Hélène Legarto

Zatiak

Don Segundo Olaeta eta Begiraleak taldea

Hélène Legartok ikasi zuen dantzatzen Begiraleak taldean lehenik Don Segundo Olaetarekin. Felix Ospital zen dantzarien buruzagia. Ez zen luzaz aritu Olaetarekin, hau Biarritzerat joan baitzen. Baziren hegoaldeko dantzariak, Juantxo Sistiaga eta Juantxo Martiarena, gerla zibilaren denboran hona etorriak, haiekin dantzan aritu zirenak. Gero, Philippe Oyhamburu izan zuten irakasle. Gainera, otto Felix hor zuten zaintzaile. Plazerrekin joaten ziren dantzatzera.

Hélène Legarto. "Eleketa" programa. 2012 © Pirinio Atlantikoetako Departamenduko Artxiboak - 19AV693

Itsasu Latsako bestetan, adinekoek mutxikoak eman zituzten (1955)

Hélène Legarto oroitzen da Itsasuko Latsa auzoko bestetaz, 1955an. Lehenagoko xaharrek bazekiten mezatik landa mutxikoak ematen. Denak dantzan ari ziren. Otto bat bazuen, 1912an Ameriketara joana, lehen aldikotz herrira itzuli zena. Ikusi zituen denak dantzan ari. Begira egon zen eta dantzariei behatuz, urratsak heldu zitzaizkion gogora. Gero, barnean sartu zen eta dantzan hasi zen, 47 urteren buruan!

Hélène Legarto. "Eleketa" programa. 2012 © Pirinio Atlantikoetako Departamenduko Artxiboak - 19AV696

Gehiago jakin

Biografia

Hélène Legarto

Hélène Jaureguiberry, ezkontza izenaz, Legarto, 1925eko irailaren 25ean sortua da, Xantakoenia etxaldean (Xantako auzoaldean). Mattin eta Marie-Jeanne Jaureguiberryren alaba da. Etxetiarrak ziren eta familia Telleria etxaldera joan zen, Hélènek 4 urte zituelarik. Sei anai-arrebetarik zaharrena da. Bost urteetan, Saint-Joseph eskolan sartu zen, eguneko eskolan (eskolak barnetegi bat ere bazuen). Eskola horri "pobreen eskola" ere erraten zitzaion, ikasle gehienak laborari seme-alabak baitziren. Hamabi urteetan, zertifikata eskuraturik, bere aitak galdegin zion etxaldean laguntzen hastea, eskola utziz. Gogoz kontra onartu zuen (nahiago izanen zuen ikasten segitu errientsa bilakatzeko). Donibane Lohizuneko hiri erdian esne eta barazki saltzen ari izan zen, nagusiki. Jean Legartorekin ezkondu zen (Armendariztarra sortzez, Etxeparekoa). Bikoteak bi alaba ukan zituen, eta erretreta hartu arte, ostatu-soto bat atxiki zuten, Fargeot auzoaldean.

Hélènek aktiboki parte hartu du Donibane Lohizuneko bizi soziokulturalean. 13 urteetan Begiraleak dantza taldean sarturik, han biziki parte hartu zuen, eta zaletasun handi hori bere haurrei eta ilobasoei helarazi die.