Juan-Antonio Urbeltz

Zatiak

Juan-Antonio Urbeltz: Euskal Herriko dantzen bilketa

Urbeltz-ek 25 urte zituen Donostiako ARGIA dantza taldean hasi zelarik, 1965ean. Garai hartan, dantza asko desagertuak ziren. "Basamortu bat zen", konpania edo baleta pare bat ez ezik.1936ko gerla zibilaren ondorioak ziren: "Guda krudela horretan, gu euskaldunak galdu ginen... Mutil eta gizon asko hil ziren, Nafarroan adibidez 50 000". Gerla hastean, dantzak utzi ziren, ondotik errekuperatu ez zirenak. Indarrak eman ziren bakea lortzeko, ez zen umorerik dantzan eta kantuz aritzeko. "Orduan, hasi ginen herriz herri dantza zaharrak biltzen". Herriz herri dantza herrikoien bilaketa abiatzean, Urbeltz-en ideia zen, Euskal Herriko kulturan eta bihotzean, Nafarroako dantzak jartzea. Herri anitzetan ibili zen "Ingurutxoak" bilatzen, lehenik Leitzan, Marian (María Ángeles Arregi) bere emaztearen ama leitzarra baitzen eta 18 urterekin dantzatu baitzuen. Iturengo soka-dantza ikasi zuten, borda batean bildurik. Halaber, Nafarroa guztian. Programa berezi bat muntatu zuen Urbeltz-ek ARGIA dantza taldearekin: "Nafarroako dantzak" ikuskizuna, Gaiarre antzokian Iruñen estreinatu zena. Juan Antonio eta Marian Urbeltz ibili ziren Baxenabarreko dantzak ikasten, Uharte-Garaziko Faustin Bentaberry-rekin (1939-1945ko gerla aitzin, oso famatua zagon Faustin Bentaberry klarinete-joilearen ilobarekin hain zuzen). Urbeltzek material zaharra berreskuratzeko asmoa zeukan, hunen arima bereganatzeko eta... "Aire zahar huntan bi bertset berri" emaiteko!

© Euskal kultur erakundea - 2010

Sormenaren mugak

"Material zaharrekin dantza berriak sortzeko, bi gauza jakin behar genituen. Alde batetik, gure "laukia", gure kultura da, herriko kultura. Duela 50-60 urte, atzera begiratzea tendentzia izan da: topikoak errepikatzen ziren. Gure kulturari begiratu behar diogu. Bigarren "laukia", Europarena da. Euskal Herria oso zaharra da eta Europan kokatzen da. Ez da posible "lauki" hortarik ateratzea. Sormena egitean, kontuz ibiltzen gira. Gure Herriarekin eta gizarteari buruz, erresponsabilitate bat badaukagu. Hemendik aurrera, egin dugun lana finkatu behar dugu. Azken 40 urteetan, gauza asko jarri dira martxan. Egin ditugun programazioetan, 500 doinu desberdin zerrendatzen dira, jantzi pilla bat, dantza berriak material zaharretik hartuta,... milaka gauza. Honetatik, talde guztiek eta jendeak "jan" dute, baina orai "digestioa" egin behar!"

© Euskal kultur erakundea - 2010

Gehiago jakin

Biografia

Juan-Antonio Urbeltz

Juan Antonio Urbeltz (Iruñea, 1940) euskal dantza tradizionalaren ikertzaile eta sustatzaile garrantzitsuenetako bat da.

Koreografo, antropologo eta folkloristak Euskal Herriko ohiko dantzen bilketa abiatu zuen 1960. hamarkadan, ondare hori berreskuratzeko, biziarazteko eta berritzeko asmoz. Tradizioaren iturri zaharretara jo, ongi ezagutu, transmititu bide berriak eraikiz, hauxe izan da Juan Antonio Urbeltzen lan ardatz nagusia 1960. hamarkadaz geroz.

Donostiako Argia dantza taldeko kideekin, hasi zen herriz herri, Euskal Herriko zazpi probintziak zeharkatuz, tokiko dantzen ikasten eta biltzen. Bildutako altxor horietako berreskuratze lan nabarmena "Axuri Beltza" Jaurrietako nesken dantza (1969) izan zen.

Dantzen sinbolismoa eta ohiduren interpretazioa ikertu ditu. Hainbat liburu ere idatzi ditu.

Gaur egun, donostiar ospetsuak segitzen du ikusgarriak sortzen, Argia dantza taldearen zuzendaritzan. 2004az geroz, Dantzaren Nazioarteko Kontseiluko kide da.