Zen-egoeran

  • Josu Delgado (Oiartzun)
  • 2014-05-16

Gimnasio usaina. Hamaikatxo flexio eginda, izerdi-patsetan, arrastaka naramate. Egoeraren gorriaz jabetzen naiz. Izan ere, lehoia zirku ziztrinean nola, neroni ere hala ezabatua izateari diot beldur itzela; begiak itxi, eta irekitzerakoan, ni ez izateari beldurra.

Gizaki-ehiztari bat gainera etorri zait lepotik zintzilikatuz. Arnasestuka, muturrez aurrera erori naiz. Iletik hartu, burdinazko zutabearen kontra jarri eta hankartetik pasa didate katea bular aldea eta besoak inguratuz eta estutuz.

Tronpeta jo dute aurrena, danborra hurrena. Aurrez aurre ditut milicoak, fusilak prest. Buruzagiak tiro egiteko agindu du. Begiak itxi ditut.

Metalezko pertsianak hesten ari dira, alde batekoak eta bestekoak. Sabaiko  estaldura ere bai. Hetsi eta hetsi, morroiloz hetsi ere. Lotu eta giltzapetu egin naute iluntasunean. Begiak, ordea, zabal-zabalik ditut, izuak zabalduta.

Traste pisutsu bat herrestan ekartzen sumatu ditut, zerbait astuna niregana hurbiltzen. Sekulako hozkia emango lidake egiten duen hotsak, oinazeak ez banengo.

Argi indartsu batek zulatu dizkit begiak barreneraino. Legionarioak tropelka etorri zaizkit. Kopetan daramaten argiari esker baino ezin dira elkarrengandik bereizi: besoak nonahi, beso zurten tatuatuak, eta denak garrasika, algara betean. Konturatu orduko, lurrarekin berdindu ditut hortzak berriz ere. Botatzar batek burua zapaldua dit, eta, eztarrian, kateak ito beharrean nauka.

Txakurrak lerdea dariela zaunka ditut belarri zuloan. Begien pare-parean, une batez izan ditudan kapitainaren galoiak ikusita, hau zer gerra klase den galdetu diot neure buruari, ez lubakirik, ez protokolorik. Pentsamendua irakurri izan balit bezala, kapitainak berak erantzuna: ostiko bat bekainean. Odola jarioan, bortxaz eserarazi naute, eta buruko bat janztera behartu. Eta estekatu. Estekatu kopeta, lepoa, eskumuturrak, izterrak. Aulki elektrikoa eta biok bat eginda gaude.

Kiskaliko nauen deskarga noiz jasoko, begiak itxi ditut: behin betiko lotarako jartzea hobe, betor lehenbailehen azken hatsa. Bien bitartean, tonton macouteak hizketan hasi dira, motozerraren soinuak isildu dituen arte. Hotzikara batek lepazurretik hanka azpiraino hartu nau oso-osorik. Sorgortuta nahiago nukeen arren, erne dut gorputza guztiz: aulkiak ni baino, neronek erreko dut aulkia. Neure begi hipertrofiatuok ikusi ez ezik, usaindu, ukitu, dastatu eta entzun ere egiten dutela iruditzen zait.

Mamu-ahotsak aditzen dituzte, berriro, neure begi horiek. Burdin hotsak ondoren. Kakoak, aizturrak, haga goriak, kurrikak, hedeak… oinazekari klasikoak bereizten dituzte begi-belarri harrituok, zur eta lur. Bihotza bera ere gelditu zait: nire zentzumenak naiz.

Idoiaren ahots goxo eta leuna nabarmendu da denetan: hartu arnasa poliki-poliki. Begiak ireki ditut.

―Kotte, esan izan diat, begiak itxi arren, ahalegintzeko loak ez hartzen. Zen-egoera pentsamenduen zurrunbilotik askatzea duk eta baita ametsetatik ere. Gogoratu horixe dela gure ikastaroaren helburua.

Gimnasia gelatik irten eta autoan sartu naiz. Irisarri aldera jo dut etxerako bidean, pentsamenduak eta ametsak, gaizto samarrak, buruan ditudala. Igantziko bidegurutzean, berdez jantzitako gizon armatuek kanpora ateratzeko eta lantegi zahar batean sartzeko agindu didate. Begiak itxi ditut.

Ikus ere: