Euskal Kultur Erakundearen eta Euskaltzaindiaren arteko lankidetza hitzarmena

2013/06/25

Joan den ekainaren 19an, Pantxoa Etchegoin Euskal kultur erakundeko zuzendariak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak bi erakundeen arteko lankidetza-hitzarmena sinatu dute Baionan. Hitzarmen horrek Euskal kultur erakundearen eta Euskaltzaindiaren arteko harremana indartu eta beste eremu batzuetara ere eramatea du helburu. Oro har, bi erakundeak lankidetzan arituko dira, euskara eta euskal kultura zabaltzeko ekimenak areagotzeko asmoz.

Euskal Kultur Erakundearen eta Euskaltzaindiaren arteko lankidetza hitzarmena
Andres Urrutia euskaltzainburua eta Pantxoa Etchegoin Euskal kultur erakundeko zuzendaria (argazkia: Euskaltzaindia)

Hauek dira hitzarmenaren ildo nagusiak :

  • Bi erakundeak elkarlanean arituko dira, euskararen eta euskal kulturaren eremuan dituzten proiektuak gauzatzeko eta Euskaltzaindiak euskararen alorrean ezarri arauak zabaltzeko. Bereziki, Euskaltzaindiak erantzuna emango die Euskal kultur erakundeak eginiko kontsultei, kontsultak euskararen kalitateaz, euskal lexikoaz, gramatikaz, onomastikaz, ortografiaz, erabilera egokiaz eta, oro har, euskararen araugintzako bestelako gaiei buruzkoak direnean. Kontsulta horiek bideratzeko orenean, bi erakundeek Euskaltzaindiaren Jagonet zerbitzuaren erabilera sustatuko dute.
  • EKEk eta Euskaltzaindiak hizkuntza baliabideak ezagutarazteko lantegiak edota ikastaroak elkarrekin antolatuko dituzte, Euskal kultur erakundearen egoitzan edo ikastaro hauen hartzaileentzat egoki izan daitekeen beste toki batean.
  • Elkarlanean arituko dira beren bibliotekako funtsak sendotzeko gisan. Horrexetarako, Euskal kultur erakundeak eta Euskaltzaindiak argitalpen trukea eginen dute, bakoitzak plazaratzen dituen dokumentuen ale bana batak besteari helaraziz. Lan batzuk, nahiz ez diren argitaratu, ikerketarako edo zabalkunderako interesgarriak badira, lan horiek elkarren eskura jarriko dira, betiere egileen eskubidea errespetatuz eta egileen baimena lorturik.
  • Funts hauek zabaltzeko bideak ere aztertuko dituzte, besteak beste, euskara edota euskal kultura oinarritzat duten argitalpenak elkarrekin argitaratuz.
  • Erakunde bakoitzak euskararekin eta euskal kulturarekin dituen funtsak gizarteratzeko lankidetza bideak jorratuko dituzte, besteak beste, erakusketak, hitzaldiak, mahai-inguruak eta jardunaldiak elkarrekin antolatuz.
  • Bi erakundeek elkarrekin edo bakarka antolaturiko jarduerak egin ahal izateko, dituzten egoitzak edo ordezkaritzak elkarri utziko dizkiote, bereziki Bilbon kokaturik dagoen Euskaltzaindiaren egoitza eta Donostian kokaturiko Luis Villasante Euskararen Ikergunea. Helburu hauek lortzeko, Euskal kultur erakundeak eta Euskaltzaindiak Jarraipen Batzordea sortuko dute, erakunde bakoitzeko hiruna kide izango dituena. Hitzarmenak hiru urteko iraupena izango du.

Xehetasunak

Harpidetu doan gure buletinera

Euskal kultur erakundearen berripapera (Hilabetean behin)