Hemen zaude: Hasiera Albisteak "Handia" filma Ipar Euskal Herriko eta Frantziako zinema-geletan 2018ko urtarrilaren 24tik goiti

"Handia" filma Ipar Euskal Herriko eta Frantziako zinema-geletan 2018ko urtarrilaren 24tik goiti

2018/01/13

2018ko urtarrilaren 24tik goiti, "Handia" filma ipar Euskal Herriko eta Frantziako zinema aretoan ikusteko parada izanen da. Baionako Atalante zinegelak Euskal kultur erakundearen partaidetzarekin sortu Gabarra Films egitura arduratuko da banaketaz. Aurrestreinaldi bira bat antolatua da ere.

"Handia", zinemaren historiako euskarazko filmik ikusiena, aurtengo Zinemaldian bitan sariztatua eta Goya sarietarako 13 sailetan izendatua izan dena, 2018ko urtarrilaren 24tik goiti estreinatuko du Gabarra Films-ek, Ipar Euskal Herrian eta Frantzian euskal zinema banatzen duen egiturak, Baionako Atalante zinemak sortu zuena Euskal Kultur Erakundearekin partaidetzan. Asmoa du, euskal zinema Ipar Euskal-Herrian eta haratago ere hedatzea, gure zinematografiaren aberastasuna eta kalitatea ezagutarazteko.

Jon Garaño eta Aitor Arregik egin Handia, Moriarti etxearen ekoizpena da, 80 egunean eta Loreak ondotik. Azken hau mugarria izan zen euskal zinean, Donostiako Zinemaldian lehiatzeko aukeratua izan zen euskaraz filmatutako lehen film luzea izan baitzen. 2015 urteko Oscar sarietan Espainia ordezkatzeko aukeratua izan zen.

2017ko urriaren 20an estreinatu zenetik aste batzuetara, Handiak 90.000 ikusentzule erakarri ditu, zinemaren historiako euskarazko filmik ikusiena bihurtuz. Aurten, Handiak Epaimahaiaren Sari Berezia baita Irizar euskal film onenaren saria irabazi ditu, eta Goya sari ospetsuetarako 13 sail ezberdinetan lehiatzen du. Sari-banaketa zeremonia otsailaren 3an iraganen da Madrilen.

Handiaren banaketarekin, Gabarra Filmsen jarduerak, Euskal Kultur Erakundea eta Cinévasion sarearekin elkarlanean, bere zentzu osoa hartzen du. Euskal kultura zinematografikoaren aberastasuna ezagutarazi, eta euskara zinemaren bitartez biziaraztea dira helburu nagusiak. Handia Gabarra Films-en ibilbidean ere da mugarrin, banatuko duten zazpigarren filma baita.

Aitzinetik, estreinatu zituzten Asier eta Biok, Haien gaztaroan iragana agerian, Lasa eta Zabala, Amama (11000 sartze Frantzia osoan), Jai Alai Blues eta Kalebegiak.

HANDIA

Euskal Herria – 2017 – 1h54 jatorrizko bertsioan – Aitor Arregi eta Jon Garañoren eskutik, Eneko Sagardoy, Joseba Usabiaga, Iñigo Aranburu, Ramon Agirre, Aia Kruserekin…

Lehen Karlistaldian borrokatu ostean, Martin Gipuzkoako bere etxera itzuliko da, eta han, harrituta, bere anaia Joakin ohi baino askoz ere handiagoa dela aurkituko du. Mundu osoak Lurreko gizon handiena ikusteko ordaindu nahi izango duelakoan, bi anaiek bidaia luze bati ekingo diote, Europan zehar. Bidean, anbizioak, diruak eta ospeak betirako aldatuko dute familiaren patua. Benetako gertakarietan oinarritutako istorio bat.

AURRESTREINALDI BIRA urtarrilaren 15tik 24ra

  • Astelehena 01/15 : Donibane Lohizune (Le Select)
  • Asteartea 01/16 : Hazparne (Haritz Barne)
  • Asteazkena 01/17 : Kanbo (L’Aiglon)
  • Osteguna 01/18 : Orthez (Le Pixel)
  • Ostirala 01/19 : Baiona (L’Atalante)
  • Larunbata 01/20 : Maule (Maule-Baitha)
  • Igandea 01/21 : Urruña (Itsas-Mendi)
  • Astelehena 01/22 : Hendaia (Les Variétés)
  • Asteartea 01/23 : Donibane Garazi (Le Vauban)
  • Asteazkena 01/24 : Donapaleu (Saint-Louis)

Xehetasunak