Hemen zaude: Hasiera Euskal kultura Euskal kulturaren lekuko Fernando Morillo

Fernando Morillo

''Ameslari gisa, Abbadiako Antton kide sentitzen dut''

  • EKE - Xan Aire
  • 2011-11-07
  • Hizkuntza: Euskara

Fernando Morillo (1974, Azpeitia, Gipuzkoa) idazlea da, bereziki haur eta gazte literaturan. "Gaumin" bere argitaletxea berriki plantan emana du. Euskal kultur erakundearen Hogei'ta egitasmoaren karietara, Hendaiako CPIE eta Euskal Idazleen Elkartearen partaidetzarekin, Abbadia eremuko Nekatoenea baserrian egonaldia egiten ari da, azaroaren 20a arte. Abentura liburu bat idaztea du xede, bere ametsen tintatik.

Xan Aire: Ttipitan, izarrei begira egoten omen zinen...

Fernando Morillo: Ez bakarrik izarrei ! Garbigailuari begira ere egoten nintzen, gurasoak kezkatuta nituela... Baina bai, izarrak, gaua beti gustatu izan zaizkit, txinparta horiek, zer dira, nondik nora doaz, noiz arte, etengabe galdetzen nuen. Ez dakit zer ikusirik duen literaturarekin, baina bai zientziarekin. Txikitan, beti pentsatzen nuen astronauta edo izarrak aztertuko zituen zientzialaria izango nintzela.

Bazenekien mundu honetatik ihes eginen zenuela...

F. M.: Bai ! Mundu errealean beti galdu izan naiz. Baina ez modu figuratiboan, bakarrik ! Kotxean, bat-batean deskonektatu egiten zait burua, eta ez dakit gehiago non nagoen. Broma ematen du, baina ez ! Libre baldin banabil, arazorik ez, baina hitzorduren bat baldin badaukat, tentsioa sortzen zait ! Orduan bai, askoz erosoago nago izarrei begira...

Zer zinen, haur bakartia?

F. M.: Suerte ona izan dut lagunekin, oso onak izan baititut txikitatik. Ez nintzen bakartia, baina bakardadea bilatzen nuen askotan. Bakarrik egon behar banuen ordutan, lasai asko egoten nintzen, istorio baten asmatzen edo. Baina lagunekin ere gustura egoten nintzen. Hori bai, jende gutxirekin. Jende asko izaten denean, nahiz eta lagun minak izan, estutzen hasten naiz ! Hori ez zait aldatuko.

Zer harrapatzen duzu bakartasunean?

F. M.: Mundua hain konplexua zitzaidan txikitan... Gizakiak ezin nituen ulertu. Beti barre egiten didate, estralurtarra naizela, eta okerreko planetan jaio nintzela ! Baina nik sentsazio hori neukan, gauza asko ez nuen ulertzen. Lagunek kotxe bakoitza zein zen eta bazekiten, baina nik ezin nuen, saiatu eta ere ez ! Edo futbola... Eta ni, zuhaitzak, txoriak... Bakardadean, neure mundutxoan sartzen nintzen, pentsatzen landareak zer diren, nondik datozen, eta istorioak asmatzen. Arbolekin zer solasaldiak egin ditudan ! Haien azpian jarri, eta hitz egiten hasten nintzen. Orduan, bakardadeak neure barruko mundua elikatzeko aukera ematen zidan. Lagunekin mundu bat zen, eta bakarrik beste bat. Biak behar nituen. Jendea kezkatzen zait oraindik ere, ea bakarrik ez ote naizen aspertzen ! Baina ez ! Nahi dudanean, jendea badago ! Bakardadea behar dut, askotan.

Zure munduaren ateak lagunei zabaltzen zenizkien?

F. M.: Gutxi. Ezagutzen naute, badakite nolakoa naizen. Batzuetan pentsatzen zuketen triste nengoela, baina ez ! Ni nintzen xelebreetakoenen bat, baina onartzen ninduten. Orduan batzuetan kostatzen zait esatea bakardadea gustukoa dudala, jendeak ez bainau ulertzen.

Ttipitatik istorioak asmatzen zenituen, baina idazten ere bai?

F. M.: Ez, hori beranduago etorri zen. Oraindik ez nekien idazle izango nintzenik. Landare bat hartu, eta ipuintxo asmatzen hasten nintzen. Edo gizon bat, emakume bat kalean ikustean... Noski, dena fantastikoa bihurtzen nuen ! Igual sorgin ezkutua zela eta... Idaztea, dezente geroago etorri da.

Noiz ote?

F. M.: Batzuetan esaten dut nesken errua dela ! Maitemindu egiten nintzen, adierazi nahi baina ezin... Ba olerki txikiak idazten hasi nintzen. Eta hortik pentsatu nuen zenbat gustatzen zitzaidan idaztea. Ipuintxoak ere idazten hasi, hobby gisa. Neuretzat gordetzen nituen, hori bai. Eta baten batek ikusi zituen behin, eta erakustea gomendatu... Txiripaz joan naiz aurrera. Saritxo bat irabazi, eta ai ama ! Nola da posible... Gainera Azpeitiko euskaran idazten nuen. Zeharka etorri zen literaturaren mundua.

Eta argitaletxeak?

F. M.: Eta argitaletxeak. Urteak izan behar nituen onartzeko idazlea nintzela. Sei, zazpi liburuen buruan, "ni idazlea izango naiz" pentsatu nuen. Egia erran, ez dakit zer eginen nukeen besterik. Lantegi batean sartu... Baina burua deskonektatzen zaidanean, bonba atomiko baten egiteko gai izan naiteke ! Hala ere, gosez hiltzen banaiz, edozer gauza egingo dut ! Idazteak izugarrizko askatasuna ematen dit. Zientziari buruz, historiari buruz, abentura, fantasia, Abbadiaren biografia... idatz dezaket. Horrelako espektro zabala ikusteak pentsarazten dit edozer egin dezakedala.

Alta, ikasketak ere egin dituzu, fisika eta filosofia... Zer balio izan dizute idazle izateko?

F. M.: Fisika ikastea txikitatik nuen helburu. Baina karrera ez nuen amaitu. Zientzialariaren irudi berezia neukan, neure baitan : teleskopio bat, eta izarrei begira. Mundu errealean, bulego batean sartuta, kalkula txikien egiten izango nintzela konturatu nintzen. Orduan zalantza sortu zitzaidan... Eta filosofia ikasi nuen, ea zer erantzun ematen zidan ! Azkenean, idaztean naizela zoriontsu. Fisikak eta filosofiak gauzak barneratzeko tresnak ematen dizkidate, hala ere. Ideiekin jolastea. Antropologiak ere aukera asko ematen du, munduko kultura ezberdinak ezagutzea... Denok gizakiak, baina hain diferente !

Zure burua ongi kokatu duzu, beraz, Abbadiako Anttonen eremuan...

F. M.: Leku hau turista gisa ezagutzen nuen. Hondartza, gaztelua... Eta orain aukera polita izan dut, batez ere gaztelua modu berezian bisitatu dudalako : publiko zabalari erakusten ez dituzten tokiak ezagutu ditut. Oso ederra, eta bitxia ! Hala ere, historiaz jositako tokia da. Idazle gisa, toki batera joan, eta bere musikak zer kontatzen didan entzutea gustatzen zait. Hemen, ikaragarria da ! Izadiak kristoren presentzia du. Animali xelebreak daude, katagorriak, arratoi erraldoiak, oso txori politak... Eta bat-batean, bunkerra, nazien garaikoa. Saiatzen zara entzuten... Eta Abbadiaren ametsak ! Gizon honek zenbat gauza ukitzen ote zituen ? Zenbat atal zabaltzen ? Hori ere, izarrei begira egoten zen ! Beti eta urrunago bilatzen saiatzen. Eta izarrei begira amaitu zuen. Oso hurbila sentitzen dut. Leonardo Da Vinciren parekoa zen : hamaika gauza hasi, baina gutxi amaitu. Ameslari gisa, Abbadiako Antton kide sentitzen dut. Oro har, leku honek magia dauka.

Goizegi ote da zuri galdegiteko zeren idazten ari zaren hemen?

F. M.: Proiektu hori hautatua izan zenean, Nekatoeneko egonaldia betetzeko, gazteei begira zegoen. Nobelan girotua, leku hau kontatzen duena magia, abentura kutsutik. Baina gero, Abbadiako Antton hobeto ezaguturik, pentsatu dut tipo honek nobela bat merezi zuela ! Hala ere, asko dokumentatu ondoan, badakit, eta mingarria da, dena ezin izango dudala kontatu. Orduan, esperimentuak egiten ari naiz. Neska gazte bat, izarrak gustukoak ditu, pixka bat triste sentitzen da, orduan hona etorriko da lagun batzuekin, eta lagun bat galduko dute... Hura bilatzean, eremu honetako gauzak deskubrituko dituzte, historia ezagutuz... Hala ere, horren alboan, istorio txiki batzuk aurreratzen ere ari naiz, azkenean jakiteko zein joango den indartzen...

Eta noiz jakinen duzu hori, denborak erranen dizu?

F. M.: Bai ! Pentsatzen dut margolariak bezala garela. Margotzen hasten dira, eta bat-batean, hau dela, eta ez hori, badakite. Badirudi aipatutako neska gazte hura bizirik dagoela...

Zure luma sormenaren esku artean uzten duzu...

F. M.: Hori da. Hasierako egitura lehertu egingo dela badakit. Orduan sormenari utzi behar zaio.

Idaztean, sortzean, zer heinetaraino lekua uzten ote diozu irakurleari?

F. M.: Lehen baino askoz handiagoa. Hasieran, niretzat idazten nuen. Azken urteetan, eskola askotan egon naiz, eta konturatzen naiz niri argi zitzaizkidan gauza batzuk ez zirela beti denentzat hala. Orduan saiatu naiz geroz eta garbiago idazten. Neure istorioak kontatu nahi ditut, baina beste norbaitek irakurri behar ditu. Hala ere, bakoitzak bere irakurketa egingo du, daukan esperientziatik, eta hori dena. Baina oso garbi daukat komunikatu egin behar dudala. Besteei iritsi behar zaie.

Publikoari hainbeste pentsatzea ez ote da bekatu ? Ez ote du sormena murrizten edo...

F. M.: Uste dut erantzukizunaren parte dela. Nietzsche interpretatzea oso zaila da. Baina bere hitzak ez dira oso potoloak. Hartzen duzu, eta ulertzen duzu. Gero, auskalo zer interpretatuko duzun. Baina badaude beste batzuk, non ez baduzu lehenik beren hizkuntza aztertzen, beren obra ez duzu ulertuko. Hori gorroto dut ! Orduan, ez dut besteak nahi duena idatziko nik, neureak kontatuko ditut, eta hori ez da traizioa. Irakurlea murgiltzea nahi dut, ez dadila konturatu ere irakurtzen ari dela. Gainera, irakurle euskaldun asko ezagutzen dut non, abentura liburu bat irakurri nahi dutenean, erdarara jotzen duten. Horrek amorrua ematen dit ! Euskaraz ere besteetan bezala goxatzeko aukera eman behar da.

Zergatik gazte literaturan idazten duzu gehien?

F. M.: Egia da neure obraren %80 arlo horretan dela. Denok daukagu ume puntua, eta nik oso potoloa daukat ! Ume edo gaztetxo bat hartzen baduzu, gauza asko dira zilegi. Gazteen kontuak fantastikoagoak dira inozentziaz. Hala ere, nerabe aroan, arazo handienak ezagutuko ditugu, bat-batean, gainera ! Lagunen arteko liskarrak, bihotz kontuak, lana... Gazte askok izugarri sufritzen dute, jakin izan gabe nola aurre egin. Orduan, ikaragarrizko mundu aberatsa da idazleontzat. Gauza asko, zilegi, eta sinesgarriak. Altxorra !

Baloreak transmititzeari garrantzia ematen diozu?

F. M.: Saiatzen naiz, baina normalean gazteek gehien gorroto dutena, moralismo erretorika da. Hala ere, irakurleak zerbait ikastea nahi dut, hori bai. Gozatuz ikastea. Zerbait utzi nahi duzu, hala ere.

Nekatoeneko egonaldi honek Ipar Euskal Herrian sartzeko aukera eman dizu?

F. M.: Zorionez, lehenagotik ezagutzen dut. Eskolaz eskola ibili izan naiz duela urte batzuk. Eta hor konturatu nintzen zer galtzen ari nintzen. Bizitzen ere egona naiz. Nik uste konkistatu nauzuela !

Eta orain, Iparraldea konkistatuko duzu...
F. M.: Konkistatzaile oso txarra naiz ! Hemengo doinuak entzuten saiatuko naiz.

Baina noiz arte atxikiko duzu inozentzia hori, zure baitan?

F. M.: 70 urteko jendea, sortzaileak, ezagutzen ditut, eta oraindik inozentzia hori daukate beren baitan. Sortzaile gara ume izan garelako. Gazteak konturatzen direnean zein sortzaile diren, beldurra sartzen zaie. Kritikak zuzentzeko balio du, baina sortzeko umea izan behar da. Espero dut umetasun hori ahal bezain luzaz gordeko dudala.

Zein triste zinatekeen zu, idazle ez bazina...

F. M.: Bai ! Baina ez da ihesbidea. Irakurle askorentzat mundu honetatik ihes egiteko da literatura. Baina niri idazteak, eta idatziak, asko balio dit mundua ulertzeko. Zerbait ulertzen ez badut, idatzi egiten dut. Zenbat talka dagoen mundu honetan, zenbat kutsadura, zentzu guztietan. Orduan, neure mundutxoetan antolatzen ditut mundu errealeko gauzak, eta horrela iristen naiz ulertzen. Idazten jarraituko dut, zer gerta ere. Paperezko liburuen artean hil egingo naiz, nahiz eta horiek desagertu, egun batez.

Fernando Morillo

Fernando Morillo (EKE)