionalean agente zela. Euskal Etxean ez du behin ere erran. Argi zuen, polizia izanez, ez zela Ipar Euskal Herrian bizitzen ahalko. Alta, bere ofizioa maite du, jendearen zerbitzuko ari da. Gaur egun, Gipuzkoan bizi da, haurra euskalduna du, eta polizia izaten jarraitzen du, hor nonbait. Horregatik diot euskaldun izatea ez dela hain gauza sinplea! Mutiko horren kasuak gogoeta anitz piztu dizkit, eta liburuko protagonista inspirarazi. Parisetik Euskal Herrira itzuli nintzelarik, bake prozesua hasi berria zen. Orduan pentsatu dut euskalduntasun guziak onartzeko garaia ere bazela, ez soilik abertzaleen diskurtsoetan sartzen zirenak. Euskalduntasuna gauza konplexua da, ez eta alderdi politiko batzuen gauza. Elkarbizitza eta elkarrizketa martxan emateko garaia ere dela iduritzen zait, gure artean, gure egunerokotasunean. Gure hurbileko erronka nagusia izanen da onartzea bakoitza nor den, nolakoa den.

Nortasunaren gai korapilatsua.
Bai, euskaldun izatea, zama da. Alde batetik, sentiarazten digute ardura handia badugula, euskara salbatzeko, transmititzeko, herria biziarazteko... Bertzalde, bada indibidualki ditugun amets edo ideiak, familian egoteko xedea, mundua kurritzekoa, eta ez da beti erraz hori dena kudeatzea. Gainera, autokritikak jendartean oraindik toki guti duela iduritzen zait. Seaska, AEK kritikatzea, ez da erraza, edo berehala pentsatzen da kontra zarela; denen beharra badela, eta korapiloak desegitea geroko utzi behar dela. Itxaro Bordak totalitarismotzat dauka jarrera hori, eta irudi sektarioa eman dezakeela aitortu behar da. Guhaurrek genuke hasi behar aske izaten, aldarrikatu aitzin. Eta, horretarako, elkar elekatu, eta entzun. Bake politikoa adituei uzten diet, baina gure artean, nahiago nuke bake gehiago sentitzen hasi. Zaila da nortasun pertsonala eta kolektiboa uztartzea, eta, aipatzen ez duguno, batzuek nahiago izanen dute Parisen bizi. Eta ez da Euskal Herriaren kasua bakarrik.

Euskaldunekiko zorrotz ari zara: zure burua zaku berean sartzen duzu?
Bistan dena! Nor nintzateke ni, lekzioak ematen aritzeko? Bertzearekin bizitzea ez da erraza, batez ere diskurtso sinplistetan gelditzen baldin bagara, eta horiek sistematizatzen baditugu.

Sistematizazioek beldurrarazten zaituzte?
Lanjer handiak zaizkit! Zaila da horietatik ateratzea, eta, ondorioz, elkar ezagutzea.

Idazlearen eta protagonista nagusiaren arteko muga, lausoa da.
Ez naiz osoki identifikatzen pertsonaiari, eta proposamen batzuk baizik ez ditut luzatzen. Bakoitzak nahi duena egiten du, gero. Ez da iritzi fermurik, baizik eta eztabaidagarriak. Haziak ereiten balira bezala. Krispazioak saihesteko.

Nahiz eta liburuan, munduan zehar ibili, problematika berdintsuak lot daitezke?
Edo nik ditut interesatzen zaizkidan problematikak bertzeengan ikusten! Senegalen jendea ikusi dut Europaz amesten, eta Paris inguruan, etorkin-semeen miseria handia. Miseria psikologikoa, soziala, materiala, eta kulturala. Hor ikusi dut zer eragin zuen haurrengan norberaren kultura eta hizkuntza ez transmititzeak. Nortasunik gabeko haur galduak, zedarririk gabekoak, hizkuntzarik ongi menperatzen ez dutenak. Aita-amak nor ziren jakin gabe, nondik heldu ziren. Urte berean zehar, deituraz eta etxez behin baino gehiagotan aldatzen zuten haurrak. Nortasun-agiria frantsesa izanik ere, beltza izateagetik eta frantses hizkuntza ez menperatzeagatik, frantses “garbiek” ez dituzte onartzen. Ez dira beren auzotik sekula ateratzen, lan egitea ez dakite zer den, edo natura. Galdegiten zidaten nola deabru zutik egoten ahal zen mendi baten kaskoan, pentsa! Ez dute deusetan sinesten. Haien irudimen guzia, telebistak formatatua da. Hamabi urtetan, bizitza fini dute, ez baitute aterabiderik ikusten. Esistitzeko manera bakarra, bortizkeria dute: edo biktima zara, edo erasotzailea. Hori dute eredu bakarra.

Migrazio-fenomeno horien ondorioak dira, munduko edozein tokitan.
Ikusi ditut familiak hizkuntza eta kultura transmititzen, eta horiek, ez zuten arazorik, ez eskolan, ez lanean. Baina gehienetan, gerla edo goseteari ihes eginez joan dira, edo sosdun izateko gutiziaz; dena-den,  ez dute kulturaz batere gogoetatu. Ondorioz, elkarren gainean metatuak dira, elkar ezin ikusiak, eta biziki kontsumitzaile dira, zoriontasun apur bat dastatzeko. Botere publikoen alimaleko lan saila balitzateke hor, baina...

Azpimarratzen duzun bertze problematika, Afrikan ala Parisen, gizon-mundua da.
Bai, emazterik gabekoa, horiek itzalean direlarik, etxetik atera gabe, beti haurtzain. Eskolatuak izan gabe haurdun dira, orduan ez dute deus erratekorik. Intelektualki ez dute garatzeko aukerarik ukan, eta ez dute helburu edo anbizio handirik. Eta, oro-har, indar-harremana behar da errespetua lortzeko. Batez ere protagonistaren kasuan, non, istoriaren atal horretan, ikastetxeko langile bilakatuz, instituzioa ordezkatzen duen: frantses arrunten garbitasun eta aberastasuna. Eta haurrek badakite ikastetxeko langileek ez dutela irauten, eta ez dutela deus igurikatu behar haiengandik. Horregatik ere, liburuan, amets pertsonal ttipi bat gauzarazi diot pertsonaiari: bertako haur bat salbatzea, hortik ateraraziz.

Biziki zaila izan behar zitzaizun, mundu horretan irautea.
Bokazio soziala duen jendearentzat, interesgarri izan daiteke, baina nik, literatura irakatsi nahi nuen! Ez naiz baitezpada leku egokian gertatu. Adibidez, erromantismoa landu dugunean, Victor Hugoren gutun bat aztergai ukan genuen. "Ene erregina, printzesa" bezalakoak baziren, eta, mutiko andana batek ez baitzuen klasean deus segitzen, irriz erran nien lagungarri izanen zitzaiela horrelakoak jakitea, neskei mintzatzeko. Erantzun zidaten ez zutela horien beharrik, ene garaiko kontuak zirela; haiek, "Heldu haiz zikoan aritzera, ala ez?" galdegiten zutela zuzenki. Horrela ginen berehala pasatu programaren ondoko zatira: errealismora!

Eta depresioak ez zaitu jo?
Ez, banekien bederatzi hilabeteren afera baizik ez zela. Pariseko toki desberdinak kurritu ditut, biziki aberatsak tarteko. Hor izan zait zailena: hunkitzen nuen pagarekin, ez nuela deus errateko baimenik botatzen zidaten. Oraindik bertze mundu bat!

Ororen buru, liburuaren bukaeran jalgitzen den sentipena da ontsa garela Euskal Herrian.
Bai! Gauzak badira kritikatzeko, baina konfrontazio eraikitzaile baten zentzuan. Hala ere, ikusiz zer iragaten den ezker eta eskuin, badugu erlatibizatzekoa, bai... Badakigu nor garen, eta ezin estimatuzkoa da. Ikustea baizik ez da Afrikan ere nola galdua duten hori.

Herri ttipiekiko trinko zara liburuan, baina Bankan bizitzeko hautua egin duzu.
Bai! Aitortu behar da ez genuela, lana aldetik, hautu sobera. Baina bertzalde, aldarrikatzen badut herrian bizi behar dela, elkarbizitza-desafio hori praktikan ezarri nahi dut. Alta, jendeak aspertzen nau, aldi berean erranez fier dela euskaldun izateaz, eta tira-ahala frantsesez ari delarik. Edo hainbat aurreiritzi ere bada euskararekiko. Baina haiekin bizi behar da, eta kontzientizatze-lana egiten entseatu, hizkuntza ez galduz bezala. Bankan bizitzeko hautua, liburuan aurki daitekeen arrazoi baten ondorioa ere izan daiteke: nahi dugula gure haurrak nonbait errotuak izan daitezen.

Gehiago jakin

Elkarrizketa gehiago

Zoe Bray

Zoe Bray

"Artea eta antropologia, bizitzeko eta bizitzaz hausnartzeko, tresna osagarriak eta ezinbestekoak dira"

Adur Larrea

Adur Larrea

"Euskal Herrian oso marrazkilari onak badira eta hautua egin dute euskaraz lan egiteko"

Nahia Zubeldia

Nahia Zubeldia

"Musika beti izan da adierazteko, askatzeko eta ongi pasatzeko tresna"

Maddi Ane Txoperena

Maddi Ane Txoperena

"Hedabideak ez dira komunikatzeko bakarrik, diskurtsoak, errealitate bat sortzeko gaitasuna ere badute"

Elkarrizketa gehiago