Graxiana Castillon

Zatiak

Eskiulako dantzatzeko manera

Graxiana Castillon-ek, herrien arteko dantzatzeko manera ezberdinak aipatzen ditu (Urdiñarbe, Eskiula). Eskiulatarra izanki, bere herrian pausuak nola interpretatzen diren azaltzen du. Horrez gain, bere kasuan, transmisioa familiako eremuan egiten da ere, bere aitatxik dantza erakusten baitio.

Graxiana Castillon. "Eleketa" programa. 2013 © Pirinio Atlantikoetako Departamenduko Artxiboak - 19AV1306

Emazteak dantzan, Eskiulan

Emazteek dute dantza salbatu, Xiberoan. Graxiana Castillonek pentsatzen du dantzan ez baldin bada gehiago gizonik, haiengatik dela, haiek dutela utzi. Orain, Eskiulan, dantza ikusia da emazteen gauza bat bezala. Gizonak errugbian ari dira edo hola. Gero, adinarekin, berriz jiten dira, ez baitute dantzarik ikasi eta ikusten baitute inportantea dela. Bestalde, mundua aitzina doa ere bai. Emazteek beren lekua egin dute jendartean eta egin dutenez, atxiki behar dute. G. Castillon-i ez zaio iduri gizonek dantza gehiago egin behar dutela eta ederrago dela. Bakoitxak berea. Emazteak grazia ekartzen du eta gizonak indarra. Emazteak perfekzionistagoak ere dira. Gainera, emazteak ez balira hor izan, orain plazetan dantzarik ez litzateke izanen. Denak elkarrekin ari izan behar dira, ez da erraten ahal mutikoek lekua behar dutela eta ez emazteek. Emazteek dute dantza aitzinarazi. Lehenago ere, emazteek parte hartu ahal izan balute, mutikoekin batean dantzatuko zuketen, baina ez zieten uzten.

Graxiana Castillon. "Eleketa" programa. 2013 © Pirinio Atlantikoetako Departamenduko Artxiboak - 19AV1308

Gehiago jakin

Biografia

Graxiana Castillon

Graxiana Castillon 1994ko apirilaren 11n sortua da, Eskiulan. Belaunaldi berrikoa da, ttipi-ttipitik Xiberoko ohitura kulturalean hazia. Lehen mailan, herriko eskola publikoan ibili zen, gero Oloroeko kolegioan eta Sohütako lizeoan, baina etxean euskara, bere ama-hizkuntza, mintzatzen du. Ondotik, Euskal Ikasketak segitu zituen, Baionako fakultatean. Graxiana dantzak eta kantuak inguraturik handitu zen. Haren burasoak Lagünak taldeko kide dira. Jean Castillon haren aitatxiren eragina handia da eta Graxianarentzat balio handiko erreferentzia da. Ttipi-ttipia zelarik, dantza irakatsi zion, bai eta Joanes Lerdou eta Ximun Castillon bere osabek ere. Sei urteetan, bere herriko Eskiularra elkarteko dantza eta kantu eskolan sartu zen.

Gaur egun, 19 urte izanik, artoski segitzen du oraino. Gazte-gaztea zen oraino, haurren maskaradan Buhamesa rola antzeztu zuelarik. Gero, ondoko ikusgarrietan parte hartu zuen:

- 2007an, Catherine Arçanuthurryk sortu Dinbili Danbala ikusgarrian;
- 2012an, Oroitzapenak izeneko xiberotar dantza eta kantu sorkuntzan, bai eta maskaradan;
- 2013an, Ederlezi pastoralean.

Graxiana, ohiko dantzari azkarki loturik ere, bere barneko izaera libroki adierazten duen kantaria ere da.