Hemen zaude: Hasiera Albisteak ARTegia elkartearen soinu uzta aberatsa

ARTegia elkartearen soinu uzta aberatsa

2014/06/15

Soinumapa.net egitasmoa aberastu nahian, Euskal kultur erakundearen sustenguarekin, ARTegia elkarteko kideek mikroak atera eta armairuak miatu dituzte. Soinu arraro horiek jada entzungai dira sarean.

Soinumapa.net, Audiolab elkarteak kudeatzen du. Bada urte batzuk ARTegia elkartea berekin ari dela lanean. Azken denboretan, EKE-ren laguntzarekin, elkarteak Iparraldeko hiri eta herrietako ingurumena grabatu du (ikus ere "Iparraldeko soinuak Soinumapa egitasmoan").

Santa-Grazi - artzaina eta bere xakurra
Goillartea. Ataritik, Pierre Eyheralt-ek xakurra igortzen du artaldearen gunez aldatzera. Artaldea gutarik 300 bat metrotan da, pareko mendi maxelan. Bere botz azkarrarekin, kasik kantuz, artzainak xakurrari manuak emaiten diozkio...
egilea: Pierre Vissler
iraupena: 4’01
Entzun soinua

Ziburu – arrain lonja
Lonja barnean nabil. Gela batean haize-pistola baten arrabotsa entzuten da. Urrunago, hozteko muntadura duen gela batean, arraina estaltzen duten plastikozko gerizak hormaz tapatzen dira.
egilea: Myriam Ayçaguer
iraupena: 4'21 
Entzun soinua

Altzürükü - "Agota" kantu zaharra
Jean-Pierre Epherrek bere etxean errezebitzen nau, eta batere zeremoniarik gabe, hain gustukoa duen kantu bat hasten du. 18. mende bukaeran idatzia da, elkarrizketa gisa ekarria, eta neska gazte baten eta agota baten arteko amodio ezinezkoa kondatzen du. Kantuak, jende horiek gizartetik zoin heinetara baztertuak eta haizatuak ziren erakusten du.
egilea: Pierre Vissler
iraunpena: 6'07
Entzun soinua

Ziburu – Kaia
Pascal Elissalt kaian entzuten diren soinuen grabatzen ari naiz, D810 bidea dakarren zubitik hurbil. Arrantzaleak itsasotik sartzen dira. Garabiek, arrainez betetako ontziak lehorreratzen dituzte eta biharamuneko arrantzarako kutxak itsas-ontzian sartzen. Motorren burrunben artetik, botzak doi-doietarik baizik ez dira entzuten.
egilea: Myriam Ayçaguer
iraupena: 5'32
Entzun soinua

Xehetasunak

Argazkia: Jakes Larre (EKE)