Gaia(k):

Ihitz Iriart

Ihitz Iriart

Zatia

Emazteak Xiberoko maskaradetan

Emazteek tokia hartu dute edo gizonek libre utzi zuten espazioan sartu dira? Belaunaldi berrian murgildua izanez, beti ezagutu ditu emazteak dantzan. Ihitz Iriart-endako, emazteen lekua maskaradetan normal da, beti hola ezagutu baitu. Ez da sekula problema bat izan. Emazteek dutenetz lekua hartu... Izan da garai bat non, 12-15 urteren arteko mutikoak beste aktibitate zenbaitez interesatuagoak baitziren eta dantza uztekotan baitziren. Pixka bat atxiki zituzten, baina joatekotan ziren. Emazteak hor ziren eta, beraz, garrantzia gehiago hartu zuten. Gauza berdina gertatu da maskaradan ere. Haren ustez naturalki egin da. Maskaradak ez du gehiago lehengo helburua. Lehen, mutikoak baizik ez ziren ari eta maskaradako mutikoek herriko neskak dantzan sarrarazten zituzten. Xarma edo indar erakuste zerbait zen. Hori, berak ez dut batere ezagutu. Ezagutu ez duenez, ez daki nola kanbiatu den. Beharrik hor izan direla, dio Ihitz-ek, dantzari kopurua atxikitzeko. Segur ere lekua hartu dute baina gizonek ere utzi dute, gisa batez. Haren ustez biak juntatzen dira.

Ihitz Iriart. "Eleketa" programa. 2013 © Pirinio Atlantikoetako Departamenduko Artxiboak - 19AV1246

Gehiago jakin

Gehiago jakin

Ihitz Iriart, 1987ko martxoaren 6an sortua, Xiberoko aloztarra da. Bost urtez zaharragoa den ahizpa badu. Aita Larrainekoa du, ama Pagolakoa. Familiak asteburuak Larrainen iragaten ditu. Han dute Ihitzek eta bere ahizpak dantza eta kantua ikasi, Errege Txopitak elkarteko Katti eta Robert Larrandaburuk irakatsirik. Bost urteetan hasirik, 18 urte arte, elkarte hortan dantzan ari izan zen. Euskaraz ikasi zuen, Onizegaineko ikastolan, gero Maulekoan, Kanboko Xalbador Ikastegian eta azkenik Baionako Bernat Etxepare lizeoan. Ihitzek kinesiterapia formakuntza bat segitu zuen, Belgikako Charleroi hirian, lau urtez. Hango kulturaren aberastasuna ezagutu zuen. Gaur egun, Ezpeletan lan egiten du. Gazte-gazterik, Ihitzek, Larraineko dantza eskolarekin, Dantzari Ttiki biltzarrean parte hartu zuen, bai eta lekuko bestetan ere. Hamar urteetan, Kükülleroren rola antzeztu zuen, Larraineko maskaradan. Esperientzia aberasgarri horrek oroitzapen biziki onak utzi zizkion. 2012an, Bedezia izan zen (sendagile), Xiberoko ikastoletako lehengo ikasleek antolatu maskaradan. Natural da emazte gazteak ikustea maskaradan parte hartzen, nahiz eta lehen debekatua zitzaien.

Bestalde, gazteek beste aktibitate anitzek erakarririk (kirola, etab.), dantza ohiturak bazter utzi dituzte. Ihitzek Xiberoko pastoraletan ere parte hartzen du:

- Atharratze jauregian, Atharratzen 1997an, Aingürü gisa;
- Belagileen Trajeria, Aloze-Ziboze-Onizegainen, 2009an,
- Ederlezi, 2013an.

Azken honek genero horri buruz gehiago ikasteko gogoa eman zion. Dokumentazioa bildu zuen, bereziki Baionako Euskal Museoan. Lehengo pastoralen estilo sinplea, eszenografiaren eta jantzien soiltasuna preziatzen ditu.

Ihitz Iriartek kantari formazioa ere badu. Haur Kantu Txapelketan parte hartu zuen eta, Ama sorkuntzaren ondotik, sei emazte gaztek osatzen duten Amaren Alabak taldean sartu zen. Bere ikasketen karietara, kantu lirikoak posturologian duen eragina ikertu zuen.

Gaur egun, Ihitzek Mauleko Kalaka abesbatza zuzentzen du.