Euskal kultura Iparraldean 2004. urtean

Pantxoa ETCHEGOIN-ren analisia


"Gaingiroki aipatuko ditut iparraldean euskararen alde eta euskal kulturaren inguruan eramanak izan diren ekintza batzu, nola elkarteen eskutik, hala Euskal kultur erakundeak bultzaturik.

Euskara bizi publikoan

Iparraldean, euskararen biziberritzeko bi behar edo premia nagusi ikus daitezke : hizkuntza politika eta euskal gogoa.
Alabaina, legeak finka ditzazke arauak eta diru laguntzak, adibidez irakaskuntzari buruz, edo euskararen administrazioetan sarrarazteko. Halaber, hedabideen eta kultura gaien sostengatzeko. Baina bertze gauza anitz bada legeak arautzen ez dituenak, hala nola familia transmisioa, euskararen erabilera eguneroko bizian, nortasun kolektiboa, etabar.
Ondorioz, euskararen ofizialtasun baitezpadakoarekin batera, belaunaldiarteko jarraipenaren segurtatzeko,  beti beharrezkoa izanen da euskalgintza, elkarteen eta artisten lan amankomuna.

Iparraldean, urratsez urrats goaz euskararen alorrean, urteetan daramazkigun gorabeherekin. Alde batetik, berri bozgarria, ofizialki botere publikoek euskararen aldeko politika eramanen duen egitura ofiziala sortu baitute uda amaieran (Office Public Euskara deitua), baina beste aldetik arazo larriak agertu dira ikasturte sartze honetan, hiru erakaskuntza sareetan ikastolak, eskola pribatu eta publiko elebidunak - oroz gainetik erakasle postuak murriztu baitituzte.

Egitura publiko hori lanean hasia da, eta hemendik laster, erabaki politikoak hartuko ditu euskararen alde, nola erakaskuntzan, hala bizi sozialean, eta araberako dirutza banatuko.
Erran gabe doa lan egin beharko duela partaidetzan, egunero euskalgintzaren sailetan diharduten elkarteekin. Ahatik, orain, hitzetarik laster obretara pasatu beharko da, euskararen egoera ikusirik, behar gorriak baitira.

Gure aldetik, Euskal kultur erakundeko euskara zerbitzuak hiru alorretan lan egin du urte honetan : eskoletan edo eskolatik kanpo, euskarazko animazioak alhan ezarri ditu, toki publikoetan euskararen sarrarazteko ekintzak bultzatu, eta azkenik hainbat itzulpen tekniko egin ditu, oroz gainetik herriko etxeentzat eta administrazioentzat.

Gertakari bat behar balitz lehenetsi, aipa nezake urte hastapenean izenpetu dugun hitzarmen garrantzitsua Baionako ospitalearekin. Bi mila langilez goiti duen erakunde honek obra handiak abiatuak ditu hiru urteetara, eta barnean daukan « Ospitalean euskaraz » batzordearekin eskuz eskuz lan eginez, lortu dugu kanpoko iragarkiak euskaraz ere izan daitezen, eta horri datxikola, hainbat kultura ekintza (kantuak, musikak, mintzaldiak, )  abian ezarriko ditugu ospitaleko artatze zerbitzu batzuetan, hala nola pediatrian.

Espero dugu horrelako bertze anitz ekintza bultzatuak izanen  direla, ondoko urteetan, hain zuzen Euskara Erakunde Publiko horrek bere eginbeharretan baitu euskararen sustapena bizi sozialean.

Nondik gatoz, nora goaz ?

« Iturri zaharretik edaten dut, ur berria edaten, beti berri den ura, betiko iturri zaharretik » dio JosAnton Artzek aspaldiko eleder batean. Hitz hauek harrointzat hartuz, Ezpeletako, Mauleko, Amikuzeko musika eskolek ikusgarri berezi bat aurkeztu dute azaro honetan,  "Iturri zaharretik" izenekoa. Hogeibat trikititxalari gaztek muntatu dute obra hau, Patrick Larralde, musikari erakasleak kudeaturik. Euskarak badu bere tokia taulagainean, Euskal Herriko eta kanpoko bertze hizkuntza eta musikek ere, baina ikusgarriaren funtsezko gogoeta da : Zer bilakatzen eta zer bilakatuko da euskara, munduko kulturen artean ?

Horrelako galdera zerbait bada ere, dudarik gabe, Oztibarreko zortzi herrietako aktoreek antzestu eta Mattin Irigoienek idatzi « West Ibarre Side Story » izeneko obran.
Badu zenbait urte orain, adierazpen artistiko desberdinak elkartuz (dantza, kantua, bertsua, antzerkia, bideoa,), neurri bertsuko ikusgarriak antolatzen direla iparraldean, Euskal Spiritu, Zamaltzain edo Matalas bezalakoak heldu zaizkidalarik gogora.
Hemen ere, goretsi behar dira ibar horretako 140 dantzari, jokalari, eta laguntzaile guziak, nahikundez eta indarrez, gai izan baitira ikusgarri eder baten apailatzeko. Froga bat gehiago jendeek, bizikidetasunean, euskal kultura bizi nahi dutela hurbiletik, ikusgarrian parte hartuz.

Ikuskizuna Bunuztar Xoriak dantza taldearen 30.urteurrenaren karietara pentsatua izan da baina ber denboran omore eta funts anitzekin, Mattin Irigoienek norberak bizitzen duen edo ez duen euskaltasuna du eztabaidan ezartzen, eta oro har, euskal kulturak jasan eta jasaiten duen folklorizazioa du salatzen, erdi-erdian ezarriz ikusliarra bera.

Azkenik, bi hitz erran nahi nituzke Antso Handia pastoralaz, urtero bezala udan aurkeztua izan dena Xiberoko hiri nagusian, Maulen, baina ere Irunen eta Amurrion.
Jean-Louis Davantek idatzi pastorala honek arrakasta handia ukan du, ikusgarrira hurbildu den jende osteaz gain,  oholtzaratu diren jokalariak molde ederrez aritu baitira. Gehitu nahi nuke ere esku-programa guziz aberatsa zela, 1004 eta 1035 urteen artean Nafarroako Errege izandakoaren biziaren joan-jinen hobeki ezagutzeko. Urhentzeko, pastoraletan nahiko berria den egitate bat azpimarratu nahi dut : antolatzaileek proposatu dute pastorala honen diru etekinak euskararen eta euskal kulturaren alde diharduten elkarteei banatzea. Biba xiberotarrak !

Iparra galdu gabe

Badu orain urte bat Euskal kultur erakundeak hitzarmen bat izenpetu duela Eusko jaurlaritzarekin, hain zuzen kultura trukaketak areagotzeko, elkarteen, artisten eta erakundeen eskutik, eta nolazpeit gure buruetan daukagun muga ezabatzeko, edo bederen ematzeko.
Karia horretara, hainbat ekitaldi desberdinen partaide izan gara, adibidez Donostiako Koldo Michelena zentroan, Debagoieneko zortzi herrietan, Andoainen, Bermeon, ahantzi gabe Getxoko hiria, non ere iparraldeko kantari, musikari, dantzari, idazle, politikalari eta sukaldaritzan ari direnentzat, bi aste antolatu dituzten, Iparra galdu gabe izenburuarekin.
Halaber, iparraldeko artisten, eta konpainia profesional, edo erdi-profesionalen hobeki ezagutzeko asmoarekin, Eusko Jaurlaritzako Kultura zerbitzuak ekitaldiak alhan ezarri ditu hegoaldeko ikusgarri-gela batzutan. Tokia, Traboules eta Petit Théâtre de Pain antzerki taldeek, Elirale dantza konpainiak eta Koldo Amestoy kondalariak parte hartu dute, eta zenbait Eusko Jaurlaritzak sostengatzen duen dantza, musika eta antzerki sare publikoan sartuko dira.

Euskal kantua ohoretan Parisen

Euskal kantua entzungai izan da hilabete batez, urrian, Pariseko toki desberdinetan. Gertakari honek bozten gaitu eta lehen-lehenik, Pariseko Euskal Etxea eskertu nahi nuke. Alabaina, oso garrantzitsua da euskal kantuaren  gozaraztea eta ezagutaraztea, nola Pariseko euskaldunei hala mundu zabaletik hiri nagusira datorren publiko zabal bati.
«Kantuketan » erakusketa ibiltaria Saint Merri elizan ezarria izan da, baina horri datxikola, hainbat animazio desberdin antolatu dugu, hain zuzen erakusteko euskal kantuak eta musikak bizirik dirautela, eta arraberritzen direla, artisteri esker.
Bertzalde, Euskal Herriko kantari eta musikariak, bertzeak bertze, Pariseko ikusgarri-gela famatu zenbaitetan aritu dira, hala nola Glazart eta Le Divan du monde deitutakoetan, eta horrek ondorio onak ekar lezazke, lehenik partaidetza berriak indartzeko, eta geroari begira, euskal kulturaren hedapena Parisen hobeki finkatzeko.

Azkenik, iruditzen zait « Kantuketan » Parisen ezarriz, parada ezinago hobea dela euskal kulturaren hobeki ezagutarazteko eta Euskal Herriaren irudi baikor baten emateko. Gertakari hau izan dadila ere Pariseko Euskal etxearen onetan, geroan ere gure herritarrek babesleku goxo eta euskaldun bat ukan dezaten, Frantziako hiri nagusira datozenean.

BatekMila egitasmo berria

Euskal kulturaren bizitasuna erakutsi, bere dimentsio unibertsala agerian eman eta publiko berriak gurutzarazi : Euskal kultur erakundeak segitu nahi du Kantuketan programarekin hasi bidea, « BatekMila » deitu kultura kontzeptu berri bat abian ezarriz.
Bizpahiru urtetako programa honen bitartez, alde batetik euskal kultura, eta oroz gainetik euskara baloratu nahi dugu, eta bestetik publiko berriengana hurbildu, bertzeak bertze sorkuntzaren bitartez. Halaber, frogatu nahi dugu unibertsala berezitasun guzietaz hazten dela, eta aitzitik.
Konkretuki, 2005garren urte amaierako, hitza, dantza eta musikaren inguruko ikusgarri berezi bat obratuko dugu artista profesionalekin, halaber euskara espazio publikoetan sarrarazteko ekintzak, edo haurrentzat eskolan edo eskolatik kanpoko euskarazko animazioak, ahantzi gabe orain bertan prestatzen ari garen internet atari berria, lau hizkunzatan. Azkenik, Kantuketan bezalako erakusketa ibiltari berri bati buruz lanean hasiak gara.

Baina horrelako programa baten abiarazteko, garrantzitsua da ere iparraldeko egoera sozio-kulturalaren berri ukaitea. Alabaina, zer dakigu xuxen gaur Euskal herri honetan gurutzatzen diren nortasun desberdinez ? Euskaldunak direnek nola sendi dute beren burua, nola bizi dute beren euskaltasuna ? Euskaldunak ez direnek zer nolako kultura praktikak dituzte eta nolako perzepzioa dute hemengo hizkuntzaz eta kulturaz ? Euskal kultur erazkundeak inkesta bat alhan ezarri du duela guti, galdera hauei buruz lehen iritzi batzuen eskuratzeko. Iparraldean, 1600 jende galdezkatuak izanen dira. Gehitu behar dut Eusko Ikaskuntzaren partaliertasunari esker, inkesta bera Euskal Herri osoan antolatua izan dela.
Emaitzak 2005eko larrazkenean zabalduak izanen dira. Hortik lekora, erakaspenak atera beharko ditugu geroari begira, bai erakundeek, bai elkarteek, ahal bezain politika eraginkor baten finkatzeko, euskal kulturak eremu zabalena ukan dezan toki guzietan".

Pantxoa ETCHEGOIN

Euskal Kultur Erakundeko zuzendaria