Hemen zaude: Hasiera Albisteak "Iparraldea Bertan" Donostian

"Iparraldea Bertan" Donostian

2006/03/04

Euskal kultur erakundearen partaidetzarekin, ipar Euskal Herriko sorkuntza artistikoa Donostiako Koldo Mitxelena kultura zentroan izanen da martxo guzian.

Horrela, lau hitzordu finkatuak dira martxoaren 9, 16, 23 eta 30ean, 19:30etan, Donostiako Koldo Mitxelena Zentroan. Ekitaldi bakoitza zuzenean segitzen ahalko da http://www.gipuzkoakultura.net/euskera/real.htm helbidean.

**François Rossé-ren eta Mixel Etxekoparren arteko topaketa**

Martxoaren 9an iraganen den lehen ekitaldia, kontzertu berezia izanen da Mixel Etxekopar euskal txistulariarekin eta musika garaikidearen eta inprobisaketaren munduan kasik 30 urte daraman **François Rossé** pianistarekin.

Etxekopar/Rossé bikoteak soinu bilaketa lan handia egin du, bakoitzaren ingurumenari kasu eginez (joare jokoak, txixtuak...). Publikoa sentsibilitate handiko unibertso poetiko bero batean murgilduko dute, naturarekiko harremana garrantzia handia izanen duelarik.

Piarres Xarritonen guduak

Bigarren hitzordua martxoaren 16an iraganen da, Piarres Xarritonek eskainiko duen "Ene guduak" deitu mintzaldiarekin.

Piarres Xarritonek ez du aurkezpenik behar, biziki ezaguna baita, bai euskal kultura, bai ekonomia, bai sozial mailan ere. Besteak beste, Hazparneko lizeo teknikoko sortzailea izan da eta Pariseko Euskal Etxeko lehendakaria. Bestalde, Jean Etxepare eta Piarres Larzabalen obrak bildu eta argitaratu ditu. Donostian, Pantxoa Etchegoin Euskal kultur erakundeko zuzendariaren galderei erantzunen die.

Kantua, familia kontu bat

Hirugarren hitzorduan Pil-Pil taldea arituko da, hau da Bernadette, Jojo Bordagaray, beren aita eta hiru musikari.

Jojo eta Bernadette oraino gazte-gazteak ziren, Txomin Héguy-ren gitarraren laguntzarekin 1978an "Agur" lehen diskoa atera zutelarik.

Geroztik, Jojo Bordagaray ez da kantatzetik gelditu. Ramuntxo Carrèrekin, "Jojo eta Ramuntxo" taldea sortu eta hiru disko argitaratu dituzte. Berriki, anai-arrebek Alexandre beren aitarekin talde baten osatzea erabaki dute. **Mizel Thicoïpé eta Philippe Albor** gitarra joleek proiektuarekin bat egin dute.

Azken hitzorduko protagonista nagusia ere kantua izanen da. Bereziki Xiberoko kantua, Niko Etxart eta Dominika bere aitarekin.

Niko Etxart rock musikari bezala famatua da. Mintxoriak taldeko kantaria izan da, Niko Etxart eta Hapa Hapa taldea sortu aitzin. Azken talde honekin, blues-rock doinuak lantzen dituzte. Minuette deitu bigarren diskoa argitaratu berri dute.

Baina rocklari xiberutarrak Xiberoko kantua ikertu nahi izan du, gustu hori eman dionarekin, Dominika bere aitarekin hain zuzen. Geroztik, plazaz-plaza dabiltza, Xiberoko kantuak ematen. Koldo Mitxelena kultura zentroan arituko dira martxoaren 30ean.

Xehetasunak