Hemen zaude: Hasiera Albisteak Abbadiako gazteluko sekretua asmatuko duen idazlea

Abbadiako gazteluko sekretua asmatuko duen idazlea

2011/05/06

« Hogei’ta » programaren barnean, 2011ko urrian, Hendaiako Abbadiako eremuan literatura egonaldi bat eginen duen euskal idazlea hautatua izan da. Fernando Morillo azpeitiarrak Antton Abbadiaren gaztelua eta ingurumena bertze molde batez biziaraziko ditu karia hortara, gazteei zuzendutako fikziozko idazlan baten bidez. Ikastetxe batzuetako ikasleekin ere bilduko da Abbadian egonen den bitartean.

Euskal Idazleen Elkarteak, Euskal Itsasbazterreko Ingurumen Aldeko Ekimen Zentro Iraunkorrak eta Euskal Kultur Erakundeak beren baliabideak eta gaitasunak bateratu dituzte literatura egonaldi baten antolatzeko 2011ko udazkenean, Hendaian, Abbadia eremuan.

Aurkeztu diren 5 euskal idazleen artean antolatzaileek Fernando Morillo azpeitiarraren proposamena dute hobetsi. 1974an sortua, filosofia eta fisika ikasketak egin ditu Morillok.

25 liburutik gora idatzi ditu, gehien bat haur eta gazte literaturaren esparruan. Anitzetan gazteen mundua literaturaren eta zientziaren paisaietara erakartzera saiatu da bere obretan.

Saio ugari egin ditu eskola eta kultur-taldeetan, literaturaren abenturari buruz hitz egiteko.

Fernando Morillok Abbadia eremuko “Nekatoenea” etxean iraganen du bere egonaldia, 2011ko urriaren 17tik azaroaren 20ra. Euskarazko eleberri bat idatziko du tarte horretan. Nobelaren abiapuntua: Abbadia gaztelura eskola-txango baten egitera heldu den gazte-talde bat. Gazte horien abenturak Antton Abbadiaren historiarekin gurutzatuko dira eleberrian. Lan hori bideoz eta argazkiz osatzeko asmoa agertu du idazleak. Urte hondarreko argitaratua izan behar luke gainera.

Xehetasunak: