Punka Euskal Herrian: ikerketa egun baten antolatzeko asmoa

2020/04/06

CNRS, Atabal eta Miarritzeko Euskara bulegoaren partaidetzarekin, eta Akitania-Berriko DRAC-aren sostenguarekin, Euskal kultur erakundeak Euskal Herriko punk eszenari zuzendua izanen den ikerketa egun bat ko-antolatuko dute aurten. Maiatzaren 23an finkatua zen data baina gaurko osasun krisia kontutan hartuta, 2020ko abenduaren 12ra gibelatua da. Haatik oraindanik zabaldua da parte hartze deialdia.

Punka Euskal Herrian: ikerketa egun baten antolatzeko asmoa
Cicatriz taldearen kontzertu bat © Aterpeirun CC BY 2.0

Tokika ondorio ugari ekarri dituen nazioarteko Punk mugimenduak hainbat belaunaldi inarrosi ditu, garai desberdinak markatu ditu eta mugimendu anitzen inspirazio iturri izan da. Euskal Herria ez da fenomeno horretarik libratu. Are hobeki, punkaren iturburuetatik bat izan zen. 1970 eta 1980ko hamarkadetan, euskaldun belaunaldi oso batek punka bizi izan zuen. Hauek izan ziren talde aitzindariak: Kortatu, Zarama, La Polla Records, Vómito Social, RIP, eta ondotik Negu Gorriak, adibidez. Publikoa letra inkonformista eta militanteen inguruan federatu eta musika indartsua sortu zuten.

PIND ikerketa proiektuaren baitan (Punk is not dead. Une histoire de la scène punk en France, 1976-2016), CNRS, Atabal eta Miarritzeko Euskara bulegoaren partaidetzarekin, eta Akitania-Berriko DRAC-aren sostenguarekin, Euskal kultur erakundeak Euskal Herriko punk eszenaren 1976tik gaur egun arteko historiari buruzko ikerketa egun bat ko-antolatuko du aurten. Mugaren bi aldeetako punk mugimenduak aztertuko eta argira emanak izanen dira, eta euskal punkaren berezitasuna eta nortasuna galdezkatuak izanen dira ere.

Gaurko osasun krisia ikusita, hasiera batean maiatzaren 23rako programatuak ziren ikerketa eguna eta ondoko kontzertuak, 2020ko abenduaren 12ra gibelatuak dira. Hala ere, parte hartze deialdi bat abian da gaurdanik (2020ko urriaren 15a arte luzatua dena).

Xehetasunak

Harpidetu doan gure buletinera

Euskal kultur erakundearen berripapera (Hilabetean behin)