Hemen zaude: Hasiera Albisteak Horra, horra, gure Olentzero !

Horra, horra, gure Olentzero !

2014/12/07

Neguburua hurbiltzearekin batera. Olentzero aurten ere Euskal Herriko bazter guzietan izanen dugu. Baina nor da Olentzero ? "Olentzeroren lagunak" elkartearekin partaidetzan, Euskal kultur erakundeak itxaropenezko mezua dakarren pertsonaia mitiko hori hobeki ezagutzeko parada eskaintzen dizu.

Alabaina, eke.eus webguneko orri tematikoak Olentzero ohituraren ulertzeko gako batzu eskaintzen ditu. Horrela, Olentzero-ri buruzko erakusketa elebidunaren testuak atxeman daitezke, bideo lekukotasunak hala nola Mirentxu eta Laurent Apesteguy-ren elkarrizketa. Mirentxu eta Laurent Apesteguy Ipar Euskal Herriak 1970 hamarkadan ezagutu duen berritze kulturalean parte hartu dute, bereziki Olentzero ohiduraren baitan. Tradizio hori Arrangoitzeko ikastolari esker deskubritu zuten, haien semeak hor eskolatuak baitziren. Ikastola honek plazaratu zuen lehen aldiz Olentzero 1971n. Geroztik, Laurent etengabe badabil herriz herri, ohidura hedatzen, Biarritzen, Angelun, Senperen eta Arbonan.

Bestalde, Olentzerori buruzko ipuinak eta kantuak atxeman daitezke, bai eta argazki galeria bat ere.

Horrez gain, esteka baliagarri batzu emanak dira, bai eta bibliografia bat ere. Azkenik, Olentzeroren inguruan ipar Euskal Herrian antolatuak diren hitzordu gehienen egutegia aurkituko duzu.

Xehetasunak

Argazkia: Olentzeroren lagunak