Hemen zaude: Hasiera Albisteak Herri Uzta festibalaren lehen edizioa

Herri Uzta festibalaren lehen edizioa

2012/10/01

Herri Uzta festibalaren lehen edizioa urriaren 12, 13 eta 14an iraganen da Luhuso, Ezpeleta, Itsasu eta Arrangoitzen. Herri Soinu elkarteak bideratua, Iparraldeko Dantzarien Biltzarra lagun, Herri Uzta festibalaren nahia, euskal tradiziotik jalgitako musika zein dantza sorkuntzak bildu eta sortaraztea da, horien hobeki ezagutarazi eta baloratzeko.

Herri Soinu elkarteak ez du ahanzten bere izaera eta bizitasuna arrunt lotuak direla profesionalen esperientziaz eta laguntzaz amaturrek eginiko lanekin. Horrela, orotara 300 dantzarik eta musikarik parte hartuko dute festibal honetan beren sormena eta talentua plazaratuz.

Festibalaren egitarauari fagokionez, ortziralean dantza sorkuntzen zatiak ikusgai izanen dira. Larunbatean Euskal Herriko makil dantzak izanen ditugu gai nagusi, mintzaldi-tradizio-sorkuntza triptikoaren bidez, Lagunarte konpainiaren Zun sorkuntza orduan aurkeztua izanen delarik. Harri Xuri aretoan Etorkizuna talde berriak sorturiko Ravel Jauna lehen lana izanen da ikusgai.

Aurten, gonbidatu berezi bezala Kataluniako musika talde hoberenen artean den Perpinyako Cobla Mil.lenaria izanen dugu, larunbatean Itsasun eta igandean Arrangoitzeko Mutxikoaren Egunean sardanen erritmoetan dantzan ezarriko gaituena. Hego Euskal Herriko dantza taldeek ere parte hartuko dute bai aretoetan (Alurr, Luzaide, Arkaitz) zein Ezpeletako karriketan (Kezka-Eibar, Indarra-Gasteiz, Iurreta, Kortes).

Xehetasunak :