Zohardia

  • Maddi Zubeldia (Ziburu)
  • 2015-11-02

Gau huntan zohardia
Hor dugu Ilargia
Jentilarriak zaintzen dituen beilegia
Gau huntan zohardia
Hor dugu Ilargia
Jentilen baratzak eman digu abegia

Hezurra eta lurra
Beldurraren gailurra
Harri arotik batzen gaitu katebegiak
Goazen erantzun bila
Borobilak
Baitira bai dantza eta bai egia

 Egurra eta ikurra
Haitzaren arraildura
Harri mamian datza asaben hiztegia
Goazen erantzun bila
Borobila
Baita misterioaren gordegia 

Gau huntan zohardia
Izarren belardian
Denbora gelditu da harrespilen erdian
Gau huntan zohardia
Izarren belardian
Mairuk margotu digu zilarrez Hartz Handia

 Laztura eta samurra
Hartokan urradura
Harlauzaren negarra ez al da zilegia ?
Goazen erantzun bila
Borobilak
Baitira bai dantza eta bai egia 

Aitzinari agurra
Biharrari joskura
Egungo aizkorari betiko sutegia
Goazen elkarren bila
Borobilak
baitira bai dantza eta bai egia


Ikus ere: