Hemen zaude: Hasiera Euskal kultura Euskal kulturaren lekuko Philippe de Ezkurra

Philippe de Ezkurra

"Karrikako eskola ez dut sekulan ahantzi"

  • Xan Aire - EKE
  • 2017-02-07
  • Hizkuntza: Euskara

Philippe de Ezkurra (1974, Urruña, Lapurdi) akordeoilaria da. Plazetan hazia, akademian zaildua: bere bi eskolak uztartu nahiz ateratzen da Baionako kontserbatoriora, irakasle gisa, ikasleen nortasunaren bila. Aurten, bosgarren aldikoz “Euskal kulturaren eguna” antolatu dute han, urtez urte zubi sozio-kultural zenbait luzatzeko xedez.

Eta pilotari familia batetik, musikaria atera zen…
Bai! Pilotaria nintzen, anaiak bezala, eta bederatzi urtetan hasi akordeoia jotzen… Aitak nahi zuen gutarik bat musikan entseatzea, eta ni hirugarrena izanik, urrats hori egitera menturatu nintzen… Akordeioa izan zen, tresna horrek presentzia baitzuen gure herrietako besta-giroan. Hastapenean zaila zen, irakaslea doi bat gogorra izanik, baina lotu nintzen! Eta memento batean, 12 urtetan-edo, pilota eta akordeoia ez ziren gehiago konpatible: eriak zaindu behar ziren, eta musika-irakasleak ere argiki erran zigun hautu bat egin beharko zela. Akordeoia aukeratu nuen... Hortik, fite hasi plazetan jotzen, hainbat gauza ulerturik.

Zer ulertu duzu?
Klaseak garrantzitsuak direla teknika ikasteko, eta oinarri sendoa izateko... Baina jendeak, plazak, eta batez ere dantzak emanen dizula kolorea. Besta giro hori erabakigarria izan da ni musikari bilakatzeko. Gainera, biziki herabea nintzen, anaia zaharrenak nortasun azkarrekoak ziren, eta ene bidea aurkitu dut musikari bezala: laxatu naiz, eta sustraitu mundu honetan. Hamahiru urteetan lehen urtatsa egin nuen, eta hamalauetan, plazetan nintzen, beste musikariekin batera. Bistan dena, Urruñan bazela, jadanik garaian, Beñat Elizondo, eta bazen Mixel, bateria-jole bat: ihauterietan, ezkontzetan, bestetan, plazetan hasi ginen, Belatxa izeneko taldearekin. Baxoa arte segitu ditut ikasketak, baina biziki zaila zen dena kudeatzea: ikasgelan lokartzen nintzen, asteburu guziz nonbait jotzen baikenuen, otsailetik udazkena arte!

Arrunt giro desberdina zitekeen, ihauterietan edo ezkontzetan...
Bai, baina ongi zen hori, zure errepertorioa zabaltzen laguntzen baitzizun. Inportantea da, musikari bezala jendartean sartu nahi baduzu... Eta kulturalki ere, euskal dantzak jakitea, oinarria zait. Ezkontzetan, gehiago ikasten zenuen irauten, gau osoa behar baitzen giroa bermatu! Laburbiltzeko, erran nezake ulertu dudala zein izan den nire funtzioa gizarte honetan.

Hori ulertzea, inportantea da?
Musikari batentzat? Biziki. Bestela, badakizu zerbait egiten, baina hor, beste dimentsio bat hartzen duzu, eta mespretxurik gabe, herrien bizian sartzen baitzira. Beste sentsu bat hartzen duzu...

Hala ere, 1980 hamarkadan, Urruñatik kilometro gutira, punk mugimendua zapartatu zen Hego Euskal Herrian: Kortaturekin Irunen, adibidez... Eta zu, akordeoira buruz ari...
Bai, baina kasu: garai berean, euskal musika tradizionala biziberritzeko mugimendu biziki importantea ere izan zen! Hor ziren hasi Joseba Tapia, Kepa Junkera bezalakoak trikitixari beste dimentsio bat ematen, erromeriei loturik lehenbizik. Eta guk, sentitu dugu hori azkar! Bazen dantzaldietarako giro bat... Eta zer talde: Mintxoriak, Gazteok, Akelarre... Euskal Herriko erreferenteak ziren, Hegoaldean ere ibiltzen baitziren, eta guretako, musikari gazte gisa, sekulakoa zen horiek hor izatea! Errepertorioa aberasteko, eta konplexuak alde batera uzteko... Diskoak ere baziren, trumilka.

Zergatik ez zinen trikitixari lotu?
Garai horretan, Iparraldean, ez zen trikitixarako girorik... Beñat Elizondo, Louis Beherretxe, Galtxetaburu ziren erreferente zuzenak, akordeoiarekin. Iparraldean, txarangak izan dira beti: klarinetea, caisse claire delakoa (atabalik ez zen), txirula, eta akordeoia... Tapia, Junkera ere, hala hasi ziren... Ez da ahantzi behar gaurko akordeioa, esku-soinu diatonikoaren eboluzioa dela, eta aise posibilitate gehiago izan zela tresna berri horrekin, musikari bezala. Azpimarratu nahi dudan ideia da tresna ez dela garrantzitsuena. Tapiak, Junkerak teknika aldetik sekulako ahalak zituzten, eta molde desberdinean hasi ziren trikitixa jotzen, eta oihartzuna ukan zuten jendearen baitan: horiek ere, beren funtzioa topatu dute gizartean, eta hortik da trikitixa biziberritu. Zinez zokoratua baitzen! Kalera kantonatua: ez da gaizki, baina erakusten ahal baduzu tresna batekin dena (edo kasik dena) jo dezakezula, beste dimentsio batera eramaten duzu. Tapiaren aireak jotzen hasi ginen ezkontzetan ere, eta argi agertzen zen jendeak bereganatuak zituela. Ene aldetik, trikitixan ikasi ditut hamar kantu jotzen, baina ez zitzaidan interesgarri: aukera gehiago nuen akordeioarekin, eta beti nahiago izan dut horrela. Ene pentsamoldearekin bat egiten duen tresna da, askatasun gehiago topatzen dut hor. Baina biziki pertsonala da, eta ez dut deus diktatu nahi: kontserbatorioan ere, beti erraten dut irakasleak bere musikari-izatea doi bat bazterrean utzi behar duela, parean dituen haurrak hobeki entzuteko, eta laguntzeko. Kasu egiten dut ideia batzuekin: trikitixarekin dela zinezko euskal musika jotzen, adibidez. Ez: edozein tresnekin jo daiteke euskal musika. Biolinarekin ere, baina tresna hori, desagertuz joan da Euskal Herriko panoramatik: 1900 urteetako argazkiak begiratzen badituzu, musikarietan beti biolin-jolea agertzen da...

Nolaz dugu trikitixa hain gurea?
Nire ustez, hemen sortu tresnak dira txalaparta eta txanbela. Bestela, kanpokoa dugu gure egin: irekiak garelako seinale. Baina hor ere, tresna bigarren mailakoa zait: trikitixa berriz gureganatu dugu, aspaldian hemen zelako, eta aro berri batzuetan zentzua eman baitiogu. Gure behar kolektibo bati erantzun duelako: tokiko erreperio batzuen eskasa. Aldi berean, Iparraldeko garai bateko musika-eskola eta kontserbatorioetan, begi guziak Parisera buruz itzuliak ziren, erreferentziaz beteriko hiria baitzen... Baina hemengoa ahanzten zen: nik, nire irakasleekin, ez dut sekula ikasi hemengo musika. Metodoa, paso doblea, baltsa... Parisen bezala. Hemengoak, karrikan, ihauterietan, dantzaldietan... belarriz ditut ikasi.

Noiz erabaki duzu akademian bi zango sartzea?
Ez dakit ea bi zango sartu ditudan behin ere... Karrikako eskola ez dut sekulan ahantzi. Baina akademian urrunago joatea erabaki dut, irakasle izatea hautatzean. Estatu diploma eskuratu nahi baduzu, ibilbide zorrotza duzu aitzinean. Gainera, garaian, aukera guti zen akordeoian aitzina joateko: Orsayko kontserbatorioan, Myriam Bonnet-ren izena nuen harrapatu... Parisera joan behar, beraz! Entseguak egin, eta hartu ninduen, erranez anitz gauza berrikusteko banituela... Klasiko mundura pasatu nintzen: biziki interesgarria, sakona. Kasik 27 urte arte landu dut etengabe, markagailu biziki garrantzitsua aurkiturik bidean: Serbiako akordeoi-eskolak. Harrigarria da nola uztartu duten tokiko musika eta klasikoa: biziki ongi funtzionatzen du! Hori gogoan zizelkaturik genuen, Baionako kontserbatorioan, akordeioa saila zabaldu, 2003an. Xavier Belette zuzendaria eta lagunari argi utzi nion hemen bazela euskal kultura, eta ez zitzaidala normala horri oihartzunik ez ematea kontserbatorioan. Aipatu genituen trikitixa eta akordeoiaren arteko harremana: erran nion behin akordeoia ikasirik, trikitixan ere molda zitekeela. Aldierantzizkoa, zailago.

Baina 2003an, bazen gazterik aski interesatua akordeoia horrelako mailan ikasteko?
Segidan! Hamar ordu ireki, eta berehala bete dugu. Akordeoi-irakasleen lanari esker: horietarik franko bada Iparraldean, eta garaian, Laura Bide genuen ikasle, adibidez, gaur erreferentea dena, baita irakasle. Hortik fite, hogei ordura pasatu ginen, eta bete zen ere. Anartean, gauzak argi finkatuak nituen ene aldetik: tokiko errepertorioa klasikoarekin uztartzea. Oreka aurkitu dut, eta plazera izan da! Ikasleari hautu bat ematea, funtsezkoa izan da.

Zaila izan da kontserbatorioko jendea konbentzitzea?
Ez. Baina gure musikarien osotasuna ikusten dute, gisa guziz... Eta Frantzian, edota Hego Euskal Herrian ere, ikusi dituzte klaseak zerratzen, errepertorio klasikoa baizik ez baitzuten lantzen. Biziki zaila da, gaur egun, ildo bakarrean egotea: aski fite depasatua zara. Eta bada inguruko kulturari txertatzearen garrantzia. Lehenik irakasleoi doakigu horri irekiak izatea.

Akademiako zorroztasuna ez da garai batekoa, beraz?
Nola erran... Irakasleak jakin behar du ikaslea nora eraman: ikasleak segitzen du, edo ez. Lehen bizpahiru urteak, ongi pasatzen dira, baina zuk baduzu zure helburua: lortu nahi bada zerbait gehiago, errepikak egin behar dira... Zorroztu behar da egunero, lama baten gisa. Maila ez dut hala kontutan hartuko: exigentzia bai, haatik. Irakasten dudan hari, ikasleak serioski erantzutea. Salbu, gaurko gizartean, exigentzia hori ahultzen ari dela: jendeak nahiago du bizpahiru gauza egin, bakarra ahal bezain urrun eraman baino. Ez zait hori sobera gustatzen: exigentzia eta lanarekin, zure nortasuna ateratzen da. Indar hori jalgitzea da, irakasle batentzat, altxorrik sakratuena.

Horretan da garrantzitsua, eta aldi berean kolokan gaur egun, maisuaren figura?
Garrantzitsua... Bai eta ez... Adin ttipiko ikasle batek, behar du: erreferente bat erregularki ikustea, biziki inportantea zaio. Hamalau urtetik goiti, nik nahi diot zerbait sortu barnetik: gozamena, exigentzia, jakinmina... Hor, pedagogoa izatea garrantzitsua zait, eta horretan naiz gero-eta gehiago sentitzen kontserbatorioan. Ikaslea ulertu, eta galdegitea: nor zara? Musika, hizkuntza bezala da: zer erraten duzu? Nolaz hautatu duzu hori horrela kontatzea? Bistan dena teknika eta abarrak aipatzen ditugula: baina horiek, baliabideak dira. Mobilizatzen dira, baina puntan, bakoitzak bere kolorea atera dezala... Estilo guzietan jotzeko gai izanez ere bai, baina jendeari zerbait erranez.

Joseba Tapia, nortasun handiko musikaria, kritiko agertu da, “Larreko eskolatik” liburuan: hark dio akademiak interprete soilak sortzen dituela, kasik kolorerik gabekoak...
Berak posible du hori pentsatzea! Nik anitz musikari entzuten dut egunero, gaurko tresnekin oraindik gehiago: eskola desberdinak badira, baina puntan, badituzu musikariak edo ez; erraten didate zerbait, ala ez. Joseba Tapiaren kritika aski gogorra zait. Akademiako irakasle gisa, anitz gauza lantzen dut, baina batzuek irakasten dute musikari gisa: ez zait aski. Ikasleek ez dut beti onartuko zure egin-moldea, orduan inportantea da baliabide bat baino gehiago izatea. Azkenean, garrantzitsuena baita gauzak eta jendeak sentitzea. Zure burua ere ongi sentitzen baduzu, segi...

Behar bada Tapiak ere kritikatzen du ildo bakarreko akademia, klasikoari osoki dedikatua, karrika edo herriarekiko lotura gutikoa... Dena den, azpimarratzen ere du gizarte-giroa ere nekea zaio musikari batentzat, hainbertze bozgorailuekin, zaila dela musikariaren funtzioa kokatzea...
Egia da. Hala ere, musika-tresna ostatu batean ateratzen baduzu, bozgorailuetako soinua itzaliko dute! Arazoa da musikariek beren tresna etxean uzten dutela... Euskaldunok gure hizkuntza uzten dugun bezala, erdaldun bat agertu orduko... Eztabaida zaila da, aldi berean jendeak maite baitu gaurko telefono eta sareetatik ere musika entzutea. Musika denetan entzuna da... Ikusten dut, Gontzal Mendibilekin musikari ibiltzen bainaiz, kontzertuetatik landa afaltzean, musikariok ez dugula sekula tresnarik aterako... Erran nahi dut guk ere beharko genukeela indar gehiago egin, gakoak gure gain dira, hor... Baina profesionalizatzeari ere lotua den ondorioa da, argiki: Jojo eta Ramuntxorekin ginelarik, afariak bost orduz luzatzen ziren, musika jo eta jo, kantuz orroaz... Bai, baina gertatzen da gero behar duzula zure musika landu, anitz, eta ez duzula hainbeste besta egiten ahal... Exigentziaren araberako usaiak hartzen dituzu... Hogei urtez, gauzak aldatu dira.

Zuek ere, Baionako kontserbatorioan, “Euskal kulturaren eguna” egiten duzue...
Lehen egiten ez zena, bai. Egun berezi hori antolatzen da kontserbatorioaren baitan eragina izateko: irakasle guziek ez dute loturarik egiten euskal kulturarekin, eta inportantea da hori bizi dezaten. Artista interesgarriak ere ezagutu ditzaten: Mixel Etxekopar bat deitzen duzu, eta ametsetan zara hastapenetik! Aurten, Garikoitz Mendizabal txistularia eta Aitor Furundarena akordeoilaria ekarrarazi ditugu... Aitorrekin, gure ikasleek master-class bat osoki euskaraz egin dute, eta zoragarria izan da! Garrantzitsua ere da Hego Euskal Herriarekin harremanetan sakontzea... Ikasleek ere ukan dezaten hango kontzientzia, baita hango plazetan jotzeko aukera. Euskal munduaren erreferenteak ere izan ditzaten, horiei irekiak izan, horiekin solastatu. Dokumentazio-fondoan ere integratzea euskal kultura.

Eta egun horrek markatuko du urte batetik bertzera eginen diren barne-urratsak?
Zinez aurten dut sentitu urrats horri buruz ari garela. Egun hori urtero eginen dugu, iduriz.

Euskarak zer toki du kontserbatorioan, eta Iparraldeko musika-eskoletan?
Oso guti. Kontserbatorioan, postu bat irekitzen delarik, Frantzia osoan da egina: ez da hor hizkuntza-irizpiderik kontutan hartua, adibidez. Horrek ere erran nahi du ez dugula hemengo haurrik aski formatzen, irakasle izateko puntan. Gabezia handia da hori, baina ez gara egoten ahal deus egin gabe: horregatik ere ditugu euskal kulturaren egunak antolatzen, eta euskaraz dakigunok ere, ahal bezainbat egiten dugu euskaraz ikasleekin, baita gure artean. Zuzendaria ere euskara ikasten ari da, funtsean. Musika-eskoletan, euskarak barnekaldean du presentzia gehien, eta lagungarri izanen da geroari begira zerbait piztu nahi bada kostaldean ere: praktika interesgarriak hor ditugu. Nahia gero-eta gehiago hor dela erran nezake. Funtsezkoa izanen da, transmisioa eta sorkuntza uztartu nahi baditugu.

Uztarketa hori, kezka duzu?
Kezka nagusia! Transmisioan hutsune handiak daude: haur eta gazte denboran kantatzen genituenak ez ditut gehiago entzuten. Horrek problema pausa dezake sorkuntzari begira: oinarria ez bada ezaguna, gure sorkuntza zeri lotuko dugu? Bistan dena irekia naizela munduko influentziei, baina nor garen, non gauden jakitea funtsezkoa zait, orain gozatzeko, eta bihar irauteko. Jarraidura eta irekiduraren arteko harreman bat osatzea, gaurko egunean, zaila da. Baina aski da ikustea bertsolaritzak zer lortu duen: harrigarria da! Ez dut giro hori hautematen kantuan eta musikan: ekosistema bat balitzateke biziberritzeko hemen. Dentsitate handiko gauzak entzun ditut, adibidez, Afrikan. Bagenuke zerbait ikasteko handik.

Oskorri desagertzea, adibidez, seinale txarra da?
Azken omenaldiak bete-beteak ziren... Baina ez dut ahanzten Oskorri nonbait higatua zela, ez zutela gehiago kontzerturik: uste dut, hein batetik goiti, ez dutela gehiago arriskurik hartu, eta jendea aspertu dela. Irekidurarekin batera, beren biziberritzea huts egin dutelakoan nago. Ongi da proiektu bat martxan delarik, erosoa da, baina baditu tranpak: jakinmina murrizten ahal zaizu, eta hortik, kanpotik ere elikatzea. Lehen aipatu ildo bakarreko kontserbatorioen kalkoa da: klasikoa bakarrik landu, eta gelak hetsi. Alta, konfrontazioa on da: eztabaida, kritika, erronka. Musikari batek behar du proiektu bat baino gehiago, nahi badu iraun, gozatu, eta plazera eman. 

Philippe de Ezkurra

Argazkia: Xan Aire - EKE