Mattin Zubieta

Zatia

Mutxikoak Itsasun

Mattin Zubietak oroitzapen ona atxikia du, Itsasun, meza ondotik, txistuarekin mutxikoak emaiten zituenean. Adinekoek zaletasun handiz ari ziren. Gizonezkoak ziren, ez da oroit emazteak ikusirik. Aldiz Kanbon, ez zuten adinekoak dantzatzen meza ondotik plazan.

Mattin Zubieta. "Eleketa" programa. 2012 © Pirinio Atlantikoetako Departamenduko Artxiboak - 19AV358

Gehiago jakin

Biografia

Mattin Zubieta

Mattin Zubieta 1925eko uztailaren 21ean sortua da, Kanboko "Osasuna" etxean, zazpi haurreko familia batean. Haren burasoek Arnagan lan egiten zuten, Edmond Rostanden zerbitzuan, aita baratzezain gisa eta ama sukaldari gisa. Mattinek eskola pribatuan ikasi zuen, gero eskola publikoan, eta zertifikata 1938an erdietsi. Beretter izan zen, katiximan eta patronaian ibili zen. Aktibitate anitzetan ari izan zen, hala nola antzerkigintzan, fanfarrean (pifanoa jotzen zuen) bai eta dantzan. Jose Mari Ruizek, 1936ko errefuxiatu semeak, patronaiako mutikoei euskal dantza irakatsi zien. Neskek ere beren irakaslea bazuten. Hola, 1938 inguruan, hogei bat dantzariko dantza taldea sortu zen. 1939-1945eko gerlaren ondotik doi bat lokartu zen. Mattinek, talde horretan, txistua jo zuen, dantzatu baino gehiago. Paul Sallaberry bikarioak zion txistua eskuetan ezarri, 1940 inguruan, ontsa baliatuko zuela pentsaturik (berak zuen ere pifanoa jotzera sustatu). Mattinek beharria bazuen eta berak bakarrik anitz ikasi zuen. Zenbait urte berantago, solfeoa eta klarinetea ikasi zituen, herriko musika taldean sartu zelarik, bai eta akordeoi eta gaita zerbait.

Ipar Euskal Herriko talde andana bat lagundu zuen, musikari gisa (Jeikadi, Batz Alai, Oldarra, Izartxo, Itsasuarrak, Ezpela, Garaztarrak). Gehienik segitu zuen taldea Oldarra izan zen (1950-1989). Han, aldi berean musikari, kantari eta batzuetan dantzari izan zen. Mattinek Filipe Oyhambururekin ikasi zuen kantuz, hori ere anitz gustatzen baitzitzaion. Horri esker, koru zuzendari izan zen, Garaztarrak (1963-1970), Pottorroak (1971-1977), eta Medikuak (1997-2007) koruetan, bai eta koru sortzaile, hala nola Kanboko Arraga koruan (1991), Landesetan eta San Frantziskon.

Mattin ezkondua da, haur baten aita eta bizian hainbat lanbide izan ditu (segalari, ihizizain, auto saltzaile, etab.).