Moilan

  • Jon Abril (Bera)
  • 2014-04-29

Ez dago etenik portuan. Lanean ari dira marinelak, itsasontzia moilatik ateratzeko gertu. Garabiek burdin hotsa ateratzen dute etengabe. Kinkili-­kankala. Soinua ez da erritmikoa, lana bera ere ez baita hala. Zirrizti-­zarrazta. Itsasontzien sirena-hotsek joan-etorria dute agerian paratzen. Etenik gabeko eginahala. Kink. Nekea soma daiteke bertako langileen aurpegietan. Apenas dute solaserako tarterik. Minutu gutian hustu behar dute itsasontziko zama, portu berrien bila abiatzeko. Eta minutu gutian, berriz ere bete ametsez, mundu berrietarako esperantzaz. Hori da itsasoaren patua, etengabeko kontainerren olatu-­talka. Zast!

Bitartean, marinelek, atseden ttikia hartuko dute inguruko ostaturen batean. Bakarren batek, bilatuko du konpainia bertze gorputz bat itsatsiz. Itsasoak desitsasitako grinak betetzeko. Aaaahhhh. Gehienek, ordea, whiskya nahiago dute ezpainetan itsatsitako itsas-kresala desitsasteko. Dzanga-­Dzanga.

Moilan lanak bukatu dituztenean, itsasontzia prest da mundu berri bat bilatzeko. Ur artean galtzeko. Musika itsasoan barreiatzeko. Eta orduan, bakarrik orduan, isiltasunean gelditu da portua, marinelik gabe, eta etxerako bidean diren zamalarien zaratarik gabe. Isiltasuna. Hurrengo itsasontzia noiz ailegatuko zain.