Oskar Alegriaren filmak

Oskar Alegriak SOKA erakusketarako egin lau bideo sorkuntzak.

Arintasunaz

Euskal dantzaren hainbat zati eta urrats airean iragaten dira: zazpi jauzi, muriskak, antrixatak , frijat. Aldaera gehien daukan euskarazko hitza tximeleta da: pinpilinpauxa, jinkoarenoiloa, inguma, berrionzalea. Baliteke bi erreferentzia hauek lotuak izatea. Puntu komun bat bederen badute: arintasuna. Gure jauzirik zaharrenetan, gure hizkuntzan bezala, airea okupatu, lurra istant baterako utzi eta… gora altxatzeko nahia aurki daiteke. Arintasunaz, dantza horiei bezainbat, euskarari ere emandako omenaldi bat da.

 

Margo dantza

Jon Maya dantzariaren laguntzari esker, zazpi margo oinen laguntzaz tindatuak izan dira. Arin-arin dantzaren arrastoa, jotaren itxura geometrikoak, aurreskuaren urrats pausatuak, ezpata-dantzaren ondorioak, mutil-dantzaren aztarna zirkularra… Itxura horiek guziak aldatu eta, azken finean, margolan handi batean txertatzen dira. Zer gelditzen da lurrean dantzariak hau ferekatzen duenean eta honen gainetik ibiltzen denean, pintzel baten pare? Zazpi obra horiek zazpi erantzun dira, bai eta zazpi galde berri ere.

 

Galtzerdi berdeak

Argelès-Gazosten sorturik, Filipe Oyhamburu Biarritzen bizi da. Kortsarioren arresemeso, Zorba greziarraren miresle amorratu, anarkista komentzitu, koreografo, musikari eta irratilari izateaz gain, Oldarra, Olaeta eta Etorki dantza talde eta abesbatzen antolatzaile zein zuzendaria izan da, haiekin munduko itzulia eginez. Euskal kantu eta dantzak lau kontinenteetara eraman ditu, emanaldiak 31 herrialde eta 28 hiriburutan eskainiz. 94 urtetan, segitzen du ia egun guziz igeri egiten eta euskarazko klaseak ematen etxera etortzen zaizkion ikasleei. Galtzerdi berdeak omenalditxo bat da, begi-keinu adiskidetsu bat haren neurrigabeko oroimen biziari.

 

Enbor beretik

Jean Ospital Biarritzen sortu zen, nahiz familia Makearra izan. Betidanik dantzari izan da. Parisen zegoelarik, jazz, dantza klasiko, Tirol edo Kurdistaneko dantza taldetan ari zen lanean. Luis Mariano-ren ikuskizunetako koreografietan ere parte hartu zuen. Geroago, Ivan Ospitalev izenpean, mundu osoan ibili zen "Les Cosaques de la Mer Noire" errusiar eta ukraniar dantza konpainiarekin. Gorako jauzia egin eta airean hiru itzuli egiteko gai zen. Gaur egun Biarritzen bizi da eta hiri horretan daukan tailerrean, luzaz segitu izan du bere trebetasun eta zalutasuna erabiltzen dantza irakasle gisa. 82 urte dituela, ongi merezi duen erretretaz gozatzen da. Denbora ematen du bere bizi osoan zehar lagundu duten dantza pertsonaien zurezko eskulturak egiten.

Oskar Alegria

Kazetari ikasketez, Madrilen hasi zen lanean. Besteak beste, bidaia-erreportaiak idatzi ditu El Paísegunkariko El Viajero gehigarrian;Las ciudades visibles izeneko argazkietako egitasmo artistikoaren egilea da. Dokumentalen alorreko erakaslea da Nafarroako unibertsitatean, entzun-ikusezko Eszenario Masterrean. 2012an bere lehenengo luzemetraia amaitu du,Emak Bakia baita. Honekin, 30 bat nazioarteko festibala kurritu ditu eta jadanik lau sari eskuratu.

2013an, Punto de Vista Iruñeko nazioarteko Zine dokumentalaren festibaleko zuzendari artistikoa izendatua izan da.
Gehiago jakin