Hemen zaude: Hasiera Euskal kultura Ondarea Ondare inmateriala Alemaniako 1914-1918ko euskal presoen grabaketak

Alemaniako 1914-1918ko euskal presoen grabaketak

1915-1918 artean, Prusiako Komisio fonografikoak Alemaniako preso-esparruetan zeuden presoak grabatu zituen. Horien artean 10 euskal preso. 2014an, 2016an eta 2018an, artxibo hauen kopia numerikoa jaso du Euskal kultur erakundeak Berlingo Etnologia Museoaren eta Humbold Unibertsitatearen eskutik.

Prusiako Komisio fonografikoaren grabatze bat. ©  Lautarchiv - Humboldt-Universität zu Berlin
Prusiako Komisio fonografikoaren grabatze bat. Eskuin, Wilhelm Doegen. © Lautarchiv - Humboldt-Universität zu Berlin

1915 urtea. Thomas Edisonek  1877an asmatu fonografoaren hastapenetan gaude. Lehen aldikoz gerla garai batean, esperimentazio eta ikerketa tresna bilakatuko da.

Prusiako Komisio fonografikoa

Wilhelm Doegen (1877-1967) aleman hizkuntzalaria Berlinen ari da idazketa fonetikoa eskoletako liburuetan erabili ahal izateko, eta soinu grabaketak hizkuntzen irakaskuntzan baliatzen.

1914ko otsailaren 24an, Prusiako kultura Ministeritzari proposatu dio « mundu guziko herrialdeen » ahozko artxibo kolekzio baten sortzea. Horrela sortuko da Komisio fonografikoa 1915ko urriaren 27an.

Carl Stumpf ikerlariaren zuzendaritzapean 40 bat aleman zientzalari aditu bilduak dira, horien artean Georg Schünemann (1884-1945) musikologoa eta Hermann Urtel (1873-1926) erromanista eta euskara hizkuntzan aditua.

Komisioaren helburua hau da : « … Alemaniako preso-esparruetan diren jatorri anitzetako presoak disko soinudunetan grabatu, araberako testuei lotuz. »

175 preso-gune badaude orotara Alemanian. 1915 bukaera eta 1918 bukaera bitartean, komisioko antropologo, hizkuntzalari eta musikologoak 29 preso-eremuetan ibili dira.

Bilketa:

Batzorde fonografikoak bi euskarritan bildu ditu grabazioak :

  • 1022 ezkozko zilindro, 1991az geroztik Berlingo Etnologia Museoan artxibatuak ;
  • 1650 disko gramafoniko, Wilhelm Doegen-en zuzendaritzapean grabatuak, Berlingo Humboldt Unibertsitatean atxikiak.

 Bi erakundeen artean banatuak diren grabaketen batzea gune bakar batean aurrekusia da 2019an, Humboldt Forum deitu kulturgune berrian.

10 euskal presoen ahotsa

1022 ezkozko zilindroetarik 36, euskal kantuez osatuak dira, Georg Schünemann eta Carl Stumpf-ek bilduak. 4 preso grabatuak izan dira : Antoine eta Jean-Baptiste Suhas lapurtarrak, Joseph Jaureguiber et Pierre Ascarateil zuberotarrak.

Hermann Urtelek, hizkuntza erromanikoetaz gain, Ipar Euskal Herriko dialektoak grabatu ditu disko gramafonikoetan euskara ikertu ahal izateko. EKEk 2014an, 2016an eta 2018an Humboldt Unibertsatetik ukan artxiboetan 10 presoen ahotsak entzungai dira:

  • 5 lapurtar: Arrangoitzeko Suhas anaiak, Larresoroko Laurent Issuribehere, Hazparneko Pierre Labadie eta Donibane-Lohizuneko Jean-Baptiste Mendiburu;
  • 2 baxenabartar: Ainhize-Monjoloseko Jean Noël Irigoyen eta Armendaritzeko Pierre Mendiburu;
  • 3 zuberotar: Larraineko Joseph Jaureguiber, Altzaiko Pierre Ascarateil eta Garindaineko Saint-Jean Bidegaray. 

Numerizazioa, Euskal Herriratzea eta balorizazioa

 1992an, Musika herrikoiaren artxibo zaharrenen begiratze programa abiatu zen ezkozko edo argizarizko zilindroak suntsitzetik babesteko. 1999an Unescok « Munduko Memorioa » estatutua ematen zaio.

2012 eta 2015 bitartean, funtsa osoki numerizatua da eta katalogatua.

2014an, Gerla Handiaren mendeurrena urtean, Euskal kultur erakundeak euskal presoen grabaketen kopia numerikoa ukan du Berlingo bi erakundeen ganik.

Ahozko altxorrak, ezohiko interesez gain, izan historia, hizkuntza ala musika ikuspegitik, zigilu berezi batez betirako markatuak dira, gerlaren eta gatibutasunaren egoera latzarena, eta ondorioz « objektu sensible » gisa ekarriak.

Balorapen adibide baten emateko, 2014an, Alemaniako museo eta instituzioen asmoa gauzaturik eta elkarlanean, korearrek argitaratu zituzten korear presoen kantuak testuingurua azaltzen zuen liburuxka batekin.

Bide beretik, elkarlanean erakundeekin eta Berlinen bizi den Lourdes Izagirre antropologo euskaldunaren laguntzarekin, Euskal kultur erakundea artxibo hauen baloratzea eta ikertzea du xede.

2015-2016 ikasurtean, EKEk partaidetza bat burutu zuen Mondragon-Aretxabaletako ikus-entzunezko unibertsitatearekin: Elena Canas eta Ainara Menoyo ikasleek beren Gradu Bukaerako Lanarentzat soinuak eta paperezko dokumentazioa aztertu eta bideo dokumental bat sortu zuten, "Maitia nun zira?", artxibo zatiz osatua eta hogei bat kultura eragileren partehartzearekin. Sorkuntza honi esker, bi ikasleek Eusko Ikaskuntza-Baionako Herriko Etxearen Bideo Dokumental saria ukan zuten 2016ko abenduan.

Euskaraz dagon jatorrizko bertsioa beste 3 bertsioz aberastu dute, azpitituluak frantsesez, ingelesez eta espainolez  jarriz. Ikus Maitia nun zira? dokumentalaren webgunea.

2017an balorapen linguistikoa abiatu da. EKEk proiektua aurkeztu die IKER (UMR 5478) euskara eta euskal testuen ikerketa zentroari eta Euskaltzaindiari. Jasone Salaberria Euskal Ikasketetan den doktoreak Humboldt Unibertsitateko 35 artxiboren transkripzio numerikoak egin ditu (25 narrazio, 2 kantu eta 8 kantu errezitatuak).

2018an EKEren estrategia numerikoaren programaren (2018-2020) baitan, Berlingo euskal grabaketen balorizazio numerikoa eta inbentarioa egina izan da mintzoak.eusIpar Euskal Herriko ahozko memoriaren atarian. Aurkeztua den multimedia txostenean euskal preso bakoitza lehenetsia da biografiarekin, egin dituen grabaketak loturik zaizkiola Jasone Salaberriaren transkripzioekin.

Gehiago jakin: