Hemen zaude: Hasiera Euskal kultura Ondarea Ondare inmateriala Olentzero Olentzero ohiduraren gizarteratzea Ipar Euskal Herrian Mirentxu eta Laurent Apesteguy-ren elkarrizketa

Mirentxu eta Laurent Apesteguy-ren elkarrizketa

Mirentxu eta Laurent Apesteguy Ipar Euskal Herriak 1970 hamarkadan ezagutu duen berritze kulturalean parte hartu dute, bereziki Olentzero ohiduraren baitan. Tradizio hori Arrangoitzeko ikastolari esker deskubritu zuten, haien semeak hor eskolatuak baitziren. Ikastola honek plazaratu zuen lehen aldiz Olentzero 1971n. Geroztik, Laurent etengabe badabil herriz herri, ohidura hedatzen, Biarritzen, Angelun, Senperen, Arbonan.
Biografia
Laurent Apesteguy Arbonan sortua da 1939an, "Alexaria" etxaldean eta anaia bat dauka. Herriko eskola publikoan ibili da 14 urte arte. Lau urte berantago, 1957an, Biarritzeko "Maitena" ekoizpen kimiko enpresan sartu da. Soldadogoa 1959tik 1961ra egin ondoan, berriz lantegi berdinean segitu du ezkondu arte, 1966an. Mirentxu bere anderearekin beren kondu jarri dira (baxera, basoeria eta menaio produktu salmenta handizkaria), gaurregun beren seme batek segitzen duena.
Mirentxu Nafarroa Baztan araneko Amaiur herrian sortua da 1943an, komertsanta familia batean. Herriko eskola publikoan ikasi ondoan, Uztaritzeko San Josep kolegioan jarraitu du bi urtez (1956-1958) frantsesa ikasi beharrez. Hogei urte zituela, 1963an, udako sasoina egin du Donibane Lohizuneko hotel batean, harreragile gisa, beste bi urtez segidan lau hilabeteko sasoina segitu duena.
Laurent-en ezagutza egin du Sarako bestetan (bere amaren sorterria). 1966ko apirilean ezkondu-eta, hiru seme ukan dituzte (1967, 1968, 1969).
Mirentxu eta Laurent Apesteguyk ikastolaren hastapenetan parte hartu dute. Beren bi seme zaharrenak Ipar Euskal Herriko lehen ikastolako ikasle izan dira, Arrangoitzen, 1970ko irailean.
Eragile sutsu hauek parte harte dute Olentzero pertsonaiaren berpizte ekintzetan (Arrangoitzen eta gero auzo herrietan), Arbonako Primadera dantza taldearen sorreran (1973), herriko euskarazko gau eskola hastapenean (1983), Aranzola etxean(1987) eta beste hainbat euskal kultura berritze ekimenetan 1970-1980 hamarkadetan.
Gaurregun aitatxi-amatxi dira. Harro dira beren biloba guztiei euskara transmititu baitiote.