Mixel Etchecopar

Zatiak

Jeannot Larrondo eta Erramun Tartachu dantza maisuak

Mixel Etchecopar-ek Jeannot Larrondo eta Erramun Tartachu dantza maisuen arteko ezberdintasuna aipatzen du (biak erakasle ziren Urdiñarben). Nahiz ezberdinak izan, haien ikusmoldeak eta metodoak osagarriak ziren: Larrondo, armadako kapitain ohia izanki, elita baten formakuntzaren alde zen, goi mailako dantza baten alde. Erramun Tartachuk aldiz denak hartzen zituen, bateratzailea zen eta funtzio sozial azkar bat bazuen. Ez zekien nehori "ez" erraiten. Mixel Gotaineko beste lagun batzuekin Urdiñarbera joaiten ziren Erramun Tartachuren dantza klaseak segitzeko. Pausuak gogoz ikasten zituzten kantuaren bidez. Usu bereizten diren dantza eta kantuaren arteko harremana naturala aipatzen du.

Mixel Etchecopar. "Eleketa" programa. 2013 © Pirinio Atlantikoetako Departamenduko Artxiboak - 19AV935, 937

"Tradizioa ez da dakiguna baizik, baina girena"

Tradizioak pizu bat badu, handiegia, ondare hil bezala, lehenagokoek emana. Mixelek Etchecopar-ek dio, orai bide bat dela, asmatu beharrekoa. Espazio pollitak sortu dira euskaldun idekia bezala bizitzeko, baina tradizioaren pizu hori itogarri zaio Mixeli, batez ere Xiberuan. Hebentik eta Xiru festibalari esker, oxigenoa hartzen du besteen ganik. Mixelek banan-banan Xiru festibalaren eta Hebentik kolektiboaren sorkuntzak hartu ditu, zehaztuz hauen inspirazio iturria: Mustraka (1999), Oierkoren Trajeria (2006), Euskal Amerikan artzain (2009), Ederlezi (2013). 2005ean, Pilotar(h)itza ikusgarrian ez du historia euskal dantzari uztartu baina pilotaren jokoa eta bertsularitza. Azpimarratu dauku ideien plazaratzeko talde lanaren garrantzia

© Pirinio Atlantikoetako Departamenduko artxiboak - "Eleketa" programa. 2013 - 19AV945-947

Gehiago jakin

Biografia

Mixel Etchecopar

Michel Etchecopar 1963an sortua da, Gotaine-Irabarneko Agerregarai etxaldean. Familiako bost haurretarik gazteena da. Eskola publikoan, Mauleko espartin lantegietan lan egitera jin etorkin portugesen haurrak ezagutu zituen. Nortasun desberdintasunen esperientzia horrek barneko izaera aldatu zion. Aldi berean, gazte-gazterik, ingurumeneko naturarekin, Xiberoko eüskararekin bai eta dantzarekin eta musikarekin (txülüla) izan zuen harreman sakonak ere eragin handia du.

Nahiz eta haren aita beti txistuka ari izan eta ama beti kantuz, Michel ez da dantzari familia batekoa.

Haren errientak, berantago haren aitaginarreba izanen zenak, Xiberoko dantza eta kantua irakatsi zizkion. Kolegioko denboraren hastapenean, Urdiñarbeko Erramun Tartachu haren dantza-maisu izan zen, eta denbora berean (1975-1976) txülüla edo xirula ikasten hasi zen, Mauleko Jean Copenek irakatsirik. 1977an, Michel Etchecopar Urdiñarbeko maskaradan ari izan zen, Pette bere anaiarekin, eta geroztik, musikari gisa, maskarada gehienetan parte hartu zuen. Lehen aldikotz, Gotaine-Irabarneko pastoralean parte hartu zuen, 1973an, jokalari gisa (Aingeruaren rola, 10 urte baitzituen), eta ondokoetan, xirulari eta gero koru zuzendari gisa (1993tik goiti).

1990ean, Michel Etchecopar Gotaine-Irabarneko Xiru festibalaren abiarazleetarik izan zen, 1994an, Abotia kultur elkartearen sortzaileetarik, eta 2004an, Hebentik artista kolektiboaren sustatzaileetarik.

Gaurko egunean, xiberotar dantza eta kantu ohitura berrien eta aspaldikoen bilaketan sutsuki ari da. Abiarazi dituen sorkuntza guziek hori erakusten dute. Irakaskuntzaren bidez (bereziki kantua eta xirula), ondare immaterial horren transmisioari ere leku handia ematen dio.