Ikatz goriak

  • Patxi Amulet (Angelu)
  • 2015-11-15

Irudimena lehiaketaren karietara eta Angeluarrak dantza taldearen 50. urtemuga gogoan landu soinu eta irudi sorkuntza.

Sua piztean:
Iluna ; argia, hotza berotasuna, gaizki, ongia, heriotza.
Berexkuntza berriak dira oro, izotz kixkali, garrasi kantatu eta gau urratu delarik izaite baten ikatz gorian.

Egunerokoan :
Hemen ez deus aldatu bainan dena da berria.
Deus ez da aldatu, deus ez da aldatu, gero eta duda gehiago badut. Eguzkia altxatzen da eta bidea egiten du ordulari milimetratuetan, eta orratzak segitzen ditugu, usaiaz bezala, zeruko izpiek begiak xixtatuko dizkigutelakoan. Ainitz ahantzi dugu, bainan zerbait bada hor segitzen duena itsatsirik, halako sendimendu likatsu bat . Hautemaiten da ez ? Bakean uzten ez duen ttuttun hori, nun entzun duzun ez jakinik ere urratsari abiadura emaiten diona.

8koa aitzin
Utzi jotzen, utzi gorputz atal bakoitzean sartzen, gureak beste erritmo bat duela, ez dela gehiengoarekin bateratzen ? Egia... edo ez ?

Amatxiren etxean :
Oihartzuna hutsaren parean erortzen bada, iraunarazi baino berbizitzen duten arroka barreatuak aurkitzen ditu. Hurbildu eta trinkotu egiten dira batzuk, ixiltasunean ez dutelako sinesten, gelditzea astio dutelako. Hemen suak kantatzen du, dantzatzen du, hitz egiten du.

Xutitzean :
Argazki xuri-beltzetara eta berinezko ezkilpetara bildu nahi izan den hura. Lekuz, denboraz edo moralaz kanpokoa omen den hori. Altxatzeko ordez zapaldu behar nauen hau. Ez da pizu aski, zuzia eskuetan hartu dugu.

Zinta.
Indarrez indar, pindarrez pindar sulotzeko oldarra emaiten bazaio. Mugimendu nahasia urrats eta jauzi egiten bada, ainitza eta batua. Xingola hau lotzen bada hunekin eta hura harekin, estekatzen banaiz ni zurekin eta gu haiekin musikak segituko du oraino eta luzaz berdin . 50 urtez… bederen.

Testua: Battitt Crouspeyre

Ikus ere:

1- Ainhoarrak