Arantxa Lannes

Zatia

"Euskal dantza garaikideki bizi daiteke"

Arantxa Lannes-en ustetan, euskal dantza garaikideki bizi daiteke. Hori da bere helburua eta Elirale konpainiarena ere.

© Pirinio Atlantikoetako Departamenduko artxiboak - "Eleketa" programa. 2014 - 19AV1397

Gehiago jakin

Biografia

Arantxa Lannes

Arantxa Lannes 1987ko azaroaren 13an sortua da, Baionan. Uztariztarra da, bi haurreko familia batekoa (anaia badu). Sei urteetan, Uztaritzeko Izartxo euskal dantza taldean sartu zen, eta gimnastika kurtsoak hartu zituen, Hazparnen, zazpi urteetarik hamabost urte arte. Ama eskolatik bigarren mailako bukaera arte, euskaraz ikasi zuen, Uztaritzeko Louis Dassance ikastolan, gero Kanboko Xalbador Ikastegian eta azkenik Baionako Bernat Etxepare lizeoan. Letretako baxoa pasatu zuen, Artea hautuzko ikasgai izanik, gero arte plastikoetako lizentzia bat, Bordeleko Michel de Montaigne unibertsitatean (Bordeaux III), eta gero Euskal Kostalde - Aturriko Arte Eskolan prestakuntza urtea egin. Horrek bere geroko lanbidea dantzaren munduan zelako segurtamena sendotu zion. Urte batez hainbat dantza molde, dantza garaikidea barne, ikasten hasi ondoan, Tolosa Okzitaniako James Carlès zentroko artista-dantzari-interprete formakuntzan onartua izan zen. Formakuntza bi urte horiek Tolosa Okzitaniako Darissia dantza zentroan osatu zituen, non, besteak beste, Martha Grahamen teknika eta dantza klasikoa landu baitzituen. Bere formakuntzaren azken urtean, 2012an, Pantxika Telleriaren EliralE konpainian sartu zen, dantzari gisa, bere sorkuntza batzuk jada ezagunak izanik. Lehena “Ainsi Font…” da. Honetan, lehen aldikotz bikotean ari izan zen, Uztaritzeko publikoaren aitzinean, 2011ko Hartzaro Festibalaren karietara. Urte hartan beti, Gomita izeneko bakarkakoa sortu zuen. 2012an, Hartzaro Festibaleko eszenatokira itzuli zen, Izartxo taldeko emazte dantzarientzat pentsatu Buruz Behera ikusgarriko koreografo gisa. Beste sorkuntza batzuk izenpetu zituen, 2013an (Tutak eta Eateren aztarna) eta 2014an (Garaztarrak dantza taldearentzako koreografia zatia). Bestalde, Arantxak dantzaren ezagutarazteko saioak egiten ditu, eskolako publikoari zuzendurik. Pinturan eta kantu lirikoan ere ari da. Harentzat, praktika artistiko gurutzatu horien helburu bakarra haren barne-barneko izaeraren ezagutaraztea da, adierazteko, zabaltzeko eta loratzeko bidea ematen diote.