Marga Berra

Marga Berra

"Hizkuntza aniztasuna, elkartasun eta irekidura seinale zait"

  • Xan Aire - EKE
  • 2017-04-10
  • Hizkuntza: Euskara

Marga Berra Zubieta (1990, Hendaia, Lapurdi) grafista eta artista da. Parisen bizi, Euskal Herrian atxikiz zango bat eta arima. Donostia 2016 egitasmoan gauzatu In Varietate Concordia erakusketa Miarritzeko mediatekara ekarri du, hizkuntzen artean probokatu oihartzunaz kilikatzeko bazterrak eta gogoak.

Hendaia, hizkuntzen eta kulturen bidegurutze... Zer toki zuten zure haurtzaroan?
Ikastolan ibilia naiz, eta Lehen Mailako lehen urtean, Kristiñe Txoperena etorri zen gelara. Frantsesez ez zekien, eta bere gurasoek jakin zuten gure etxean, haienean bezala, bi hizkuntza bazirela: aitarekin euskaraz, eta amarekin frantsesez ari izan gara beti. Truke bat abiatu genuen beraz — ikusiz euskara bermatua genuela etxean, ikastolan, baita gure artean — Kristiñek frantsesa ikasteko, eta nik gazteleraz: oporrak bitan zatitzen genituen, eta plazer handia hartzen nuen hirugarren hizkuntza bat nireganatzen. Baina ez nintzen baitezpada ohartzen nire xantzaz: aberastasun horren garrantzia, zazpi urtetan halako irekidura bat, sendotasun bat, jakinez kolegioan ingelesa ere ikasi genuela. Badakizu gazteetatik mundua ez dela modu bakarrean ikusten.

Alta, aurreiritzi anitz dago oraindik, euskarazko murgiltze ereduarekiko bereziki...
Jendeak aski du ikustea euskaraz idazten eta kontatzen ikasi izanik, ez gaituela horrek trabatzen ikasketak beste hizkuntza batean segitzeko, munduan zehar lan egiteko... Euskarazko murgiltzea, irekidura bat da: ez da eredu elebakarra, imertsioak oreka bat ekartzen baitizu, sendotasun bat emanez euskaraz, nagusiki erdalduna den gizarte batean. Oinarri horretatik, gero badakizu hizkuntzekin jostatzen, eta 18 urtetan, lau hizkuntzekin heltzen ahal zara unibertsitatera.

Aldiz, Txingudi ez da Bilbo... Zerk zaitu artegintzara bideratu?
Gurasoek gaituzte beti ireki arteari: antzerkia, dantza, erakusketak... Maindik, urte bat zaharragoko lehenkusiak, erabakia zuen Cantau lizeora joanen zela Arte Aplikatuak ikastera. Gogoa kilikatu zidan horrek: ikastolak ematen ahal zidana hartua nuen, eta baxo berezi baten beharra nuen, zoritxarrez euskaraz ez zena, eta nire lagunak gabe beharko zuena.

Cantau ez da baitezpada ezaguna artista finak ekoizteagatik...
(Irriak) Egia da hargin eta iturgin gehiago ateratzen dela handik! Alta, segitu dugun baxoak oinarri interesgarria eman digu: izpiritu kritikoa zorrozten, analisia finak egiten, objektuen funtzioak aztertzen... Biziki goizik ikasten duzu ingurumenari begirada berezia ematen, lanarekiko exigentzia. Oinarri sendoa da, hor ere...

Arte ederretara joan zara gero...
Orleansera, bai: baziren eskolak hurbilago, Miarritzen adibidez, baina banuen urrun joatearen beharra. Arteetan segitu nahi nuen, baina ez nekien oraindik zertan zehazki: arte ederrek eskaintzen ahal zidaten zabaltasun hori. Jakinez, Orleansen, espazio eta objektu diseinua ikasten ahal zela: zerbaitek erakartzen ninduen horretan. Han ikasi dut autonomia, proiektuak eramaterakoan, adierazpenean, teknikan. Bigarren urtean, banekien diseinu grafikoei dedikatuko nintzela. Jakinez ondotik, Erasmusen bidez, izanen nuela bidaiatzeko aukera, ikasiz bezala: Estoniara joan nintzen, laugarren urtean.

Zergatik Estonia?
Berez, Istanbulera joan nahi nuen, baina ezin izan zen egin. Penatua nintzen, baina Tallinn hiriarekin partaidetza berri-berria egina zutela jakinarazi zidaten: hango pertsona batek gogoa eman zidan, eta esperientzia izugarria atera da! Ez nuen Italiara joan nahi, adibidez, Frantziarekin halako desberdintasunik ez baita eskoletan. Estonian, aldiz, zerbait zinez diferente bizi izan dut: hilabete bat lehenago han nintzen, estoniera klaseak hartzeko, hizkuntza berezi hartan murgiltzeko; irakasleak biziki gazteak ziren, grafismoari buruzko ikuspegi desberdinarekin. Eta historikoki, iragan pizua bezain hurbila duen zerbait sentitzen duzu: bada zerbait hori barnetik bizitzea. Konfrontazio sakonagoa da.

Hango arte-eskola kultura, Frantziarekiko desberdina da, beraz?
Bai. Ez dakit erasmus ginelako zen edo, baina nahi genituen klaseak hartzen ahal genituen: eszenografia, zeramika hautatu nituen; korala bat badute, eta han kantatu dut... Medio gutirekin ari dira: eszenografian, inprimagailu bakarra genuen, zuri-beltzekoa eta A4 formatukoa. Orleansen, kasik inprimategi bat bagenuen! Baina biziki interesgarria da horrela lan egitea, beste baliabide batzuk bilatu behar dituzulako, batez ere zure baitan eta kolektiboki.

Bizitzari ihardokitzeko egokiagoa, berdin?
Azkenean, eskola gehienen arazoa da: ez zara arteaz bizitzeko formatua. Ez dakizu aurrekontu bat egiten, lan-egun batek zenbat balio duen... Alta, eskola horietatik ateratzean, nonbait, helburua da ikasi duzun hori nahi duzula ofiziotzat. Baina uste dut Estonian ere berdin dela. Dena den, etapa horretan piztu zitzaidan hizkuntzen inguruko lehen proiektua: Déjouer Babel izeneko memoria aurkeztu nuen 2013an. Estonieraz, “aitäh” hitzak, milesker erran nahi du: niretzat sorpresa izan zen, bistan dena! Baina horrekin jostetan hasi nintzen, ondotik elkarrizketa bilakatu zena: hizkuntzen arteko oihartzunak zer eman dezakeen...

Hori duzu In Varietate Concordia erakusketaren oinarria...
Erabat: hor dut finkatzen hizkuntza aniztasunaren garrantzia, hizkuntza bakoitzak mundu bat gordetzen duela, itzulpenaren funtzioa... Orleansera itzulirik, lan egin nuen erasmus ziren ikasle batzuekin: ingeles bat, polones bat, espainol bat, eta aleman bat. Horiekin sakondu nuen elkarrizketa eta oihartzuna, hitzekin lehenik, esaldiekin gero. Hortik afitxak, liburu bat, eta webgune bat deklinatu. Hori nien aurkeztu Donostia 2016koei, jakin nuelarik hizkuntza aniztasuna horien atal bat izanen zela, eta zerbait parte-hartzaile nahi zutela. Azkenean, adostu genuen Donostian mintzo diren hamaika hizkuntza hartzea, jakinez “hamaika” aniztasunaren seinale ere badela euskaraz, eta prozesu potoloagoan murgildu ginen donostiarrekin: deialdiari 30 bat pertsonek erantzun zuen, hamaika atxiki genituen, eta hortik atera poesia karriketara eraman, afitxen bidez. Liburua eta webgunea ere hor daude.

Gurutzatu duzun jendea, kontziente da hizkuntza-aniztasuna arriskuan dela munduan?
Uste dut baietz. Hasteko, izan da zerbait aniztasun hori hemen berean lantzea, ohartzea herri honen baitako ezaugarri bat dela, nahiz-eta pertzepzioak diferenteak izan. Gero, hamaika parte-hartzaileetatik, bederatzik euskaraz zekiten, zuk eta nik bezala: Aurelek hautatu du seme-alabei euskaraz hitz egitea, nahiz-eta bere lehen hizkuntza albaniera izan. Ez dute denek aukera hori egin, baina hizkuntzen errealitateaz jakinean diren pertsonak dira. Eta Donostia 2016koek hori zuten sustatu nahi, funtsean.

Baina noiz aipu da hizkuntza minorizatuei zer toki egiten zaien?
Hori beste proiektu bat da, Donostia 2016en landua izan dena. Nirean, helburu nagusia zen hizkuntza guziak hein berean ematea: grafikoki ere hala ilustratu ditut euskarrietan. Erakutsi nahi izan ere dut, hizkuntza bakoitza lexikoki ere defenditzen zela, aberastasuna aitzinean emanez. Baina, aldi berean, euskaraz “itsaso” erranez, ala “sea” ingelesez, ez dugu itsaso bera konbokatzen: hizkuntza bakoitza, mundu bat da. Woloferaz, “nor” uda gisa itzuli dugu, baina ez da arras hala: sasoi idorra da, guk ezagutzen ez duguna. Sekulako aberastasuna eta poesia ateratzen da hortik, trukaketa bat ere bai: uste dut zubi edo atari interesgarria izan daitekeela hizkuntza gutxituen tokiaren gaiari hurbiltzeko.

Jendeak nola erreakzionatu du?
Harridura eta poztasuna: hori izan da erreakzio bikote nagusia. Horregatik ere In Varietate Concordia.

Ironiaz duzu hizkuntza hil bat (latina) hautatu izenburutzat?
(Irriak) Ez nuen hamaika hizkuntzetatik bat hautatu nahi, eta In Varietate Concordia, Europako lema da: aniztasunean, berdintasuna. Hori da proiektuaren xedea, baina ñabardura batekin: elkartasuna. Urrunago joan gaitezke elkarrekin, baina elkar ezagutuz, entzunez, desberdintasuna onartuz. Aurtengo Korrikak ere hori lantzen du, Batzuk leloarekin: euskaraz bizitzeko molde eta hautu desberdinak daude, baina aniztasun horrek emanen dio euskarari indarra. Eta mundu mailako hizkuntza aniztasuna, elkartasun eta irekidura seinale zait, baita gure mugena: soinu batzuk ez dira izanen hizkuntza guzietan. Elkartu gaitezke, baina hein batetaraino: hein hori ederra da, aberasgarria. Muga hori gainditzen badugu, uniformizazioari buruz goazela uste dut... Globish izeneko ingeles hori, adibidez, biziki pobrea da: globalizazioari lotua da, bere pragmatismoan, bere efikazitatean. Hizkuntzak hilko ditu: ez da hori bidea.

Eta Donostia 2016, bidea da? Kanpotik begiraturik, iduri du alimaleko diru-zama bat izan dela, horretara jauzi egin dugula, eta...
Kritika nagusia hori izan da, bai: ez dituela gauza iraunkorrak bideratu. Aldi berean, ez dakit nire proiektuak tamain hori izanen zuen hortik kanpo, eta Miarritze bezalako segidarik izanen ote zuen gaur egun. Baina ez dukegu denek berdin bizi post Donostia 2016a...

Ez da halako bestondo giro bat, artista eta elkarteentzat: zuen prekaritatera berriz itzultzea ez da gogorregia?
2016 urte bukaera aski bitxia izan da, bai: bukatu da, eta punto. Baina Donostia 2016 fundazioan berean ere giro horretan ziren. Horregatik da garrantzitsua kultur politika lantzeko egitura sendoak izatea lagungarri, EKE-ri esker ere naizelako Miarritzen. Ez nuen nahi Donostian buka zedin dena: ez niregatik, baizik-eta proiektu honek baduelako zer erran han eta hemen.

Artearen eta kulturaren tokia da galdezketatzen hor, ororen buru... Hiriburutza sistema horrekin, ez ote gabiltza instrumentalizazioarekin mugan?
Mugan gabiltza bai, egin-molde horrek ez baitu baimentzen zerbait iraunkor. Proiektuak ekoiztea diruztatzen dute, doi bat horren menpe jartzen zara, baina gero betikora itzultzen: ez da sekulan dirurik kulturarentzat, bere zentzu eta betebeharrik sakonenean. Horregatik ere, nik Donostia 2016 baliatu dut bultzada gisa: ez dut nahi nire egitasmoa izan dadin hizkuntzekiko kontzientzia zuritze zerbait, eta horretan geldi. Mundu mailako gaiaz ari naiz, unibertsala: ez du zentzurik afitxa batzuetan geldi dadin. Ikusi dut jendearen poza, harridura, eta nahiko nuke, hortik abiatuz, urrunago joan gaitezen, batez ere garai berezi hauetan, zeinetan molde arriskutsuan ixten ari garen.

Zure afitxak, kontsumoa ala kultura dira?
Afitxa horiek, inplikazio bat eskatzen dute. Ez da lehen ukaldian barneratzen den zerbait: ez da publizitate bat. Baduzu esaldi bat, bilatu behar duzu zer hizkuntzetan den, zer oihartzun duen inguruko hitzekin, eta zure baitan. Egin izan zaidan kritika bat da: ez dela berehala ulertzen, edo ni gabe, ez zutela eginen. Baina ez nabil berehalako inpaktu horren bila: giltza batzuk eman bai, baina berak ireki dezala atea. Gogoa baldin badu: bada gizarte termometro bat ere, funtsean... Inplikazioari begira, bereziki. Grafista ere bainaiz, ikusten dut nola dena erraztua den, gaur egun. Baina jendea ez da zozoa, badaki pentsatzen, eta arditzat tratatzen ditugu! Eman diezaiogun hupatzeko parada...

Zertarik bizi zara? Proiektu hau, plus bat da?
Grafismoak dit eguneroko jatekoa ematen, baina ez dakit sekula noiz arte, norabide aski lausoak ditut, nahiz-eta kolaborazio biziki interesgarriak ukan. In Varietate Concordia bezalako proiektuak, beste gisa bizi ditut. Oreka bat da, Paris eta Euskal Herriaren artean bizitzea bezala. Bi sareak elikatuz doaz, eta ni ere hala egiten naute.

Elkarrizketa gehiago

Elsa Oliarj-Inès

Elsa Oliarj-Inès

"Trankil zarelarik tradizioekin, sorkuntza sar dezakezu"

Ttitto Aguerre

Ttitto Aguerre

"Zizelkaritza, loturen egitea da"

Zoe Bray

Zoe Bray

"Artea eta antropologia, bizitzeko eta bizitzaz hausnartzeko, tresna osagarriak eta ezinbestekoak dira"

Adur Larrea

Adur Larrea

"Euskal Herrian oso marrazkilari onak badira eta hautua egin dute euskaraz lan egiteko"

Elkarrizketa gehiago