Betti Bidart eta Marcel Haristoy

Zatiak

Euskal identitateaz eta dantzen jatorriaz kontzientizatzea

1970 hamarkadatik goiti, dantza taldeek oldar bat ezagutu dute egoera soziopolitiko berritzaileari lotua. Dantza, euskal kulturan kokatua, funtsezko erranahi bat hartu du. Honen bidez batzuk nahi izan dute beren euskaldungoa erakutsi. Bestetik, taldeak hobertuz joan arau, ohartu dira dantza gehienetan "halako nahasketa bat egiten zutela", Baigorrin eta Donibane Garazin dantzatzen zen "Otsagabia"ren kasuan bezala, deus ikustekorik ez zuena Otsagabiako dantzekin. Hasi dira orduan dantzen eta urratsen jatorria ikertzen.

Betti Bidart – Marcel Haristoy. "Eleketa" programa. 2012 © Pirinio Atlantikoetako Departamenduko Artxiboak - 19AV134

Musika tresna herrikoien geroa

Musika tresna herrikoiek, txistuak, gaitak, trikiak, zailtasunak badituzte karrikan irauteko. Alta haien egiazko lekua karrikan da eta hori landu behar da. Betti Bidartek erraten digu txistu ikasle frango izan dela, ehunka ikasle pasatu direla Baionako kontserbatoriotik. Non dira orain? Ez du nehork landu txistuaren lekua, nola hobetu, zer egin... Batzuek nahi izan dute txistua goi mailara eraman, arrunt klasikora eta... Txistuaren teknika aldatu da, txistua ere, tresna bezala, aldatu da. Sobera nahi izan da txistua karrikatik erakustokira eraman. Eta karrikako zera galdu du. Gari Mendizabal edo Ansorena bezalako batzuk badira, baina horiek kendu eta, zer eginen da? Ikusgarriak? Txistu kontzertuak? Zaila da. Ez du kentzen musikariek beren plazerrarendako ematen dituztela kontzertuak, orkestrarekin, eta publikoa ere loriatzen dela. Gainera, dena aldatzen ari da. "Denbora loriosak" ezagutu dituzte, bazutelarik 200-300 bat jende inguruan, jende guzia haien gibeletik heldu zen, aski zuten jotzea, eta denak dantzan ari ziren. Baina orain, jendea ez da gehiago musikara joaten. Ekitaldi ofizialetarik kanpo jotzen hasten direlarik, batzuetan pentsatzen dute : "Jendea trabatzen dugu ala zer?". Orduan, bai txistu, bai gaita, bai triki joleentzat, eta istante txarangentzat, hau da galdea : "Gure lekua non da ?" Pentsatu behar da non ari izan, molde desberdin batzuk asmatu... Musika tresna herrikoien egiazko lekua karrikan da eta hori anitz landu behar da.

Betti Bidart - Marcel Haristoy. "Eleketa" programa. 2012 © Pirinio Atlantikoetako Departamenduko Artxiboak - 19A126

Lehen txistulariak Ipar Euskal Herrian

Segundo Olaetak eta hegoaldeko errefuxiatuek eragin nabarmena izan dute Iparraldean, izan dantzan ala musika mailan. Iheslarien eraginez Olaeta dantza taldea sortu zen (ondotik Oldarra eta Etorki), zeintan dantza eta txistua erakatsiak ziren. Michel Labeguerie kanboarra izan da Iparraldeko lehen txistularia, Jean Hillau baigorriarrarekin besteak beste talde hortan formatuak izan direnak. Garai hartan, txistua zen kasik musika tresna bakarra erabilia zena.

Betti Bidart, Marcel Haristoy. "Eleketa" programa. 2012 © Pirinio Atlantikoetako Departamenduko Artxiboak - 19AV130

Ramuntxo orkestra eta jauziak

Ramuntxo Orkestrari esker, dantza jauziak iraun dute Baxe Nabarre osoan 1950. hamarkadatik goiti, hogeita hamar urtez bederen. Musika talde hau biziki ona zen, lehengo jotzeko manera atxikia zuena. Diskoak ere plazaratu zituzten. Haien lanak bidea ideki die ondoko belaunaldietako musikariei.

Betti Bidart, Marcel Haristoy. "Eleketa" programa. 2012 © Pirinio Atlantikoetako Departamenduko Artxiboak - 19AV112

Arrola taldeak, jauziak eta Baxe Nabarreko errepertorioa bereganatu ditu

1972ko toberen arraskastaren ondotik, Arrola, Baigorriko dantza taldea, Baxenabartar errepertorioa berriz bereganatzen hasi da. Ordu arteko emanaldietan, Euskal Herri osoko dantzak ematen zituzten eta bertako errepertorioak leku ttikia zuen. 1973an, Baxenabartar errepertorioarekin hasi dira Hegoaldera joaten (Nafarrora bereziki) eta harremanak garatu dituzte hango dantza taldeekin eta gaiteroekin.

Betti Bidart - Marcel Haristoy. "Eleketa" programa. 2012 © Pirinio Atlantikoetako Departamenduko Artxiboak - 19AV146

Gehiago jakin

Biografia

Betti Bidart eta Marcel Haristoy

Marcel Haristoy 1960ko hamarkadaren hondarrean Arrolan sartu zen belaunaldikoa da, Jamattit Bidart "Kuxkurriok" dantza taldea berriz piztea deliberatu zuelarik (talde bat izan zen, jada, 1942tik 1946 arte). 1950ean sorturik, Marcel mutikoen eskola librean (Bil Etxea) hasi zen dantza ikasten, 1960tik goiti, Jean Nespriasekin. Jean Nespriasek seroren eskolan ziren neskei ere dantza irakasten zien. Marcel oroitzen da Baigorriko dantza eskola zertxobait lehenago hasi zela (zaharrenek Marcel berak baino bost urte gehiago zituzten). Jean Nespriasen ikasle guziek eskolaren bestaren karietara dantzatzen zuten, herriko kermezan eta agorrilaren 15ean. Talde hori noizbehinka baizik ez baitzen ari, 1966tik goiti Jean Nespriasen Orok Bat taldean dantzatzea galdegin zioten Marceli, eta gero Garaztarrak taldean (Oxarango apeza). 1969an, Garaztarrak taldean ari ziren beste hamar bat baigorriarrekin, deliberatu zuten Jamattitt Bidartek berriki berriz piztu zuen Arrola taldean sartzea. Han erregularki dantzatu zuen, 1980ko hamarkadaren hastapena arte (1977an ezkondu zen), eta gero artetan, gaur egun arte. Haren bi alabak ere Arrolan dantzan ari dira.

Betti Bidart, 1954an sorturik, 7 urteetan hasi zen txistua ikasten, berak baino hamar bat urte gehiago zituen eta Jean Nespriasen ikaslea zen baigorriar gazte batekin (Peio Curutcharry). Jean Nesprias irakaskuntza horren osatzera hilabetean behin edo bi aldiz jiten zen. 1967tik goiti, Mattin Zubieta izan zuen irakasle. Honek solfeoa ere doi bat irakatsi zion. 1970etik goiti, Baionako Musika Kontserbatorioko txistu klasean sartu zen, Iñaki Urtizberea irakasle zuela. Betti Garaztarrak taldean ari izan zen, musikari gisa (1967tik 1969 arte) eta gero Arrolan sartu zen. Gaur egun oraino han ari da. 1972an, Goi Nafarroako adiskide batzuekin, gaita jotzen ikasi zuen eta tresna hori Ipar Euskal Herrian sartu zutenetarik izan zen. Txistulari eta gaitero izanez, Betti Bidartek anitz ateraldi eta biratan parte hartu du, hainbat talderekin (Garaztarrak, Oldarra, Etorki...). Haren bi haurrak Arrolako kide dira gaur egun, semea musikari gisa, alaba dantzari gisa.

Bi lekukotasunak osagarri dira. Marcel Haristoyk dantza eta bere erroak maite dituen herriko dantzari bat aipatzen du, Betti Bidart musikariak alde historikoagoa eta orokorragoa ekartzen du, artista gisa (txistulari eta gaitero) izan duen ibilbidea denbora hartako testuinguru sozial, kultural eta politikoan sartuz. Bien kasuan, dantza eta musika maite izatea eta transmititzea gako hitzak dira.