Hemen zaude: Hasiera Albisteak Mikel Laboaren omenez

Mikel Laboaren omenez

2018/11/23

2018ko abenduaren 1ean, Euskal Herri guzian hainbat ekitaldi antolatuak dira Mikel Laboaren heriotzaren 10. urtemuga kari. Ipar Euskal Herrian ere, omenaldirik ez da faltako. Hala nola, Euskal kultur erakundearen partaidetzarekin, Musikas musika eskolak egun berezi bat antolatuko du Uztaritzen. Halaber, Baionako Euskal Museoan ere omenaldi bat antolatuko da egun berean. Horrez gain, Maialen Alfaro eta Philippe Albor herriz herri dabiltza "Izarren Hautsa" ikusgarria aurkezten.

Mugak, Mikel Laboari omenaldia Uztaritzen

  • 10:00 – Uztaritzeko Ikastolan – MINTZALDIA

LABOA FLAMENKOA. Flamenkoa, musika eta dantza estilo bat baino askoz gehiago da. Laboak estimatu zuen, eta zenbait flamenkok aintzat hartu dute Laboaren ekarpena. Eta euskaldunok?”
Uztaritzeko Louis Dassance Ikastolan goizeko 10:00etan. Juan Gorostidi Donostiatik jinen zaigu Mikel Laboa Mikel Laboa bezala aipatzera, ohiko bidetatik kanpo, Mikel ezagutzen ez dutenentzat, eta ustez ezagutzen dutenentzat. Harekin izanen da Pantxoa Etchegoin (Euskal Kultur Erakundea). Mintzaldia euskaraz, aldibereko itzulpena frantsesera.

  • 15:00-17:30 – Kiroletan, Uztaritzen – ERAKUSKETA

Mikel Laboaren sorkuntzetan eta Zumeta bere betiko margolariaren lanetan oinarriturik, Uztaritzeko Ikastolako 5. urteko ikasle eta irakasleek berrogei eta zenbait obra zoragarri eta harrigarri egin dizkigute herriko If Matxikote artista margolariaren azti-eskutik. Zinez harrigarria!

  • 18:00 – Kiroletan, Uztaritzen – KONTZERTUA

Omenaldi eguneko ekitaldi nagusia arrazoi askorengatik.
Mikel Laboa kantaria izanik ezin zitekeen omenaldirik antolatu kantu eta musikarik gabe. Kontzertuan Mikel Laboaren errepertorioaren ikuspegi bat emanen dugu, moldaketa batzuekin. Eta kantu horiek, doinuak eta hitzak haizean gal ez daitezen, Kontzertu-liburuxka argitaratuko dugu: bertan izanen dira kontzertuko kantuen hitzak eta beste batzuk ere. Ikusleek ordainduko duten sarrera bakoitzeko (5€) liburuxka bat eskainiko dugu.
Bestalde, elkarlan biziki aberasgarria izan da. Musikaseko irakasle eta ikasleen artean, Musikas eta lurraldeko ikastetxeen artean ere (Xalbador, San Josepe) sorkuntza bidean sartzeko, Beñat Achiaryren ekarpen artistiko estimagarriarekin. Harritzekoa da 3 hilabeteko epean egin daitekeen lana!
Teknika aldetik ere kontzertu handi baten baliabideak izanen ditugu: oholtza handia, argiak, soinua.

Baionako Euskal Museoko omenaldiaren egitaraua

  • Maialen Alfaro & Philippe Albor-en Izarren hautsa ikusgarria, Mikel Laboaren omenez
  • Ondotik, Mikel Laboa gehiago ezagutzeko asmoz eta euskaraldia dela eta euskaraz hitz egiteko aho bizi eta belarri prest pratikan emanez, gomita batzu izanen dira, hala nola Josune Albisu Barandiaran Lazkaon jaioa eta Donostian bizi. Antropologia ikasketak egin ditu eta ondoren Mikel Laboa Katedraren laguntzarekin Sormenaren eragina gizartean, Mikel Laboa eredu tesia defendatu du 2016an (okerrik ez bada, Durangoko azokan aurkeztuko da saiakera modura, hau ere M.L. Katedraren eskutik).
  • Bestalde, Alduden sortu eta Angelun bizi den Patxika Erramuzpe Alfaro hor izanen da. Kantaria eta olerkaria, 68/69ko urteetan Mikel Laboa ezagutu zuen kantuaren inguruan eta elgarrekin kantatzeko parada ukan zuen ere. Bera ere ordukotz hasia zen olerki eta kantu zenbaitzen idazten eta kantatzen. Beraz, kantuaren mundu horretan arras naturalki sartu zen, Manex Pagolak bultzaturik. Gero familia haundituz bezala utzi zuen kantuaren mundua...

Izarren hautsa ikusgarriaren ondoko emanaldiak

Xehetasunak