Hemen zaude: Hasiera Euskal kultura Euskal kulturaren lekuko Aguxtin Alkhat
Aguxtin Alkhat

Aguxtin Alkhat

"Nik uste herri honen arazo sakonena, kulturala dela"

  • Xan Aire - EKE
  • 2015-04-02
  • Hizkuntza: Euskara

Aguxtin Alkhat (1982, Armendaritze, Baxenabarre) berriki argitu euskal kantaria da. Ernest Alkhat bertsolari zenaren semea izanik ere, bere bidea zilatzen dabil, Inhala taldean arizan ondoan. Jadanik bi disko plazaratu ditu, denbora gutiz: Ihes Egin (2013, Usopop) eta Haizearen Meneko (2015, Elkar). Bere sorkuntzak plazaz plaza xuxurlatu nahi lituzke, orain eta hemen.

Aita doi bat ezagutuz, ez zaigu zaila irudikatzea zer ingurunean hazia izan zaren...
Aita eta ama errotik euskaldunak izanki, euskal mundu horretan haziak izan gara, bai! Bertsolaritza eta abertzaletasunaren artean, bereziki. Ikastolan ibiliak gara, nahiz-eta, Armendaritze inguruan, hori ez ohikoa izan, gure garaian. Amikuzeko ikastolara joaten ginen, hiru familien artean moldatuz...

Neke zen, ikastolako ume bakarrenetarikoak izatea?
Bai! Atzerritarren gisa ikusiak ginen... Ez ginen integratuak, eta nik uste ez genuela nahi ere... Giro berezia zen, aldi berean kontserbadorea eta frantseszalea, baita euskaldun fededuna! Nahiz-eta ez diedan kulpa herritarrei bota nahi, guretako ez zen erraza... Enbata zikinak ginen, argi eta garbi. Herriko haur batzuen burasoek ez zuten nahi horiek gurekin josta zaitezen. Aitak ikastolaren afitxa bat ezarri, eta auzoa gibeletik pasatzen zen, kentzeko... Horrelako keinu miserableek girotzen zituzten bazterrak, baina geroztik, auzo horren alaba Oztibarreko ikastolako zuzendari izana da... Orduan, bazitekeen giro, beste etxeetan ere!

Bertsoak ere ukan duke leku, zuen haurtzaroan...
Aita kasik astebururo kantatzera joaten zen, izan txapelketetan ala plazetan. Anitzetan Hegoaldera, gainera. Astelehenetan, usu bagenuen kopa bat sukaldeko mahai gainean pausatua, eta harro joaten ginen ikastolara. Anitz idazten ere zuen, izan bertso ala kantu, beraz giro horretan murgilduak ere izanak gara. Sukaldeko mahai hartan aritzen zen, eta gu, Laboa, Lete, Imanol, Ruperren diskoen entzuten, hitzen ikasten... Gero, beti izanen gara Alkhaten semeak, batez ere artegintzan ibiltzen garenok. Baina horri jartzen da, denborarekin.

Izan ote duzu euskararen mundutik urruntzearen beharra?
Sekula. Bistan da, nerabezaroan tira ahala frantsesez ari nintzen, hain segur ere, baina beti izan dut euskararen beharra. Maitasuna baino haratago doan afera da: euskara gabe, ez naiz deus. Eta nik uste euskarari zerbait itzuli beharrez ere ari naizela kantuz. Ez da arrazoi bakarra, baina inportantea zait. Fite ohartu naiz gudari ttipia nintzela, orduan ene heineko ekarpen bat egitera entseatzen naiz. Behar bada ene azken diskoa dut hor plazaratu, baina bederen, kantu batzuk ekarriak izanen dizkiet euskarari, eta euskal kulturari. Bakoitzak bere hein eta arloan horrela arrazoinatzen badugu, kolektiboki gara aitzinatuko.

Eta euskal kantagintzari, zer ekartzen diozu?
Ez naiz euskal kantagintzarekiko hasi, baizik-eta Ipar Euskal Herriarekiko. Geroz-eta piper eta espartin gehiago ikusten nituen, eta interprete batzuk ederki horretaz baliatzen. Euskaraz kantatzen, euskaraz jakin gabe: ez, memento batetik goiti, ez da posible. Nik uste folklorizazio horri erreakzionatu beharrez ere hasi naizela sortzen. Nahi dut gure kantu xaharrak behar ditugula, baina azken hogeita hamar urteetan, guhaurrek ere dugu sorkuntza baztertu. Xalbadorren heriotzean orroaz kantatzea zikiroetan... Ez, nik aski ukan dut. Etxamendi eta Larralde, Xalbador eta Ihidoi, horiek kontsideratu ditut funtsezko, beste zerbait ekarri izan baitute, sortuz.

Alta, kantu xaharrak eman izan dituzte, horiek ere...
Folklorizazioaren muga non den: betiko galdera da. Ez dut uste arazoa Anne Etchegoyen denik, hark baitu proposamen bat, eta publiko bat. Lehen errudunak gu gara, musika kontsumitzen dugunok. Badelarik norbait berri, edo ezberdin, haren kontzertura joanen ote gara? Ez. Horretan da problema. Eta nik uste Euskal Irratiek ere, arazoa elikatzen dutela, beti kantu berdinak pasatuz. Napoka Iriaren kantuak, entzuten ditugu? Edo Jon Gurrutxagarenak? Behar bada badira kantuak hor, jendeak gogotik bereganatuko lituzkeenak... Autore, konpositore eta interpreteok zintzotasun bat ekartzen dugula uste dut, eta jarraidura kulturala ere garela.

Zuk, sentikortasunetik duzu sortzen...
Bai. Hunkitzen nauten gaiak ditut kantuetan etzaten. Gai ilun eta grabeak dira: norberarengan galdezketak ekartzeko asmoz ere ari naiz.

Zer duzu, mundua aldatu nahi?
Badakit ez dudala mundua aldatuko... Aldarrikapenak ere badira, eta euskaldun fededun kontserbatistei jakinarazi nahi diet ez garela hain zikin, ilun: pausa ditzatela galdera batzuk beren baitan. Ez dut nehoren gorrotorik, eta nik uste ñabardurek eman dezaketela elkar ulertzeko giltza. Hizkuntza eta herriaren gaiak gordeak dira ene kantu guzien gibelean.

Baina sentikortasunetik atera poesia ez ote da, nonbait, mundu hau dagoen bezala jasateko opio bilakatzen?
Nonbait, hala daiteke, kantatzen ditudan gai ilun horiek ez bainaute tristatzen. Iluntasuna argira emanez, behar bada bizitza leunagoa zaidala. Saiatzen naiz urostasuna bizitzen, ez kantatzen. Sortzea, huste bat ere da, enetako, eta melankolia poztasun bat ere izan daiteke, bizitzen laguntzeko. Azken aldietan, Ruper Ordorikak harritzen nau, ikustean gai alaiak nola kantatzen dituen... “Mazustak janez bide alboko sasitik”: arin eta alai, horiek dira gure ingurumeneko baladak, eta, aldi berean, bertze ekarpen bat gure kantagintzari! Gainera, maitasunaren metafora pisuetan erori gabe...

Behar bada tradizioan gordetzen dira zuk hauteman ez dituzun metaforak?
Aitortu behar dut ez dudala gure tradizioa aski ezagutzen. Anaiak ere erran izan dit, hori. Ene mikro-mundua badut euskal kantagintzan. Baina, aldi berean, ari naizen bezala, iduritzen zait ene estiloan nabilala. Ez dut uste konplimendu handiagorik ukan dezakedala, enetik ari naizela baino. Gero, Ezaren guda kantua, Xabier Leteren esaldi batetik tiratua den haria da: “Ezaren gudaz baietza sortuz”, Izarren hautsaken zatia da... Egia da kantuek elkarri oihartzun egitea ere, gauza ederra dela. Delako jarraidura horretan, kantuak ukan dezake garrantzi handia. Nola nahi duzu euskaraz bizi, euskaraz kantatzerik ez baduzu? Ene kantuak, helburu kolektiboa ere badu, funtsean: jendea plazara berriz ekarraraztea.

Plazagizona... aita bezala?
Ez naiz batere plazagizona! Ez dut aitak zuen segurtamena eta gozamena, oholtzaren gainean. Alta, kontzertuen beharra badut, bizirik sentitzeko. Baina kantuen artetik, ez dakit zer erran, eta kontzertua finiturik, ez naiz gustuan egonen publikoaren erdian, kalakan.

Artista gisa, tiranoa zara?
Ez, anitz kasu egiten dut fase kolektiboari: kantuaren gorpuzteari hertsiki lotua da, gainera. Batzuetan, ez da erraza, baina kritiken onartzen ikasten da, eta horrela ere da taldea sendotzen. Batzuetan, dudak ditut zergatik ene izena hartu genuen, ikusiz nola funtzionatzen dugun. Horrez gain, aski harrigarria da, Ipar Euskal Herrian, nolako jarrerak ukan ditzakezun zure burua pixka bat erakutsiz geroz: orain arte kasu egiten ez zidatenek agurtzen naute, eta bertze batzuk, aldiz, hotzak bilakatu dira. Edo entzuten da espanteroa naizela, baita lover bat ere... Hobe horretaz irri egitea!

Zure hitzak nola azaltzen dizkiezu euskaraz ez dakiten taldekideei?
Itzultzen dizkiet! Baina azpimarratu nahi dut AEKn dabiltzala, eta hori ere, zinez pozgarri dela. Euskal taldeetan ibilki dira, giro batean, Hegoaldean gaindi eta abar, eta horrek, euskararen beharra sortu die. Enetako, hori euskal kantagintzaren beste ekarpena ere bada. Negu Gorriaken adibidea hor dugu: talde horrek zenbat jende bultzatu ditu euskara ikastera? Eta gazte euskaldunei, euskara ez galtzera? Anitzei. Zerbaiten huts egiten ari zirela sentiarazi die, harrotasun bikain batez, eta hori, diskoetatik hasiz.

Zuk, bi disko atera dituzu denbora gutiz: zein da bien arteko desberdintasuna?
Lehena da taldearen hastapenaren emaitza. Bigarrenak, nik uste erliebe gehiago duen. Aniztasuna, lehenean aurkitzen ez dena, kontraste gehiagorekin, estilo desberdinak.

Zerbait galdu ote da, disko batetik bertzera?
Ez dut uste... Talde gaztea gara, eta ez dugu anitz gauza galtzeko denborarik ukan ere, hiru urtez. Hobetuz, onduz goaz. Behar bada freskotasunean galdu dukegu zerbait, baina aldi berean, Elkarrek freskotasunaren kalitate hori du aitzinean emana.

Soinu aldetik, garbiagoa da bigarrena...
Bai, gainera Elkarreko soinu-teknikaria, popzalea da! Izan ditugu eztabaidak horren inguruan: nik kontzertuan dugun soinua nahi nuen sentiarazi diskoan... Baina fite ulertu dut hori kasik ezinezkoa zela!

Elkarrekin nola joan da afera?
Biziki sinpleki. Zubikoa gure manager-taldearengana joan dira, erranez gure proiektua interesgarria zitzaiela: lehen erran bezala, gure freskotasuna gustukoa zuten, batez ere Anjel Valdes arduradunak. Gure zintzotasuna ere nabaritu dute, baita tradizioa eta modernitatea nahasteko genituen molde originala. Gure taldearen sendotasuna sentitu ere dute. Ororen buru, kasik dena Elkarrek zuen pagatzen, eta estudio profesionalean grabatzeko aukera genuen. Ene taldekideak Willis Drummonden ari dira, eta ez dute sekula horrelako aukerarik ukan... Ez naizenez profesionala, ez dut auto-promozioa egiteko astirik, eta horrelako baldintzetan eskaintzen dizutelarik disko baten plazaratzea... Ez dakit nork ukatuko zuen! Hala ere, Usopopek ez balu lehen diskoaren desmartxa egin, ez nintzen nihaur mugituko. Elkarrek, berriz, ikusgarritasun gehiago emanen digulakoan gaude...

Ez duzue oraindik halako ondoriorik sentitu, ala?
Ez baitezpada, ez. Diskoa oraintxe atera da, beraz badakit doi bat itxoin behar dela... Baina orain, hori dugunez helburu nagusienetarikoa, espero kontzertu-eskaerak jinen direla, bai. Nik aste guziz eman nahi nituzke: badut adrenalina horren beharra. Kontzertuak du baldintzatzen ene egunerokoa, musika barnetik bizi baitut. Zuzenekoak eskaintzen duen magia hori, ordezkaezina da. Errepiketan ere, memento biziki hunkigarriak iragaiten dira, gu batere beha ez gaudelarik. Baina dardara horiek jendearekin partekatu nahi ditugu. Bestela, proiektua geldituko dela badakit.

Hego Euskal Herria zenukete hunkitu nahi?
Euskal Herri osoa. Bistan dena, Hegoaldean zango bat sartuz geroz, errazagoa dela gero. Baina bitxi da Iparraldean nola gutiesten dugun gure burua. Zilegitasun gehiago emanen diogu Hegoaldeko kantariari. Edo Iparraldeko talde batek, lehenik behar du Hegoaldean arrakasta ukan, gero, itzulian, hemen ere ongi moldatzeko. Willis Drummondi hala gertatu zaio, adibidez. Nonbait, tristea da: iduri du Hegoaldekoen baimena behar dugula zer den ona erabakitzeko. Baxenafartar bat ez da gipuzkoarra baino euskaldun ttipiagoa, nik dakidala! Ez dugu elkar aski ezagutzen, eta nik uste herri honen arazo sakonena, kulturala dela. Alta, musikaren bidez, harreman biziki aberats eta iraunkorren eraikitzeko mentura bada: gure egunerokotasuna inarrosi beharko dugu, arriskuak hartu, parioak egin. Sekulako aukerak ditugu etorkizunean, gaurdanik hasiz.