Hemen zaude: Hasiera Albisteak Musikaren Besta Baionan

Musikaren Besta Baionan

2015/06/18

2015eko ekainaren 21ean ospatuko den Musikaren Bestaren karietara, hainbat ekitaldi antolatuak dira besteak beste Baionan. Euskal kulturak ere presentzia handia ukanen du, hala nola Gogotik, Izarrak, Maddi Oihenart & Julen Achiary, Maialen Errotabehere, Aguxtin Alkhat edota Begiz Begi bezalako taldeen emanaldiekin. Aipatzekoa da ere, Euskal Museoan, Pantxoa Etchegoin, Euskal kultur erakundeko zuzendariak euskal kantuaren inguruko bidaia soinudun bat eskainiko duela 10:30etan eta ondotik kontzertu berezi bat izanen dela Philippe de Ezcurra eta Angel Unzu-rekin.

Ezinezkoa da Musikaren Bestaren karietara, ipar Euskal Herrian zehar iraganen diren kontzertu eta animazio guzien berri ematea. Usaian bezala, jende gehiena Baionan bilduko da, Lapurdiko hiriburuko bazter guzietan zer entzun anitz izanen baita ekainaren 21 honetan ere.

Euskal artistak ere hor izanen dira, hala nola Euskal Museoan, Philippe de Ezcurra akordeoi-joleak eta Angel Unzu gitarra-joleak kontzertu bat eskainiko baidute 11:30etan.

Aitzin, Pantxoa Etchegoin Euskal kultur erakundeko zuzendariak euskal kantuaren inguru bidaia soinudun batera gomitatuko gaitu, belaunaldi eta estilo ezberdinak ezagutzeko parada eskainiz, basa ahaideetarik euskal kantagintza berriraino.

Aipatzekoa da ere adibidez,  Patxokian hainbat rock kontzertu antolatuak direla 16:00etatik goiti.

Xehetasunak